Palestina. Bake prozesua eta desobedientzia zibila (II)

«Herria ez da PAN; gehiago nahi du»

Ezkerreko herri mugimenduek errezeloz begiratzen diete Palestinako Aginte Nazionalaren eta Israelen arteko negoziazioei; ekintza sustatu ordez herritarrak desmobilizatzea egozten diete.

Ahmed Abuhaniyeh DFLPko  kide ohia eta Herri Batzordeetako kide den Mahmud laguna. LANDER ARBELAITZ / ARGIA.
Samara Velte.
Beit Sahour
2014ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Ekialde Hurbilean, nazioarteak baino ez ditu ikusten bi estatu. PAE Palestina Askatzeko Erakundearen eta Israelgo Gobernuaren arteko hamaikagarren negoziazio saioa amaitzear da. Saeb Erekat PAEko presidentea eta Tzipi Livni Israelgo negoziazio burua joan den astean bildu ziren azkenengoz John Kerry AEBetako Estatu idazkariarekin. Hura ari da bitartekari lanak egiten; badu nahikoa eragin bi aldeak behin eta berriz negoziazio mahaira ekartzeko, baina, oraingoz, ez dute lortu gai nagusien gaineko akordiorik.

Gatazka konpontzeko, bi estatu independente eratzeko proposamena daukate mahai gainean. Kerryren planen arabera, Israel eta Palestina elkarren ondoan biziko lirateke, 1967ko muga aintzat hartuta, hura baita nazioarteak Israeli aitortzen diona. Nori galdetzen zaion, ordea, desberdina da irudia: Israelek nahiago luke eraikitzen ari den harresia balitz muga, koloniak ere bere lurretan sartuta; PAE, berriz, ez dago prest Zisjordaniako lur emankorrenei uko egiteko. Armadaren presentziaren eta Jerusalemen inguruan ere ikuspegi aski kontrajarriak dituzte. Horrez gain, elkarri jarritako hainbat baldintzatan trabatuta daude bi aldeak —besteak beste, Israelek estatu judua aitortzeko eskatzen die palestinarrei—, eta badira oraingoz aipatu ere egin ez dituzten funtsezko auzi batzuk; esate baterako, zer gertatuko den okupazioan kanporatutako errefuxiatuekin.

Orain arte, briden tenkatze eta askatze etengabea izan dira bake negoziazioak. Israelek 1993 baino lehen atxilotutako 104 preso askatzea onartu du, baina, aldi berean, okupazio politikei eutsi die. Erekatek berak onartu berri duenez, Kerryk gidatutako elkarrizketak hasi zirenetik 219 etxebizitza suntsitu eta 10.000 kolonia eraikitzeko agindua eman du Israelek.

Paisaia horretan, PAEren adarra den PAN Palestinako Aginte Nazionala joko bikoitzean dago sartuta: alde batetik, Israelekin negoziatzen ari da; bestetik, palestinarren arteko batasunaren aldeko diskurtsoa darabil. Hamas eta Al-Fatah, bi alderdi nagusiak, 2007an etsaitu ziren, eta ordutik amildegi politiko eta sozial batek banatzen ditu Gaza eta Zisjordania: lehena, blokeo egoeran itota dago; bigarrena, Tel Avivera begira.

«Jendea nazkatuta dago banaketaz», dio Karam Ali Ramallaheko zinegile gazteak: «Lehen, Hamasekin, gutxienez erresistentzia bat zegoen, ezker mutur baten antzeko zerbait». Palestinar askok Jasser Arafat PAEko burua zenarekin alderatzen dute Mahmud Abbas egungo PANeko presidentea; erresistentzia apaldu nahi izatea eta Israeli men egitea leporatzen diote kritikoek, azken urteotan lortutako statu quo-a mantentze aldera. Al-Fatahek bere sistema instituzional paraleloa sortu du Zisjordaniatik kudeatzen duen eremuan. «PANen politikak okupazioaren parte dira», azaldu du Alik: «Dirua jaso, eta palestinarrentzako bakarrik diren errepideak egiten dituzte; bereizkeria areagotzen dute. Gaza blokeatuta dagoenez, hemen ondo dauden irudipena eman nahi dute, Zisjordaniako herritarrak burbuila batean mantenduz; baina, aldi berean, koloniak eraikitzen jarraitzen dute, eta, beraz, ez gaude ondo».

Ezkerreko alternatiba

Okupazioarekiko pasibotasuna eta alderdiari egozten dizkioten ustelkeria kasuak garesti irten zitzaizkion Fatahi azken hauteskundeetan. Hala ere, azken zazpi urteotako indar banaketari eusten diote Gazan eta Zisjordanian. Ezkerrari zirrikitu gutxi geratzen zaizkio. Historikoki, DFLP Palestinaren Askapenerako Fronte Demokratikoak indar handia izan du erresistentzia garai gorenetan —batez ere, Lehen Intifadan—, baina Ahmed Abuhaniyeh alderdiko kide izandakoak aitortu du kostatzen ari zaiola gaur egun bi indar hegemonikoen arteko espazioa topatzea. Egoerak ere ez du askorik laguntzen: DFLP erakunde terrorista izendatu dute Israelek, AEBek eta Europako Batasunak.

«Fatahek eta Hamasek ez dituzte herritarren beharrak betetzen», azaldu du Abuhaniyehk: «Bake prozesua 1993an hasi zen, eta hamabost urteren buruan Palestinako estatua izango genuela esaten zuten. Dagoeneko hogei urte igaro dira, eta ez dugu ezer lortu. Hogei urte, koloniei, Jerusalemi eta bakoitzak kontrola dezakeen eremuari buruz eztabaidatzen! Haiek [PANek] lurralde okupatuez soilik arduratu nahi dute, baina, finean, ez daukate inolako kontrolik».

Herri mugimenduek mesfidantzaz begiratzen diete negoziazioei; ekintza politikoa sustatu baino gehiago desmobilizatu egiten dutela uste dute. «PANen propagandak dio badutela planteamendu bat, eta bitartean ezer ez egiteko agintzen digute, baina hori ez doa inora», dio Mahmud izeneko ekintzaileak. Herri Batzordeetako kidea da: Lehen Intifadaren oinarrian zeuden egiturak berreraikitzea dute xede. Desobedientzia zibilera jotzen dute palestinarren arteko zatiketak gainditzeko; besteak beste, astero Israelgo okupazioaren aurkako manifestazioetara deituz eta palestinarrentzat debekatutako eremuak okupatuz. Mahmuden arabera, herritarrak aktibatzeko modu bat izan daiteke, eta, gainera, borroka armatua baino eraginkorragoa: «Hainbat eratako jendeak egin dezakeen zerbait da. Borroka armatuan, Israel lehoi bat da, oso ondo prestatuta dagoelako indarkeria erabiltzeko. Baina desobedientzia zibilean, puxika bihurtzen da; ez daki zer egin».

Abuhaniyehen ustez, lehenengo bi intifadak egoera politiko jasanezin baten ondorioz lehertutako erantzun orokorra izan ziren: lehena (1987), okupazioaren aurka; eta bigarrena (2000), Osloko akordioen aurka. «Inork ez zituen antolatu; lehertzeko arrazoi bat bakarrik behar zuten. Giroa behar da horretarako, jendeak senti dezala». Bi ekintzaileak ados daude: orain, proboka liteke Hirugarren Intifada. «PANek erresistentzia kontrolatu bat nahi du, baina, hau abiatzen denean, ezin izango da gelditu», azaldu du Mahmudek. «Badakigu haiek israeldarrekiko akordioetara lotuta daudela, baina gu ez. Herria ez da PAN, eta gehiago nahi du».

Israelekiko negoziazioetatik ezer gutxi espero dute. «Ados jarri behar dugu, baina ezin gara mahaian eseri inolako indarrik gabe, beste aldean daukaguna superpotentzia bat izanda; eta, gainera, haren aldeko jarrera daukan bitartekari batekin», dio Mahmudek. Haren lagunarentzat, estatu bakarreko irtenbide batek baino ez ditu konponduko oinarrizko auziak: «Ez dut ekonomiaz edo autonomiaz eztabaidatu nahi israeldarrekin. Haietako batekin hitz egitekotan, nire eskubideengan sinesten duen bat izatea nahi dut: onartzen duena nire herrialdea okupatu zuela, eta palestinarrak bota egin zituela. Harekin elkartu nahi dut, eta erabaki nola konponduko dugun arazo hau, eta ez beste 20 edo 30 urtean eztabaidatzen jarraitu ea eskubide horiek badauzkadan edo ez».

ASTEARTEAN: Giza eskubideak Palestinan: presoak eta errefuxiatuak (III).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.