Egipto. Emakumeen ebaketa genitala

Ablazioaren zauri irekiak

Legez kontrakoa bada ere, Egiptoko emakumeen %91ri genitalak erauzi egiten dizkiote. Praktika hori geratzeko lanean ari direnek argi esan dute arazo publiko gisara hartu behar dela. Belaunaldi gazteetan jaitsiera txikia sumatzen da.

Ane irazabal
Kairo
2014ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Omnia Adelek 11 urte zituen ablazioa egin ziotenean. Eskola egun arrunt baten ondotik, amak auzoko emaginari deitu zion, eta, sukaldeko mahaiaren gainean, klitoria moztu zioten. Omniari inork ez zion ezer azaldu, ez aurretik ezta ondoren ere. Baina ondo gogoratzen ditu amari orduan entzundako hitzak: «Emakume heldu bat bihurtzeko beharrezko pasabidea da».

Gaur Omniak 23 urte ditu, eta genitalak ebakitzearen aurkako borroka berea egin du. «Arazo zahar bezain larria da. Emakume egiptoar gehienok pisu handiegia daramagu gainean», esan du.

Datuek arrazoia ematen diote. Egiptoko Zentro Demografikoak 2008an egindako azken ikerketa ofizialaren arabera, 15-49 urte bitarteko emakumeen %91k pairatzen dute ablazioa. Datu horiek duela sei urtekoak badira ere, adituek fidagarritzat hartzen dituzte.

Randa Fakhr Eldin ginekologoak Genitalen Ebakitzearen Aurkako Egiptoko Koalizioa gidatzen du. 67 GKE Gobernuz Kanpoko Erakundez osatutako talde honek hirietako aldirietan eta landa eremuetan biltzen du esfortzu guztia. «Ablazio kopuruak gora egiten du gurasoen hezkuntza maila baxua denean», gogoratu du Eldinek. Koalizioaren lehen helburua herritarrak kontzientziatzea da: «Guretzat, ezinbestekoa da prebentzio lana. Hori dela eta, 6-10 urte bitarteko neskatoekin eta haien familiekin lan egiten dugu».

Adituen iritziz, ablazioaren atzean arrazoi bakarra dago: emakumearen sexualitatea kontrolatzea. Hala, ebakitzearen aurkako borrokan aurreritziak apurtzea da pausorik korapilatsuena. Eldinen arabera, mito faltsuz beteriko gai bat da: «Familia askok uste du higiene arazoak saihesteko edo umeak errazago erditzeko lagungarri dela. Hala ere, iritzia azkar aldatzen dute ondorioei buruz hitz egiten diegunean». Gernuko infekzioak, haurrak izateko arazoak eta sexu harreman mingarriak dira ebakitzeak utzitako arrasto fisiko ohikoenak. Orban psikologikoak antzematea zailagoa da, ordea. Antsietatea, ezintasuna eta atsekabea erruz agertzen zaizkie ebaketa pairatu duten emakumeei.

NBE Nazio Batuen Erakundeak hiru ablazio mota daudela adierazi du. Lehenengo kasuan, klitoria mozten da. Bigarrenean, berriz, baginako ezpain txikiak ere kentzen dira. Eta hirugarrenean, beste guztiaz gain, ezpain handiak moztu eta bagina josi egiten da, pixa egiteko zulo txiki bat utziz. Ablazio mota hori pairatu duten emakumeei ezkontza gauean irekitzen diete jositakoa. Egipton bigarren kasua da ohikoena, baina hegoaldeko landa eremuetan hirugarrena ere egiten da.

Genitalen ebakitzearen inguruko mito ezagunenak dio «emakumeen arteko» kontu bat dela. Eldinen aburuz, «ablazioa lehen hilekoaren aurretik egiten denez amak hala erabakita, aitak zeresanik ez duela pentsatu ohi dugu». Errealitatea bestelakoa da, ordea. Kasu gehienetan familiako emakumeen ekimenez egiten bada ere, presio sozialak eragin handia du. Egiptoko Estatistika Zentroak eskainitako datuak biziki argigarriak dira: gizonezkoen %65ek ez du ezkondu nahi genitalak erauzita ez dauzkan emakume batekin. Hala, mozketa egina ez dutenek estigmatizazioa sufritzeko arriskua dute.

«Debekua ez da nahikoa»

Egipton legez kontrakoa da ablazioa, baina onarpen zabala dauka gizon eta emakumeen artean. Eldiren aburuz, «egun ere gizartearen zati handi batek sinisten du genitalak erauzteak kastitatea, birjintasuna eta jokabide zuzena berresten dituela».

2008an, Hosni Mubaraken erregimenaren azken arnasaldian, Egiptoko Parlamentuak Haurtzaroa Babesteko Legea onartu zuen. Araudi berrian, legez kanpokotzat jo zen ablazioa, eta praktika hori kriminalizatzeko neurriak ezarri ziren Zigor Kodean. Ekinbide hori bultzatu zuten erakundeek Mubaraken emaztearen babesa jaso zuten, eta orduz geroztiz, Suzanen legea deitzen diote Egipton. «Egiaz, guk egindako lana sinatu zuen, baina ez zen neurria aurrera ateratzeaz arduratu», argitu du Eldinek.

Araudiak dioenari jarraiki, genitalak ebakitzen dituzten medikuei lizentzia kendu eta hiru urteko kartzela zigorra ezar dakieke. Halere, legeria eta errealitatea ez datoz bat. «Ablazioaren ondorioz neskatoa hiltzen bada bakarrik zigortzen da medikua, eta ez beti», irizten dio ginekologoak. Egiptoko Gobernuak esandakoaren arabera, azken urtean hiru neskato hil dira ebakuntzaren osteko konplikazioen ondorioz, baina kasu batean bakarrik eraman dute medikua epailearen aurrera.

Anbiguotasun hori bat dator datuekin. Unicefek 2013an egindako ikerketa batek dio Egipton genitalak erauzteaz arduratzen diren %77 medikuak direla. «Debekatuta dago ospitale publiko zein pribatuetan egitea, baina medikuak neskatoen etxera joan ohi dira. Horrek infekzio kopurua handitu du», dio Eldinek. Bestalde, ablazioen %23 emaginek egiten dituzte oraindik.

Datuak eskuan izanda, argi dago klandestinitatean egindako genitalen ebakitzeak ez direla gutxi. «Debekua ez da nahikoa. Agintariek ez dute arazoari aurre egiteko egiazko borondaterik», azaldu du Eldinek. Dena den, politika zehatzak ezartzea zaila da iraultzaren osteko ezegonkortasunak ekarri duen nahasmenarengatik. Hiru urtean lau gobernu izan ditu Egiptok, eta politikariengan sinistea gero eta zailagoa dela uste du Eldinek: «Anaia Musulmanak boterera iritsi zirenean, ablazioaren gaineko diskurtso bikoitza erabili zuten: ofizialki kontra zeuden, baina kide askok babestu egin zuten. Era berean, militarrak gobernuan daudenetik ez dugu ikusi egoerak hobera egin duenik».

Erlijiotik kanpo

Genitalen erauzketak sustrai kulturalak baditu ere, zaila da esangura erlijiosotik askatzea. Ablazioaren aldeko ahots askok xaria edo lege islamiarra jotzen dute praktika hori justifikatzeko. Mahoma profetaren esanak jasotzen dituen hadith edo kontakizun batek gizonen zirkuntzisioaz hitz egiten du, eta hainbat pentsalari musulmanek arrazoitu dute emakumeen ablazioa ere barnean hartzen duela. «Zirkuntzisioa eta genitalen ebakitzea gauza bera direla diote, eta ez dute onartzen emakumeen kasuan gorputzaren funtsezko atal bat, klitoria, kentzen dela», azaldu du Eldinek. Terminologiak ere atentzioa ematen du. Genitalen ebakitzeak eta zirkuntzisioak izen bera daukate: Tahara edo garbiketa.

Nolanahi ere, aditu egiptoarrek ziurtzat jotzen dute milaka urteko ohitura bat dela ablazioarena. «Faraoien aurreko garaitik datorren praktika bat da, eta Afrika erdialdeko hainbat tribuk ekarri zuten. Erlijioarekin ez du zerikusirik, izan ere, ez da ohikoa Ekialde Hurbileko herrialde gehienetan», nabarmendu du Mohamed Magdy psikiatra eta historialariak.

Egipton, baina, ablazioa berdin gertatzen da emakume musulmanen eta kristauen artean. Kairo iparraldeko Ain Shams aldiri pobrean milaka familia kristau bizi dira. Egipto hegoaldeko nekazari guneetatik etorritakoak dira gehienak.

Genitalen ebakitzeari buruzko datuak biziki kezkagarriak dira auzo honetan. «40 urtetik gorako emakume guztiok, musulman eta kristauok, egina dugu ablazioa», adierazi du bertan bizi den Rita izeneko irakasle batek.

Ain Shamsen bihotzean, ohitura honen aurkako talde berri bat sortu dute bost emakumek. Rita da horietako bat: «Auzoko emakumeengan eragin zuzena izan nahi dugu. Genitalak erauztea ez da amaren eta alabaren arteko kontu pribatu bat, gizarte honetako gaitz nagusia baizik». Ritaren ustez, baliabiderik ez duten auzoetan beharrezkoa da neska-mutikoekin eta familiekin oinarritik lan egitea. «Gure esperientzia pertsonalean oinarrituz, ablazioaren ondorio fisiko eta psikologikoak azaltzen dizkiegu gurasoei. Funtsean, zera da transmititu nahi dugun ideia: desio sexuala burmuinean dagoela, ez sexu organo batean», irizten dio.

Belaunaldi talka

Ablazioaren gaineko datuak biziki kezkagarriak diren arren, aurrera begira esperantzarako tartea ikusten dela uste dute adituek. Gobernuz kanpoko erakundeek eskainitako azken datuen arabera, ebakitze kopurua jaitsi egin da 10-14 urte bitarteko nesken artean. Ehuneko orokorra %91 bada ere, 15 urtetik beherako neskatoen artean %74 da. «Egiteko asko dago, baina ziur gaude komunitateetan oinarritik egindako lanak eragina izan duela», adierazi du Eldinek.

Datu horiek belaunaldi arteko talka islatzen dute. Omnia da aldaketa horren adibide garbi bat; izan ere, hari ablazioa egin zioten arren, bere hiru ahizpa gazteek ez dute pairatu: «Amarekin hitz egin nuen, eta, informazio guztia eskaini ostean, beste alabei ez egitea erabaki zuen». Amak ere aurreko belaunaldiarekin apurtu behar izan zuen horretarako. «Amona sutan jarri zen, eta kosta egin zitzaion erabakia errespetatzea», azaldu du.

Nolanahi ere, Omnia harago doa, eta irizten dio sexualitateari buruzko berrirakurketa bat hasi dela emakume egiptoarren artean: «Egungo neskek informazio gehiago dute, eta badakite ablazioak ezkondu osteko bizitza sexualean eragina duela». Omnia, esaterako, datorren udan ezkonduko da, eta gaiak asko arduratzen du: «Harreman sexualetan mina sentitu edo plazerik ez izatea normala zela uste genuen. Baina poliki-poliki tabuak hausten ari gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.