«Balorazioa oso positiboa da»

San Miguel ligak Bartzelonan izan duen esperientziaz pozik azaldu da Iñaki Mikeo, Traineru Kluben Elkarteko kudeatzailea. Oso nota ona jarri dio, eta arraunarentzat ona izan dela erabat sinetsita dago.

Urdaibaiko arraunlariak, arraunak altxatuta, Bartzelonan bandera bereganatu berritan. AITOR MANTEROLA.
Aitor Manterola Garate.
Oiartzun
2013ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Egun batzuk Bartzelonan lanean igaro eta gero,TKE Traineru Kluben Elkarteko bulegoan da, berriz ere, Iñaki Mikeo TKEko kudeatzailea. «Nekatuta nago, lan handia egin behar izan dugulako denok», aitortu du solasean hasi orduko. Baina nekeak merezi izan duelakoan dago, arraun munduarentzat ona izango dela ziur baitago. Berriz bueltatzeko aukera badagoela onartu du, baina kluben esku utzi du erabaki hori.

Bartzelona: balorazioa

«Zer garen erakutsi nahi nuen, eta ateak ireki ditugu»

«Balorazioa oso positiboa da. Hango estropadako oihartzuna ez da amaitu oraindik, eta ziurrenik denboraldi osoan izango dugu hizpide. Kirol aldetik, gustura geratu direla uste dut klubak, beldur eta kezka dezente zelako, aurreko esperientziak ikusita. Mediatikoki oihartzun handia izan du, eta ez hemen bakarrik, han ere bai; alde horretatik ere oso gustura gaude. Babesleek ere bete dituzte helburuak, eta ate bat ireki dugu. Ikusi dute hau ez dela foklorea, kirola eta lehiaketa dela. Seriotasuna ikusi dute antolakuntzan, lehian ere bai, eta esango nuke ez zutela espero ikusi dutena ikustea. Nik horixe nahi nuen, erakustea zertarako gai garen; datozen urteetarako errazagoa izango da ateak irekitzea».

Estropadaren inguruan

«Hamar itsasontzi jarri genituen eremua zaintzeko»

«Esaten ari zarete Urdaibaik irabazi zuela kanpoko ontziren batek ateratako olatua baliatu zuelako. Horretaraino ez naiz iristen. Hemengo eremuetan ere sortzen dituzte olatuak kanpoko ontziek. Han zailagoa zen kontrolatzea, baina nahiko ondo egin dugula uste dut. Antolakuntzatik, eremuaren bueltan hamar itsason- tzi jarri genituen kanpoko on- tziek eremuan eraginik izan ez zezaten. Ahal dugun dena egin dugu. Olatu bat etorri zela? Zer egin behar dugu hori ez gertatzeko? Ez dut uste horregatik irabazi zuenik Urdaibaik. Hasieratik izan zen bere txandakoen eta beste txandako guztien aurretik. Mesede egin ziola olatu horrek? Ez naiz horretan sartuko. Kirolaren arlo hori ez dut hainbeste menderatzen, nire eginkizuna antolaketa da, eta hor dena eman genuen. Klubek badakite hori».

Etekina norentzat?

«Denok irabazi dugu estropada honekin»

«Bartzelonan hasi edo beste leku batean hasi ez da gauza bera. Hori erakusten du prentsan igandekoak izan duen oihartzunak. Hemengo hedabide talde batek esan dit Kontxako Banderari baino leku gehiago eman diotela beraiek Bartzelonakoari estropada hau egingo zela jakin zenetik. Prentsan duen oihartzunaren aldetik, lehiaketak asko irabazi du, etekin handia eman dio. Klubek zer etekin aterako dioten? Berdin zaie estropada Bartzelonan, Sanseixon (Galizia), Pasaian edo Zumaian jokatzen den; azken batean, beren helburua puntuak pilatzea da, lehiaketa delako. Nahi dutena da eremu ahalik eta onenetan jartzea estropadak, baldintza egokietan lehiatu ahal izateko. Traineru Kluben Elkarteari etekin handia eman dio Bartzelonakoak: presentzia, sustapena, babesleek atera dioten etekina... Babesleak ezinbestekoak ditugu honekin aurrera segitzeko; babesleak bermatzeko ere oso garrantzitsua da. Klubek ez dakit zehazki zer atera duten, baina Zumaiari, adibidez, badakit hotelak-eta babesle batek ordaindu dizkiola. Orduan, uste dut klub bakoitzak egin beharko duela balorazioa eman dion etekinaren inguruan. Hasiera besterik ez da izan hau, eta klubek nahi badute bide beretik segitu, segituko dugu. Baina ez bazaie gustatu, beraiek erabakiko dute TKEko ba- tzarretan zer erabaki hartu, segitu edo ez. Hala ere, ilusioz ikusi ditut handik bueltan. Badakit arraunlariek 11 hilabetez egiten dutela lan lehiaketa prestatzeko, eta inguruan lehiatzeko prestatzen direla. Baina Bartzelonakoak ilusio berezia sorrarazi die, eta jende askok ikusi du arrauna eta arraunlariak zer diren. Mundu honetan gabiltzan denoi eman digu zerbait ona Bartzelonakoak. Uste dut denok irabazi dugula».

Bidaia luzearen zama

«Onartzen dut ahalegin handia dela arraunlarientzat»

«Klubek ez badute joan nahi beraien esku dago erabakitzea. Arraunlariak profesionalak ez direla badakit, eta onartzen dut ahalegina handia dela. Baina lehen, Galiziara bitan joaten ginen urtero; eta orain, behin; beste bidaia hura Bartzelonakoarekin ordezkatu dugu aurten, eta egun batekoa izan da, gainera, ez bikoa, Galiziakoak bezala. Hotelak oso onak eman dizkiegu klubei, eta TKEk dirua eman die klubei gastuetarako; gainera, batzuek dirua atera dute. Entrenatzaileei ez zaiela gustatu orain hasi eta hamabost egunez liga geratzea? Niregatik balitz, hurrengo asteburuan egingo genuen Bartzelonakoa, baina ezinezkoa zen, Sant Joan jaiak direlako han. Ez ziguten baimenik ematen. Guk klubei proposatu genien Bartzelonakoa, eta onartu egin zuten! Etxean geratzen bagara, babesleak ez zaizkigu etorriko, ez da telebista etorriko. Zer nahi dugu, kirola bakarrik, ala kirola eta ikuskizuna? Kirola bakarrik egin nahi badut, etxean geratuko naiz, eta inor ez dut izango telebistatik begira. Ikuskizunera jotzen badugu, badakit eskakizun maila oso handia dela arraunlariarentzat, eta ez dute kirol-ikuskizun batzuetako kirolariek bezala irabazten dirua. Baina triatloia eta maratoia egiten duenaren eskakizun maila eta sakrifizioa ere handia da, eta ez da inon ateratzen, ordaindu egin behar izaten du probetan parte hartzeko... Klubek eskatzen diete arraunlariei kirolari profesionalen pare zaintzeko eta entrenatzeko, eta ahalegin horrek ez du merezi horrelako irteera bat, kanpoan arrauna erakustea? Azken batean, klubek nahi duten lehiaketa eredua da. Esaten badidate klubek ez dutela horrela antolatu nahi, ez dituztela hainbeste baliabide tekniko nahi estropada bakoitzeko, esan eta kito. Nik berdin irabazten dut hilaren bukaeran, Bartzelonara joan edo ez. Ni tematu nintzen estropada honekin, eta arriskatu egin dut, gaizki atera izan bazen, etxera bidaliko ninduketelako elkarteko klubek».

Hango ikusleen presentzia

«Harrera handiagoa espero nuen hango ikusleengandik»

«Periodico de Catalunya egunkariak larunbatean azaleko argazki handia eman zion estropadari, eta horrek ez dauka preziorik. Moto txapelketa eta Europako musika jaialdi erraldoiena ere baziren asteburuan, baina argazkia arraunari eman zion. Hemendik jende asko joan da. Hangoen partetik harrera gehixeago espero nuela? Bai, baina hangoek ez zekiten zertara gindoazen ere. Komunikabideetan izan duen oihartzunarekin, harritu egin dira».

Hurrengo urtean berriz?

«Ez dago ezer sinatuta, baina aukera dago bueltatzeko»

«Eramango nuke kontratu bat han bertan sinatzeko, eta beroaldian sinatu egingo zuten denek. Denbora gehiagorekin antolatu beharko genuke, apirilean onartu zelako batzarrean, eta denbora gutxi izan dugulako dena antolatzeko. Ia-ia miraria izan da hain tarte txikian dena lotzea. Hurrengo urterako ez dago ezer sinatuta, baina aukera handia dago bueltatzeko. Babesleek-eta esan dute berriz ere hara joateko, baina lehendabizi kluben iritzia entzun behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.