'Ametsen antzokian' aktore

Ivan Campo donostiarrak sarritan jokatu zuen Old Trafforden, Ingalaterrako Ligan, Bolton Wanderers taldean aritu zen sei denboraldietan. Han jokatutako partidez dituen oroitzapenak kontatu dizkio BERRIAri.

Julen Etxeberria.
Donostia
2012ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Zelaira irten, eta belarra zapaltzen duzunean jada konturatzen zara ez dela izango beste partida bat gehiago. Old Traffordek badu berezia egiten duen zerbait, deitu historia, deitu giroa. Edozein futbolarik sinatuko luke bere kirol ibilbidean gutxienez han behin jokatzea». Ez da Old Trafforden egunero egiten diren dozenaka bisita gidatuetako turista baten kontaketa. Ivan Camporena da kontaketa (Donostia, 1974), Ametsen Antzokian gertatzen denaren lekuko zuzena izan den norbaitena baizik. Behin baino gehiagotan izan da, gainera, Bolton Wanderers taldearekin Ingalaterrako Ligan aritu zen sei denboraldietan urtero egin baitzuen bisita Manchester Uniteden estadiora, tenplura.

Ivan Campok, hala ere, ez zuen zain egon behar izan Ingalaterrako Ligara joateko Old Traffordeko zelaia lehen aldiz zapaltzeko. 2000ko apirilean, Boltonera iritsi baino bi urte eta erdi lehenago jokatu zuen Manchester Uniteden estadioan. Real Madrilen ari zen —bigarren sasoia zuen—, eta Espainiako taldea Txapeldunen Ligako finalerdietara pasatzeko lehian ari zen. Final-laurdenetako joaneko partidan, Madrilen, hutsean berdindu zuten Real Madrilek eta Manchester Unitedek. Ingelesak sinetsita zeuden euren zaleen babesean Real Madril kanporatuko zutela. Baina Ametsen antzokiaAmesgaiztoen antzoki bilakatu zen. 52. minutuan jadanik 0-3 zen aurretik Real Madril. Suspertu egin zen Alex Fergusonen taldea. Berandu. 2-3 nagusitu zen Real Madril, etxekoen zoritxarrerako, Ivan Camporen zorionerako. «Keanek bere atean sartutako gola, Raulek sartutako biak, Redondok bere buruari orpoz egindako pase ikusgarria... jokaldi asko datozkit burura, denak gogoangarriak. Garaipen bikaina izan zen, eta indarberritu egin gintuen. Partida horrek zerikusi handia izan zuen gero titulua irabazteko», aitortu dio BERRIAri.

Old Traffordera egindako lehen bisita oroitzapen bikainekoa izan bazen, bigarrena ere ez zen makala izan. 2002ko irailaren 11 zen. Egun horretan jokatu zuen lehen neurketa Ivan Campok Ingalaterrako Ligan, Real Madrilen tokirik gabe geratu, Boltonera utzita iritsi eta 11 egun pasata. «Argi dago tokirik aproposena aukeratu nuela debuta egiteko», aitortu du barrez. Debut horrek, gainera, badu bitxikeriatik zerbait, hiruzpalau minutuz soilik egon baitzen zelaian. «0-1 ari ginen irabazten, eta entrenatzaileak [Sam Allardycek] emaitzari eusteko zelairatu ninduen 89. minutuan. Gogoan dut Henrik Pedersen aurrelari danimarkarra ordezkatu nuela. Debut laburra izan zen, baina nahikoa zelaitik bertatik Boltonen garaipen historiko batez gozatzeko. Non eta Old Trafford mitikoan, non eta derbi kutsuko partidan [Manchesterretik hogei kilometro eskasera dago Bolton]. Ezin nuen eskatu gehiago».

Horraino Manchester Uniteden zelaian jokatutako partiden kirol oroitzapen onak, hurrengo urteetan han jokatutako neurketa guztietan burumakur itzuli behar izan baitzuen etxera Ivan Campok: bost partida eta bost porrot, eta gehienak astindua jasota —hirutan izan zen zelaian jokalari donostiarra—. Ez du uste lotsatzeko ezer denik. Are gehiago, Old Traffordera joaten direnek «bereganatu beharreko zerbait» dela dio. «Manchester Unitedek talde bikaina izan du beti, eta etxean, bere zaleen aurrean hark irabaztea da normalena».

Emaitzez harago, Old Trafforden jokatzea «luxua» dela azpimarratu du Ivan Campok. «Luxurik gabeko luxua», zehaztu du berehala. Eta hori azaltzeko, xehetasun bat eman du. «Old Trafforden lehen aldiz jokatzen duenak ziurrenik ezustekoa hartuko du bisitarien aldagelara sartzen denean. Oso-oso arrunta da, txukuna, baina oso-oso arrunta».

Ingalaterrako maila nagusian egin zituen sei denboraldietan donostiarrak jokalari bikain mordoa ikusi zituen pasatzen Manchester Unitedetik. «Ferdinand, Neville anaiak, Beckham, Butt, Scholes, Giggs, Keane, Veron, Solskjaer, Van Nistelrooy... horiek zeuden ni iritsi nintzenean. Urtebete geroago heldu zen Cristiano Ronaldo, eta hurrengo urtean Rooney». Hain zuzen ere, portugaldarraren debutaren lekuko izan zen Ivan Campo, Old Trafforden, 2003-2004ko denboraldiko estreinako partidan. Ondo gogoratzen du Cristiano Ronaldok zelaian egin zuen ordu erdi eskasean zer-nolako astindua eman zion Manchester Uniteden jokoari.

Ferguson 'Jainkoa'

Baina Cristiano Ronaldo jada ez dago Manchester Uniteden, eztaIvan Campok gertutik zaindu zituen hainbat jokalari ere. Ferdinandek, Scholesek eta Giggsek, ordea, bai jarraitzen dute, besteak beste. Boltoneko jokalari ohiak laudorioak baino ez ditu bi erdilarientzat. «Ikurrak dira, eta eredu. Harrigarria da 37 eta 38 urterekin nola jokatzen duten. Ez dute galdu hastapenetan zuten grinaren izpi bat ere».

Aulkia da urteen joan-etorrian aldaketetatik salbu dagoen toki bakarra. Maizter bera du 1986tik: Ferguson. Ivan Campok berehala bota ditu Manchester Unitedeko entrenatzaile eskoziarra deskribatzeko bi hitz: «Jainkoa da». Argi eta garbi. Adierazpen biribilagorik ezin. «Ikusgarria da Old Trafforden jokatzen diren partidetan zaleek nolako harrera egiten dioten. Bozgorailutik haren izena esan eta jendea txaloka hasten da. Minutu erdi egon daitezke lasai-lasai txaloka. Sekulako errespetua diote, eta, egia esan, merezita du irabazia, hura aulkian egonda egin baita handi Manchester United. Taldearen funtsa, filosofia hezurmamitua dela esango nuke».

Athleticek eta Manchester Uniteden arteko Europako Ligako final-zortzirenetako kanporaketaz galdetuta, Ivan Campok nabarmendu du «zaila» izango dela zuri-gorriek Ingalaterrako taldea bidean uztea. «Manchester United talde handia da, irabaz daitekeen guztia irabazi duena. Gainera, eskarmentu handia du Europako lehiaketetan. Zaila izango da Athleticek ustekabean harrapatzea. Baina, tira, Manchester Unitedek nagusitasun hori zelaian du erakutsi beharra». Jokalari ohiaren arabera, Athleticek «abantaila txikia du», itzulikoa San Mamesen jokatuko duelako. «Eta han irabaztea ere ez da samurra. Giro bikaina egon ohi da. Ez dauka lotsarik Old Trafforden aldean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.