Venezuela. Sozialismo bolivartarraren erronkak

Boterea Komunaren esku

Hugo Chavezek estatu komunal bihurtu nahi du Venezuela; urriaren 7ko hauteskundeak irabazi ostean berretsi zuen. Herenegungo bozek markatu dute ametsa egia bihurtzeko plazaren neurria.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2012ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Non dago Komuna? Komunak ez dira inondik ageri, eta ezta Komunaren espiritua, Komunaren kultura ere. Azken hori Komuna bera baino garrantzitsuagoa da oraintxe bertan». Urriaren 21ean galdetu zuen Hugo Chavezek, Venezuelako ministro guztien aurrean. Ez zion inporta izan telebista kamerek egin zuen errietaren lekukotza jasotzea. Nicolas Maduro lehendakariordeari argi esan zion, Gobernuaren programa guztiak «Komunaren espirituarekin» blaitu behar zituela.

Henrique Caprilesek gidatutako oposizioari urriaren 7an hauteskundeak irabazi osteko lehen ministro kontseilua zen, eta Chavezek iraultza bolivartarra burutzeko ezinbesteko jotzen duen kultura aldarrikatu zuen. Amaitu berri den hauteskunde kanpainan ikusitakoak ikusita, ministroak eta errepublika osatzen duten 23 estatuetako gobernadore eta legebiltzarkidegaiak agindua betetzen saiatu dira. Ezinbestean, gainera, oposizioak behin eta berriro nabarmendu duelako kanpaina honetan komunetan oinarritutako sozialismo bolivartarra estatuak eta udalak indargabetzeko saio «totalitario eta zentralista» bat dela eta Venezuelako konstituzioaren aurka jotzen duela.

Duela sei urteko deia

2006ko otsailean, Legebiltzarraren aurrean, Chavezek dei egin zien herritarrei, kontseilu komunaletan antola zitezen. Legebiltzarrari, berriz, antolamendu figura horri buruzko legea egiteko eskatu zion. Apirilaren hasierarako, Kontseilu Komunalen Legea onartu zen. Lege horren 2. artikuluaren arabera, kontseiluok «erakunde komunitarioak, gizarte taldeak eta hiritarrak parte hartzeko, artikulatzeko eta integratzeko instantziak» dira. Horrekin, komunitateen beharrizan eta asmoei erantzuteko politika publikoak eta proiektuak «zuzenean» kudeatzeko aukera ematen zaio «herri antolatuari», berdintasunean eta justizia sozialean oinarritutako gizarte bat eraikitzeko bidean.

Venezuelako Jesulagundiaren Gumilla Fundazioaren arabera, 2008ko martxorako —legea onartu eta bi urtera—, 26.143 kontseilu komunal eratuta zeuden herrialde osoan, eta beste 10.669 osatze bidean. Datuok eta kontseiluon jarduna ikusita,jesuiten ustez, «eskubide sozialak gauzatzen» hasiak ziren herritarrak, eta «botere politikoa demokratizatzeko prozesuan» lagungarri izan zitezkeen. «Kontseiluok benetako herri botere antolatua osatzeko tresna izan daitezke».

Gumilla Fundazioak Venezuelako Kontseilu Komunalen Ikerketa (2008) laneko aurrikuspenetan, hala ere, bazen kezkarik. Kontseilu komunalen autonomia bultzatzeko beharra azpimarratu zuen. «Mugimenduak ezin du egungoagintariaren erabakien eta gorabehera politiko-biologikoen menpe ibili».

Joan dira lau urte txosten hori argitaratu zutela, eta etorri dira Venezuela estatu komunal bihurtzeko urrats gehiago. Komunen eta Gizarte Ongizatearen Ministerioa sortu zuten 2009an. Eta 2010ean, bost lege organiko onartu zituzten: Herri Boterearena, Planifikazio Publiko etaHerritarrarena, Kontu Ikuskaritzarena, Komunena eta Sistema Ekonomiko Komunalarena. Legeon arabera, auzotarren komunitateek osatzen dituzte komunak; eta beren beharrak Estatuak emandako baliabideak eta eskumenak kudeatuz asetzen. Komuna bakoitzak araudi, parlamentu, banku eta txanpon propioak izango ditu.

Legeak aurrikusitakoa, hala ere, nahi beste garatzeke dago, eta Chavezek behin baino gehiagotan nabarmendu du ezinbestekoa dela sozialismo bolivartarra azken muturrera eramateko. Urriaren 7ko hauteskunde emaitzek berriz hauspotu dute Chavezen estatu komunalean oinarritutako herri boterearen ametsa. Aberriaren Kudeaketa Bolivartar-Sozialistarako Proposamena 2013-2019 programarekin lehiatu zen urriko presidentetzarako bozetan, izan ere, PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuaren hautagai gisa.Ekainaren 11n aurkeztu zuenprograma politiko hori, eta esaldi batekin laburbildu: «Herriaren botere benetakorik, antolaturik, indartsurik, kontzienterik gabe, ez legoke sozialismorik». Herri botere hori «laguntzeko», 2013 eta 2019 bitartean 3.000 komuna sozialista —«450na urteko»—, eta 21.000 kontseilu komunal—«2.699na urteko»— sortzea da chavismoaren helburua. Aurrikusitako komuna sozialistak sortuta, zazpi urte barru Venezuelan 4.680.000 familia bilduko lituzketen 39.000 kontseilu komunal aurrikusten ditu Chavezen planak. «Hau da, urte horretan egongo diren venezuelarren %68 —21.060.000biztanle— sistema komunalaren baitako egituretan biziko dira».

Oposizioaren kritika

Herenegungo hauteskundeetan ahalik eta gobernadore eta legebiltzarkide gehien irabaztea izan da chavisten helburua. Presidentetzatik abiatutako ekimenak errepublika osatzen duten 23 estatuetako botere guneetatik oztopa ez ditzaten. «Herriak jakin behar du komunak ez direla herritar antolatuak, tresnak baizik, alderdi politiko batek gure herriko bizitza kontrolatzeko», adierazi du urriaren 7ko hauteskundeetan Chavezekin lehiatu zen Henrique Caprilesek.Chavezen lehendakariorde izandako Emilio Jaua izan du arerio igandean amaitu zen lehian.

Oposizio osoak bezalaxe, Caprilesek behin eta berriro gogoratu du 2007ko abenduaren 2ko erreferenduma. Konstituzioa aldatzeari buruzkoa izan zen. Sistema komunala indartzeko, besteak beste. Galdeketa hura galdu egin zuen Chavezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.