Lekuak eta lekukoak (II). Vicente Ameztoi eta Etxe Ondo etxea

Probokatzaile diskretua

Atentzioa ematea ez zuen gogoko, eta ez zen inongo modaren esanetara lerratzen. «Vicente Ameztoi zen eta kito», haren alargunaren ustez. Etxeari eta haren inguruneari esker oso aske eta motibatuta lan egiten zuena, kultuko margolaria.

Igor Susaeta.
Villabona
2012ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Sargori dago giroa. Virginia Montenegro horregatik dabil arnasoska, bero sapa gainetik kendu ezinda. Etxe Ondoren atarian itxaron gaitu, tenoreko, eta hango zumezko besaulkietan esertzera gonbidatu. Badaki hitz egitea dagokiola, kontakizun bat osatzea, bere senarra zenaz, Vicente Ameztoi margolariaz (Donostia, 1946-Villabona, 2001). Montenegro da, hortaz, lekukoetako bat. Ameztoiren munduaz, haren nortasunaz, obra elikatzeko eta osatzeko erabili edo baliatu zituen estimuluez mintzatuko dena. Pertsonak, usainak, koloreak, egoerak… Eta tokiak. Etxe Ondo Villabonako harrizko etxe zahar bezain handia, adibidez. Han bizi izan ziren 1972tik, eta han bizi dira. Hori da lekua. Lekukoaren eta lekuaren artean, berriz, artista. Montenegroren ustez, bere askatasuna sakrifikatzeko prest ez zegoena, atentzioa ematea gogoko ez zuena, inolako rolik jokatzen ez zuena, inongo moden esanetara lerratzen ez zena, gauza guztiei adi zegoena eta kanpotik edo barrutik jasotakoak koadro, marrazki, mural edo aldizkarietako azal deigarri eta ezin pertsonalagoetan husten zituena zen bere senarra. Presak maite ez zituen eta erakusketak gustatzen ez zitzaizkion probokatzaile diskretua.

Donostian jaio zen Ameztoi, Parte Zaharrean, baina familiaren etxera joan zen bizitzera, Etxe Ondora. Txikitan, une eder askoak pasa zituen han, eta maite zituen etxea bera zein ingurunea. «Hasieran familiako kide gehiago bizi ginen hemen», argitu du Montenegrok. Ezkondu berritan, iritsi zirenean, errota bat zeukaten etxetik 100 metrora, autobus geltoki bat ondoan, eta Villabonako kale nagusian behera, elizara bitartean, ia ez zegoen ezer. Egun, gasolindegia dauka etxeak atzean, eta autobidea albo batean. Haren azpitik egiten du gorako (edo beherako) bidea Aran errekak. Beste lekuko bat. Egunero egiten zuen Ameztoik pasieratxoa haren bazterretatik. Gora eta behera. «Etorri ginen garaian bainuak ere hartzen zituen bertan. Autobia egin gabe zegoen artean, eta amuarrainak zeuden». Etxea eta ingurune hori edukita, «oso motibatuta eta aske» lan egiten zuen Ameztoik. Ez zuen, ez, sentitzen Donostiaren falta.

Bazituen inguruan nahikoa estimulu, sortzeko orduan zerbait eskatu beharrean zerbait eskaintzen ziotenak. «Nahiko anarkikoa» zen, gainera, lanean. Ez zuen ordutegirik nahi. Bere denbora hartzen zuen gauza guztietarako. «Jaikitzen zen, gosaltzen zuen, bere txirria erretzen zuen, estudioa ireki, musika jarri...». Ozen jartzen zuen, etxearen beheko solairutik argi entzuteko moduan. Joy Division zen haren talde kutuna. Killing Joke ere aipatu du Montenegrok. Egunero margotzen zuen. Izan ere, ofizioa landu beharreko zerbait zela iruditzen zitzaion. Ezin zuen ulertu jendeak nola pentsa zezakeen margolana segituan ateratzen dela. Margotzen ez bazuen, oharrak hartzen zituen, edo marraztu egiten zuen. Estudioan denbora asko pasatzen zuen, baina atea irekita egoten zen beti. Alde horretatik, ez zen artista petrala. «Baimena eskatu gabe ere sartzen baldin bazinen, berdin zitzaion». Jende asko biltzen zen Etxe Ondon, lagun asko joaten zitzaizkion bisitan, eta hori gogoko zuen Ameztoik.

Baina «zorrotza» zen lanean. «Nabaritzen da haren marran». Pasa zitzakeen hiru hilabete, zortzi edo are urtebete koadro bat amaitzen, eta ez zen horregatik gogaitzen. Hori dela-eta haserretu zen jendea berarekin. «Enkargu bat bazen, eta zortzi hilabeteren ondoren bukatu gabe baldin bazegoen, ba... Vicentek esaten zien lasai egoteko, dena ondo zihoala. Belarri batetik sartzen zitzaizkion eta bestetik atera egiten zizkioten errietak». Koadro bat lantzen hasten baldin bazen eta ez baldin bazitzaion gustatzen, lasai asko ezabatzen zuen berriro hasteko. Horregatik egiten zituen hain erakusketa gutxi. Galeriek estu hartzen zuten, entrega egun batzuk jartzen zizkioten, eta berak ezin zituen bete. «1976an, adibidez, Juana Mordo galerista mitikoarentzako erakusketa bat egin behar zuen. Ez dakizu zer izan zen hura... Hiru urte behar izan zituen dena bukatzeko». Ameztoik berak inauguratu zuen Mordoren galeria, 1964an, beste artista ezagun batzuekin batera. «17 urte baino ez zituen Vicentek». Baina han zegoen bera, gazte-gazte, Antonio Lopez, Eduardo Txillida eta Antoni Tapiesekin, besteak beste. 1980ko hamarkadatik aurrera erakusketarik ez egitea erabaki zuen. «Egin zituen apurrak amesgaizto bat izan ziren, ez zelako heltzen...». Tira, handik urte batzuetara Remellurikoa egin zuen. Helduko gara leku horretara.

Marokorako bidaiak

Bien bitartean, eta Virginia haren alaba heldu dela aprobetxatuz, etxe barrura gonbidatu gaitu Montenegrok. «Garagardo bat edango duzue, ezta?». Egurrezko eskailera kurruskatsuetan gora, argian filtratutako iluntasuna (edo alderantziz). Eta «ganbara» deitzen diotenera heldutakoan, horrek eman digu atentzioa, bere osotasunean eman. Dela usainak, dela argiak, dela egurrezko zoruak, dela ukitu misteriotsuak... Badu bere xarma. Txoko batean daukate Andres Nagelek Ameztoiri oparitu zion eskultura moduko bat. Eta haren parean, pauso batzuetara, ate bat. Itxita dagoena, lehen irekita egoten zen arren. Ameztoiren estudioko atea da. «Hil zenean erabaki nuen ixtea. Ez dakit, nahiko fetitxista naiz... Zegoen bezala dago. Haren landareekin, astoekin, txintxetekin zintzilikatzen zituen paperekin, idazten zituen esaldiekin, Winsor&Newton markako akuarela kutxatilarekin...».

Hitzon ondoren, isiltasunak hartu du ganbara. Egongelara eraman gaituzte. Eta han, apalategi bat liburuz, katalogoz mukuru. Mahai bat dauka aurrean, eta inguruan objektu pilo bat. Gustua, behintzat, den-denei darie. Sofa handian eseri gara. «Hor, izkina horretan esertzen zen Vicente», esan du irribarre xaloarekin Montenegrok. Lau pertsona baino ez gaude orain egongelan. 80ko hamarkadan, ordea, etxea beteta egoten zen. Afariak, festak, zalaparta... Lagunek maite zuten. Mikel Laboak, Jose Luis Zumetak, Juan Luis Goenagak, Jose Llanosek, Marta Cardenasek, Bernardo Atxagak... Lekukoak. «Oso eskuzabala zen». Eskatzen zizkioten kartelak, muralak, eta hura, pozik. Villabonako gaztetxekoentzat, Behar Zana pilota elkartekoentzat... «Buru-belarri sartuta zegoen». Haren alargunaren ustez, «karismatikoa» zen. «Lagunek, bai artista gisa eta baita pertsona gisa ere, errespetatzen zuten». Oso hiztuna izan ez arren. «Haren margolanen katalogo bat hartzen baduzu, konturatuko zara zituen kexak, haren inguruan gertatzen ari zena, margolanetan zegoela». Euskadi Sioux eta Zeruko Argia-rentzat egin zituen azalak, esaterako, «oso adierazgarriak» ziren, alabaren irudiko.

Bai, egiten zituen aldizkarientzako azalak, enkarguak, baina garai batzuetan «xentimorik gabe» egoten zirela aitortu du Montenegrok. «Bera ez zen gogaitzen; ni, ordea, bai. Iberduerok argia moztu behar zigula jakinarazten bazigun, adibidez, ez zen arduratzen». Diruari ez zion garrantzi handiegirik ematen. Etxea gustuz jartzeari, berriz, bai. Eta «krismaren bat edo» enkargatzen baldin bazioten, eta etxean dirua sartzen baldin bazen, erreparorik ez zeukan Londresera bidaiatzeko, adibidez, han kontzertuetara joateko, Winsor&Newton-en materiala erosteko edo katalogoen eta liburuen zerrenda gizentzeko.

Gainera, urtean behin behintzat, Marokora joaten zen familia osoa. Normalean, maiatzean. Beste leku bat. Alabak dio, halere, Ameztoik berak tarteka bolada luzeagoak egiten zituela han, Essauiran batez ere, beti hotel berean. «Primeran» hartzen zuten. Jartzen zioten eguzkitako bat lanerako, eta, osasun delikatukoa zenez, dieta ere zaintzen zioten. Gauza asko iradokitzen zizkion Marokok Ameztoiri, eta, Montenegroren ustez, nabaritzen da koadroetan. Esaterako, han zuen lagun batengan inspiratu zen Anton Abadiaren koadroa egiteko. Herrialde hari eskainitako album zahar bat ere bazuen, eskuz egina, sokaz lotzen zuena. Hara egindako hainbat bidaia daude horretan bilduta. Beste lekuko bat.

Une oro ari zen bai bera bai ondorioz bere lana elikatuko zituzten elementuen bila. Baina, lanari emana bizi zen arren, inoiz ez zitzaion burutik pasa artisten zirkuituan sartzea. «Harentzat, esaterako, putakeria galanta zen margolanei prezio bat jartzea. Nahiago izaten zuen besteek erabakitzea», esan du alabak. Amak erantzun dio ez zela pintore garestia. Bazekien batzuetan bere buruari ateak itxi zizkiola, baina ez zitzaion interesatzen zirkuituan sartzea. Hain justu kontrakoa pentsatzen zuela esan du alabak. «Bazekien ez fisikoki ez psikikoki ez zela gai. Saiatu zenean argi asko ikusi zuen horrek asko baldintzatuko zuela, horrela ezin izango zuela margotu. Ezin zuen konplitu, oso margolari motela zelako». Carne y Clorofila erakusketaren aurkezpenean, 1990ean, argi asko azaldu zuen arteaz zuen ikuspegia, zein zen bere lan egiteko modua. Elkarrizketetan «gogaitu» egiten zela adierazi dute alargunak eta alabak, barrez.

Ia gazteleraz ez zekiena

Aulkitik jaiki da orduan Montenegro, eta Francis Bacon margolariari buruzko katalogo bat erakutsi digu. Ez da daukaten bakarra. Halere, Ameztoiren pintore gustukoena Richard Dadd zen. Zutitu garenez, etxetik atera, eta Aran errekan gora eraman gaituzte. Maite zuen erreka ondoko pasiera hori. Maite zuen, azken batean, natura. Hark ematen ziona. Aralarrera ere joaten zen, zaldian ibiltzera; edo Leitzaran ibaira, bainuak hartzera. Zizurkilgo lagunarekin ere maiz biltzen. El Indio deitzen zioten. «Vicente joaten zen haren baserrira, edo hura etortzen zen gurera. Hitz egiten zuten okultismoaz, metafisikaz, zibilizazioez... Gauza bitxia zen. Hark ia ez zekien gazteleraz, eta Vicentek, ikasten askotan saiatu ginen arren, ez zuen euskaraz hitz egiten». Hil zen El Indio, beste lekuko bat izan zitekeena.

Finlandiarraren filma

Eta Etxe Ondoko egongelara bueltan, beste leku batera, hitzetan baino ez bada: Bastidako Remelluriko baselizara (Araba). Han santu batzuk margotzeko enkargua egin zion Jaime Hernandorenak, Remelluri upategiko jabeak, baseliza txukuntze aldera, abandonatuta baitzegoen. 1990eko hamarkadaren hasiera zen, eta jada gaixo zebilen Ameztoi; baina margotu zituen santuak — «berak nahi bezala, hori bai»—, eta paradisua ere bai, «agnostikoa» izan arren. 1993 eta 2000 artean egindako lana artistarentzat berarentzat «bere onetik ateratzeko modukoa» izan zen. Han zela, agertu zen Finlandiako argazkilari eta idazle bat, Rax Rinnekangas izenekoa, eta «txoratuta» geratu zen Ameztoiren lanarekin. Hainbeste, non artistak Remellurin egindako lanari buruzko dokumental bat egin zuen: Un viaje al Edén. Montenegro aurkezpenean egon zen, Madrilen, iaz. Donostiako Zinemaldira ere aurkeztu zuen Rinnekangasek, baina ez zuten hautatu. Alabari ez zitzaion gustatu haren ideia. «Sinesmenaren bidetik egin zuen dokumentala. Erabili nahi zuen aitaren obra, bere obran eta bere bizitzan fedea galdu duten artistak erakusteko. Egin zezakeen istorio gizatiar bat, baina ez...».

Finlandiarra ezagutu zuenean, urte gutxi geratzen zitzaizkion Ameztoiri. Lekuarekin eta lekukoekin egindako gure enkontrua ere amaitzen ari da. Esan digute Koldo Mitxelena Kulturunean jarriko dutela laster Etxe Ondo-tik, joan den ekainean Ameztoiren obrari Villabonako Udalak eskainitako erakusketa. Bilboko Arte Eder museoak ere hari buruzko atzera begirako bat egiteko asmoa dauka. Lan handia dago egiteko. Obra guztia katalogatzen ari dira aspaldion. « Lasai gaude». Mantso doa. Ameztoik ere, probokatzaile diskretu hark, mantso pintatzen zuen, bere lekuetan eta bere lekukoekin.

Bihar: Txirrita eta Ereñotzuko Latxe baserria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.