Lekuak eta lekukoak (eta VI). Mikel Laboa eta Buenavista eta Munto-Berri ostatuak

Akazia, akatisia eta beste zenbait gutizia

Igeldoko Buenavista jatetxeak eta Aieteko Munto-Berri tabernak, biak Donostian, babes eta lagunarterako ostatu izan zituen urte luzez Mikel Laboak. Angel Irizarrek eta Iñaki Garciak Laboaren alderdirik hurbilenekoak dakartzate gogora.

gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Lanbroak ezkutatu ala ez, maite zituen bere bazterrak Mikel Laboak. Azken unera arte. Hil aurreko egunetan ere —2008ko abenduaren 1ean zendu zen— Igeldoko Buenavista jatetxean (Donostia) izan zen, ia egunero egin ohi zuen moduan. «Sari bat jasotzekotan zen Gipuzkoako Diputazioaren eskutik. Etorritako azken aldian zera esan zigun: «Ez dakit iritsiko naizen jasotzera». Angel Irizar Buenavista jatetxeko nagusi izandakoak (erretiroa hartuta dago) ondo asko oroitzen ditu «Mikelekin» bizi izandako azken une horiek. Ez horiek bakarrik, hala ere. Aspaldiko adiskideak baitziren.

Laboaren beste betiko ostatuetako bat Munto izan zen, Aiete auzoan. Etxetik oso gertu zuen, eta han etxean bezala sentitzen ziren hala Laboa bera nola haren familiakoak. Han ospatu ohi zituzten ospatu beharrekoak. Baina hura aspaldi itxi zuten, eta azken urteetan etxe ondoko beste taberna batean eman zituen ordu asko Laboak, Munto-Berrin, batez ere osasun arazoek Antigua auzoraino jaistea gero eta lan nekezagoa bihurtu ziotenez geroztik.

Duela hamar bat urte ezagutu zuen Laboa Iñaki Garciak, Munto-Berri tabernako jabeak, taberna zabaldu zuenean, lehengo Munto taberna hartu zuen etxetik oso gertu. Hark ere oso gertutik eta «barrenetik» sentitu zuen Laboaren heriotza. «Oso gertuko ahaide bat hilko balitzait bezala sentitu nintzen. Maitasun handia nion. Oraindik ere hunkitu egiten naiz harekin akordatzean». Begiak gorritu eta lanbrotu zaizkio tabernariari.

Beste leku asko hauta zitezkeen Laboa oroitzeko, ezaguna da haietako batzuekin izan zuen atxikimendu estua: Donostiako Parte Zaharra —han jaio zen, 1934ko ekainaren 15ean—, San Juan eta Iñigo kaleak batik bat; Lekeitio eta Gardata; edo Pasai Donibane, Gernika, Baztan, Orreaga, Euskal Herriko beste hainbat eta hainbat bazter… Buenavista eta Munto-Berri ostatuak bi leku baino ez dira hauta zitezkeen askoren artean, bi adibide txiki besterik ez. Inondik ere ez Laboaren bi lekurik esanguratsuenak edo enblematikoenak. Baina bietan aurki daitezke hark utzitako arrasto sakonak eta ederrak.

Maite zituen bi ostatu horiek Laboak. Maite zuen Buenavista eta maite zuen Munto-Berri. Ostatu haiek eta haien jabeek bera maite zuten bezala. Hunkitzen dira Laboa eta harekin bizi izandakoak gogoan hartzean. Malkoak ateratzen zaizkie batzuetan, irribarrea sarri, eta algarak noizbehinka.

Taberna txikia dauka Iñaki Garciak. Txikia eta erosoa. Argitsua, bi aldetatik sarrera duena eta terraza bat ere bai. «Obratan ari ginela, egun batean, Mikel azaldu zen galdezka zer egin behar genuen han. Esan nion taberna bat zabalduko genuela. Entzuna nuen bere izena, baina bere irudia oso lausoa zen niretzat. Ez nuen ezagutzen. Hasieratik txunditu ninduen. Haren itxura, haren hitz egiteko modua... Bazuen zerbait berezia, pertsonaia oso berezia zen». Taberna ireki, eta hil artean ia eguneroko bisita jaso zuen Garciak.

Angel, aspaldiko laguna

Askoz ere lehenago ezagutu zuen Laboa Angel Irizarrek, duela 45 urte inguru, «Ez Dok Amairuren garaietan». Jatetxean zaharberritze lanak egin zituzten 1971n. Lehenagotik ezagutzen genuen elkar; besteak beste, musikarekiko zaletasunak elkarturik. «Oso jazz zaleak izan gara gure etxean, aita Kuban jaio baitzen. Eta Mikel ere gure bitartez hasi zen jazza entzuten. Jazz musikari handien izenekin nahasmendu handiak izaten zituen», gogoratzen du Irizarrek, irribarreari bide eginez. Behin jatetxea eraberritua zelarik, «ia egunero» egiten zien bisita Laboak, negua ala uda izan, hotz ala bero egon, berdin-berdin. Sarri Marisol Bastida emaztea izaten zuen lagun Buenavistako terrazan. «Akazia horren azpian esertzen ziren, eta itsasoari begiratu». Bastidak oraindik ere behin baino gehiagotan hartzen du Buenavistarako bidea.

Buenavista jatetxeko atetik sartu eta barrako izkina batean jartzen zen Laboa. «Hamabiak aldera etortzen zen. Lehenengo inguruan pasiera txiki bat egiten zuen, eta gero guregana. Bera moldatzen zen zegoen jendera, eta ez alderantziz. Baserriko jendearekin moldatzen zen, adibidez. Pilota kontuak, edo idi demak edo... nahiz eta berari bereziki ez interesatu, beti jarraitzen zien solasaldian eta galdetzen zien idiek zenbat plaza egin zituzten edo zein marka egin zuten... Oso irekia zen horretan». Irekia eta jakin-min itzelekoa. «Beti galderak egiten zituen, haur txiki bat bezalakoa zen. Galdetu eta galdetu. Gaur egungo gazte gehienek ez dute jakin-min hori eta pena handia da».

Bere kontuez apenas askorik hitz egiten zuen, Irizarrek eta Garciak oroitzen dutenez. «Tira egin behar zitzaion», gomutatzen du Buenavistako nagusiak. «Ez zitzaion batere gustatzen bere buruaz aritzea, eta gutxiago besteei bera Mikel Laboa zela esatea. Noiz edo noiz esaten nion bere diskoren bat jarriko nuela, eta berak ezetz eta ezetz, bestela jendeak alde egingo zuela tabernatik-eta», dio Garciak. «Ez zuen gai jakin batez hitz egiten, edo gai sakonez. Ez zuen bere ahuldadeez hitz egiten, edo heriotzaz. Eguneroko kontuez baizik. Eta, batez ere, galdetu egiten zuen. Gustatzen zitzaion kafea hartzea, edo ardotxo bat, eta bertakoekin hitz egitea. Asko entretenitzen zen. Batzuetan tabako makina kargatzen nuen. Kargatzen ari nintzela beti galdera bera egiten zidan. 'Zein da gehien saltzen dena?'. Eta nik beti erantzun bera: 'Mikel, esan izan dizut lehen ere Luckya dela'! Eta barre egiten zuen...».

Galdera ez hain xaloak

Galdera guztiak ez ziren izaten hain xaloak, ordea. Angel Irizarrek badu horren inguruko anekdotarik ere. «Ez zitzaion asko jatea gustatzen, baina bere gutiziatxoak izaten zituen. Jan ere txoriek bezala egiten baitzuen. Pikatu egiten zuen, baina moko finekoa zen. Potajea eta xerrada handirik ez zuen jango, baina zigala koxkor batzuk eta lanpernak bai. Etxeko bat gehiago zen, eta halaxe sartzen zen sukalderaino. Hau probatu eta beste hura probatu ibiltzen zen... Kroketatxo bat, arrain pixka bat, baina probatu... Eta galdera egiten zuen: 'Gaur ilargi betea dago, ezta?'. Bazekien ilargi betearekin lanpernak izatea errazagoa dela, marea asko jaisten delako... 'Hik badakik ondo, bai!' , erantzuten nion nik. Despistatua bai, baina inozoa ez. Hala ere, sekulakoak egiten zituen».

«Despistatu ikaragarria», Iñaki Garciaren hitzetan, eta ipurterrea. «Zortzi bat urtez izan nuen berarekin harremana. Ia egunerokoa, eta bizpahiru aldiz ikusiko nuen eserita tabernan. Oso pertsona aktiboa zen. Batekin eta bestearekin hitz egitea gustatzen zitzaion. Atzerriko jendea asko etortzen da, turistak, eta berak ahal zuena egiten zuen haiekin hitz egiteko. Ea nongoak ziren, zertan ari ote ziren... Jakin-mina zuen, eta pertsonekin hitz egitea gustatzen zitzaion. Tabernara sartu, eta gehienetan segituan mugitu behar izaten zuen. Ezin geldirik egon. Joango zen beste norabait, eta berriro itzultzen zen sarri. Berak esaten zuen akatisia zuela. Ez dakit egiazko hitza den edo berak asmatua», dio zintzotasunez Garciak. Hiztegian begiratuta konproba liteke hitza existitzen dela. «Geldi egoteko ezintasuna» adierazi nahi du medikuntzako hiztegian.

Leku batetik besterako ibilalditxo horietan, sarri autoa bigarren lerroan aparkaturik edo ateak irekita uzten zituela gogoratzen dute Garciak eta Irizarrek. «Behin croissant mordoxka bat erosita etorri zen. Autoan utzi zituen, eta ateak irekita. Sartu zen tabernara. Eta handik pixka batera baten bat oihu batean sartu zen, 'Mikel, Mikel, norbait hire croissant guztiak hartu eta lasterka atera duk'. Eta haren erantzuna: «Gaixoa, gosea izango zian».

Kantari izatea zen Mikel Laboaren alderdi publikoa, baina giro intimoan «oso-oso gutxitan» abesten zuen. «Oso pozik egonez gero, bere kontura hasiko zen akaso. Baina eskatzea alferrik zen. Mikel oso lotsatia zen, eta jendea hurbiltzen bazitzaion urduri jartzen zen, eta kontzertuen aurretik ere berdin».

Munto-Berrin ere oso gutxitan kantatzen zuen, Garciak dioenez. «Kasu bakarren batean, taberna itxia zegoela, eta nirekin bakarrik. Jada taberna ixten ari nintzela, batzuetan entzuten nuen tok-tok... bera izaten zen. Irekitzen nion atea eta biok egoten ginen kontu kontari, eta kasuren batean kantatu ere egiten genuen. Ez kantu jakinik, berak ohikoa zuen estilo horretan zerbait marmarrean abesten genuen. Oso ondo pasatzen genuen». Iñaki Garciak oso argi dauka, sekula ez du ezagutu Mikel Laboa bezalako pertsonarik, «ezta ezagutuko ere». «Bihotz onekoa zen, eta hain soil eta umila. Ez zitzaion umilarena egitea gustatzen, hori beste gauza bat baita. Umila den pertsona umila da, eta kito».

Munto-Berriko oroigarria

Hainbeste txertatu zen Mikel Laboa Munto-Berriko eguneroko eta lagunartean, ezen bertakoek kuadrillakotzat baitzuten. Hil zenean haren omenez zerbait egin behar zutela otu zitzaien lagunei. «Mikelek oso esaldi bereziak errepikatzen zituen aldika. Batzuetan ekartzen zuen zerbait jateko, berberetxoak kontserban-edo, eta sartu orduko esaten zuen, gazteleraz: 'Riqueza de lujo'. 'Magnífica ostentación'… (Luxuzko aberastasuna. Zoragarriko ostentazioa). Esaldi horiek eta bere zenbait kantutako hitzak bildu eta koadro moduko bat osatu genuen». Koadro hori tabernako horma batean dago zintzilik. «Jendea begira geratzen zaio, eta galdetzen digute zer den. Nik pentsatzen dut ez dutela ezer ulertuko, ezagutzen genuenon kontu bat baita».

Jorge Oteiza Buenavistan

Lagunekin elkartzen zen batzuetan Mikel Laboa Igeldoko Buenavista jatetxean. Nahiz eta ideologikoki «apur bat aldenduta egon», baita Paco Ibañez edo Imanolekin, Anjel Irizarrek gogoratzen duenez. Buenavistan ohiko beste bisitari bat Jorge Oteiza eskultorea izaten zen. Oriotarra hura, eta Orio zalea arraun kontuetan, etxekoak bezala. Mikel Laboa aldiz sanjuandarra zen, eta San Juanen aldekoa. «Behin Oteiza sartu zen su batean. «Non dago sanjuandar alproja hori?', galdezka. 'Azken diskoa eman behar zidala eta martxa honetan hilerria ezagutuko diat diskoa baino lehenago!'. Lepazintzurra okertuko diodala esaiok!', esaten zidan umorez», dio Anjel Irizarrek. Aspaldiko ezagunak ziren Oteiza eta Laboa. Gero Mikeli esan nion, eta arduratu egiten zen. Oso desberdinak ziren, baina sakonean gauza bera, jenioak eta ume txikiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.