Liburutegi intimoak. Asisko Urmeneta

Hitzetatik irudiak sortzen

Ez zen garai hoberena bere gustuko liburuak ateratzea galdetzeko. Denak kartoietan ditu, etxea pintatzen ari baita. Baina bere marrazki, komiki edo filmaren gibeletik ere, liburuak badira.

Liburuak kartoietatik atera, etxeko leihoan pausatu, eta posea hartu du. Etxeko liburutegia hutsa du murruak pintatu artean, baina imajinazioa gainezka du. JOANES ETXEBARRIA.
Joanes Etxebarria.
Hozta
2013ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Marrazkiarekin bezala, irakurtzeko zaletasuna betitik du Asisko Urmenetak (Iruñea, Nafarroa, 1965). Etxeko girotik. «Opari gisa ere liburuak» ukaiten zituen. Dio ez dela beti irakurtzen ari zen haurra izan, baina jostailuen artean liburuak bazituela.

Liburuekin «halako amodio-herra harreman bat badela» uste du. Nahi duzu bukatzea, eta aldi berean ez. «Musikarekin aunitzetan pasatzen zait gehien maite dudan kanta pasatzen zaidala ohartu gabe pasatzen ari dela. Eta finitu ondoan, 'ostia ze kantu ona zen hau!'». Besteak, berriz, noiz bukatuko «sufritzen». Liburuak aipatzeko egin du parabola.

Gehiago ere egiten ditu. Denborarekin harreman bitxi bat ikusten du irakurketan: «Tripi batekin bezala, denbora erreala pasatzen ari da, baina norberak bizitzen du beste manera batez». Denboraren pertzepzioa desberdina dela funtsean, izan «liburu ona, erdi ipurdikoa edo libururik gabe». Liburuekin hori du estimatzen, ateraraztea «tempus horretatik eta pasaraztea ordu batzuk oharkabean». Hori, eta «zerbait» uztea, gauza «ñimiñoena» ere bai, batzuetan autoreak berak pentsatu ez duen zerbait.

Hori bai, etxeko liburuak beti izan dira «irakurtzeko, azpimarratzeko, jostatzeko, urratzeko, kasik jostailu gisa». Irakurtzean,berriz, irudiak ikusten ditu, batzuetan lanerako balio diotenak ere. Arturo Campionen liburutik Gartxoten irudia atera zitzaion egun batean. Marrazki bihurtzen ditu beste «irakurritako pasarte edo liburu» batzuk ere.

Baina irudiz mintzo den literatura ere gustukoa du. Koldo Izagirre, bereziki. «Irakurtzen ari zara, eta ikusten ari zara; gainera —Metxa liburuan—, ez baduzu ikusten zure gogoan kontatzen ari dena, beharbada ez duzu ulertzen errelatoa. Hori ikaragarria da». Baina ez Campion ez Izagirre, galdetu diogun liburu zerrendan ez dira ageri.

Euskal idazle klasikoak ikaragarri gustatzen zaizkiola onartzen du, «besteak beste, idazten baitzuten Euskaltzaindia aitzineko urrezko aro batean; idazten zuten pitilin puntatik ateratzen zitzaiena, eta ez zegoen xuxen izeneko programa informatikorik. Hala ere, ikusten da badela hizkuntza plastikoa, arras komunikatiboa». Baina ez delako beti gibelera so egin beharrik, bere liburutegiko «perla» garaikide batzuk atera ditu. Edo izendatu, liburuak kartoietan baitira.

Disko denda batean sartzean galdua omen da, eta gazteago zelarik filmen musiketara jotzen zuen horietan erreferentziak zituelakoan. Edo Zarama taldera. Talde hori bai maite izan duela Urmenetak: «Nik uste sekulako xantza izan dugula Hertzainak eta Zarama sortu zireneko garaia ezagutu izan dugula. Galdera izaten zen beti 'hi zer haiz, Hertzainak zale edo Zarama zale?' Eta ni beti izan naiz Zarama zale totala». Horregatik du Roberto Moso taldeko kantariaren Loreak Zaraman gogokoa.

Hertzainak eta Zarama arteko lehia hori «lehen pertsonan idaztea oso irrigarria» iruditu zaio. Hertzainak-eko kantari legazpiar euskaldun zaharraren parean, Zaramakoak Ezkerraldeko, AEKko ikasleak ziren, eta «bestea, gainera, soldadutzara joan zena...». Euskal Herrian, besteetan bezala, «irrimangarri gelditzearena izu handienetako bat izaten da». Mosoren kronika preziatzen du lotsa hori gainditzen duelako, kontzertu katastrofiko batetik abiatuz, eta berdin bukatuz. «Oso umore fina da, interesatzen nau haren umoreak ere bai».

Ezagutu ondotik taldearen kantuak, kontzertuak, «hor ezagutu ditut pixka bat tripak, Zaramarenak». Garaiko lexikoa atzeman ere; «gehiago erdaldunen taldeak ziren La Polla Records edo Kortatu», eta Mosok lehen taldekoak Los Pollos izendatzen ditu, garai haietan bezala. Pena bat du, halere, «rockeroek publikatzen dutena baino, kontatzen dituzten gauzak askoz interesgarriagoak izaten ahal» direla. Gisa bereko kontakizunak gehiago ere irakurriko lituzke, Gari animatzen balitz adibidez. «Norbaitek ikusi badu,beste hark erraten zuen bezala, bai amabirjinaren pottotta eta baita ere infernuko ateak... hori Gari da».

Generoen nahasketa

Musika eta literatura bezala, Urmenetaren irakurketetan usu nahasten dira generoak. Nora Arbelbideren Goizeko zazpiak eleberrian ere, «ez da saiakera bat, eta ez da hondartzan irakurtzeko nobela ere», dio, hondartzarako nobelak batere gutxietsi gabe. Liburua atera eta gutxira irakurri zuelarik, preziatu zuen «trama sinple» batean, kapitulu batzuetan, teorizazioak atzematea. «Oso sakonak eta, gainera, zapart egiten duten aipamen batzuk, oso interesgarriak, sorkuntzari buruz, kritikari buruz eta abar...». Hori aipatzean, Itxaro Borda ere heldu zaio gogora. «Sakontasun karga» testu irakurterrazean, hori da maitatu duena.

Idazlearen lehen liburuarekin gustura gelditu, eta gosea jin zitzaion. «Orokorki munduan, eta herri honetan segur, idazle baten lehenbiziko liburua izaten da izugarri ona, edo niri gehien gustatzen zaidana. Gero bigarrena ateratzean edo konfirmatzen du balio hori, edo aunitzetan kontatzeko zuen larriena kontatua du. Bultzatuko nuke Nora idaztera beste liburu bat ikustearren, zeren nik uste balukeela manera konfirmatzeko balioa». Lehena zuelakoan edo, baina oso manera librean idatzia dela iduri zaio, «oso freskoa» funtsean.

Bere irakurketak aipatzean, marrazkilariak mamiari bezainbat garrantzi ematen dio formari. Folin markesa: marraskiloak eta euskaldunak uharte galduan idazteko, Kepa Altonaga aitzinako idazleengana ere joan zen. HAren kezka nagusietakoa prosa zientifikoa da, dibulgazio zientifikoa nola landu euskaraz. «Tipoak erraten du, ezin gara bizi gaur sortu eta nik dena asmatuko banu bezala. Ez, hemen bada tradizio bat, eta tradizio horretan zientifikoa; badira idazle batzuk euskaraz idatzi izan dutenak orain arte».

Folin markesa Donostiako zientziaren museoan kasualitatez atzeman zuela oroitzen da. Malakologo frantses bat etorri da Euskal Herrira ikertzera karakoil klase bat. Karakoil hori atzematen da bai Euskal Herrian eta baita Brasilen ere. «Orduan tipoak dio nola da posible hemen eta han egotea, baldin eta ur gazia ez baitu soportatzen ahal. Garai horietan arras modan zena zen Atlantida. Ia euskaldunak azken atlanteak ez ote ginen, Agosti Xaho ere sartzen da horretan».

Urmeneta erakarri duen beste zerbait badu liburuak, karakoilez harago, forman. Erabilia den euskarari ere garrantzia ematen dio, Altonagak Ipar Euskal Herriko erramoldeak erabiltzen baititu, bizkaitarra izanik bere euskalkitik ere... nonbait marrazkilariak duen kezka bera ere bada. «Alibi intelektual bat da, jendea kezkatua egon da, eta bada horren inguruan. Gurea izan da mendi aldeko Nafarroan zer-nolako euskara ukitu bat nahi diogun eman. Ez da Keparen kasua, baina bai kezka beragatik abiatu dela». Gartxot filma ikusi duenak baitaki euskararen inguruko lan berezia egin zutela.

Idazle biologoak eta marrazkilariak elkar ezagutzen dute, eta Urmenetak dio Altonagak indar bat egiten duela «ez beste euskara batua baten alde baina, berak erraten duen bezala, euskara ekumenikoaren alde. Egiten ahal da euskara bat ulerterraza, pixka bat ahalegintzen bagara bederen, eta ez beti zentratua geografikoki erdigune horretan».

Orrialde honetara liburuak saltzera ekarri dugunez, hala borobiltzen du: «Egiazki harrigarria da Folin markesa, gero atera ditu beste bi oso onak, baina lehena izan zen niretzako errebelazio bat. Haren kezka, prosa zientifikoa nola landu izan den, ene ustez Kepak berak erantzuten du euskara ekumeniko hori baliatuz. Zientzia eta letrak, biak txortan liburu batean. Eta emaitza ikaragarri ederra».

Zein euskara erabili, asmatu behar denean asmatu, hizkuntzaren inguruko arrangura bere baitan du eta bere irakurketetan agerikoa du hori. Jose Maria Larrea Muxikaren Euskaldungoa erroizturik liburuaren izenburuan igartzen da datorrena. Urmenetarentzat, «marteilu kolpea» izan da. «Liburu aunitz bada euskara nola galdu den eta aztertzeko. Nola iraun duen gutxiago badira, Xabier Erizerena adibidez, eta oso interesgarria». Beste bat da Larrearena, Urmenetaren ustez «hoberena» bere sailean.

Euskaraz idazteko Axularrek, Lizarragak, Larramendik, Sabino Aranak... ereduak ezarri zituzten, parametroak aldatuz aldi oro. «Hori ez serioa izateaz aparte, nik uste geure buruaren kontra doala» dio Urmenetak, eta liburua idazteko erabili duen euskara eskertzen dio Larreari: «Lapurtera klasikora hurbiltzen da, eta nolabait lapurtera klasiko axularriano bat izaten ahal zenaz idazten du, eboluzionatuaz». Hura ere, euskara «interbenitzearen» aldekoa baita, beharrezkoa delarik «laborategi» batean hizkuntza garatuz.

Euskararen egoeraz kategorikoa da: «Botila ez da erdi hutsik edo erdi beterik, botila hautsia da». Zergatiak aztertzeko duen manera «ez erosoa» ere defendatzen du, ez dielako beti errua arrotzei botatzen, eta «gure konplexuak aztertzen» baititu, nahiz eta «norberak ikustea ispilu horretan ez [den] erosoa izaten». Liburuak pentsarazten du. «Orain arte beti entzun izan dugu Elizak duela euskara salbatu, Iparraldean bereziki eta Axular eta bestea. Eta honek erraten du ezetz, Elizak baliatu duela hizkuntza tresna gisa, nahi izan duenerako».

Bere ibilbidearen ezaugarri batzuk dituelako, azken liburu hautuak badu Napartheid aldizkariko sortzaileetarikoa izan zenarekin hurbiltasun berezia. Dani Fanoren Anubis komikia da, eta salaketak egiteko lekua. Zientzia fikzioa Egiptoko mitologiarekin lotua. «Bost istorio auto-konklusibo ditu. Istorio bakoitza baliatu du oso kritika zorrotza eta gogorra, gupidarik gabea, egiteko oraingo gizarteari. Kapitalismo basa eta desumanizatzaile horretatik atera hainbeste kasu...»

Komiki egilea hurbilekoa duelako dio uste duela «egilea oso gustura gelditu dela hori guztia bota ondoan, egiazki nik uste lasaigarri egin zaiola. Sistemaren muturra agertu du batere maskarik gabe. Oso ederra da, oso gogorra». Eta Asisko Urmeneta irakurlea ere umoretsua baita, gehitu du, «Gainera nire jefea da Xabiroi-n, eta espero dut soldata pixka bat emendatzea».

Bost liburu horiek hautatzera bultzatu duena esplikatu du bukatzeko: «Aipatzen ahal nuen moroena, Sarrionandiarena, ikaragarri gustatu zait, ikaragarri! Baina Sarrionandia ez da galduko, eta haren liburua ez da galduko. Saldu nahi ditudan liburuak hauek dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.