Liburutegi intimoak. Amaia Zubiria

Hainbeste, hain gutxirako

Haurra zela, «sekulako ihesbidea» ziren liburuak kantariarentzat, eta irakurle porrokatua bihurtu zen gero. Ez daki zukurik atera ote dion letra saldo horri, baina ez du, ez, haien espiritua ahaztu nahi.

Igor Susaeta.
Bera
2013ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Bizpahiru urterekin, artean hizkiak bereizten ez zituela, lehengusu batek eskolako liburuetako pasarteak irakurtzen zizkion Amaia Zubiriari (Zubieta, Gipuzkoa, 1947). Buruz ikasten zituen, nahiz eta dislexikoa izan, eta, gero, «harro-harro», irakurtzen zekien plantak antzezten zituen. Susmatu ere ez zuen egiten irakurle porrokatua izango zenik noizbait. Hasieran, 19 urterekin ezkondu bitartean, etxeko miseria saihesteko ihesbidea zen literatura, zinema eta irratiarekin batera. Inertziaz bezala jarraitu zuen letren artean, eta bizi izan zituen giroek eta aldaketek baldintzatu zizkioten, ondoren, irakurketak. Aspaldion, baina, plazerez leitzen du, eta iruditzen zaio aroka sailkatuko lukeela bere irakurle bizitza. Ez daki, ordea, irakurri duen hori guztia aprobetxatu ote duen. «Ze, hainbeste irentsi nuen, eta hain gutxi dakit... Pentsa dezaket digestio oso txarra egin dudala...». Pentsakor geratu da hori esan ondoren. Hirurogei bat urtean begietatik barneratutako hitz, esaldi, paragrafo eta kapitulu bakoitzak harentzat zein esanahi daukan deskodetzeko ahalegina egiten ari dela dirudi. Egin du, eta hasi da hitz egiten.

Atzera eginez, aurrena. «Auskalo» non dauden Zubiriaren txikitako liburuak. «30 bizileku baino gehiago eduki ditut; beraz...». Baina buruan dauzka; esaterako, tebeoak, «magikoak» zirenak. Etxean beti eduki zuen zer irakurri. Amak zeuzkan, adibidez, Corin Tellado eta Carlos Santanderren nobelak; baita barra-barra eduki ere. «Ni baino bost urte zaharragoa den anaia eta biok joaten ginen Donostiako Errege-Erregina Katolikoen kaleko liburu denda batera amarentzako liburuak aukeratzera. Ez dakit denda hura Rebeca ote zen.. Lasarteko liburutegian ere hartzen genituen». Liburuz inguratuta gogoratzen du haurtzaroa. «Igual ez ziren oso inportanteak izango, baina tira...». Umorez ekarri du akordura haren lehengusuek Chicas aldizkaria ezkutatzen ziotela, berak ikus ez zezan. «Bazuen komiki tira bat bi neskari buruzkoa, eta hura, nonbait, pixka bat berdea zen... Bueno, bueno, inuzentekeria bat zen-eta!».Hasi da beste izen batzuk zerrendatzen: La pantera negra aldizkari «txikitxoa», Oliver Twist Charles Dickensena, Cumbres borrascosas (Wuthering Heights) —«Bronte ahizpek inpaktatu egin ninduten»—, Emilio Salgari... Irakurri soilik ez: irratian ere aditzen zituen nobelak, Radio Madriden.

Hura izen zen lehendabiziko aroa. Nerabezaroan, baina, gauza «oso gogorrak» deskubritu zituen. «Alberto Moravia asko irakurri dut». Hasi zen liburuak erosten, eta idazle italiarraren La mascarada (La mascherata) eta Los indiferentes (Gli indifferenti) urte askoan eduki zituen etxean. Garai bertsuan, 16 bat urte zituenean, matraileko bat bezalakoa izan zen beste italiar baten, Curzio Malaparteren La piel-ekin topo egitea. Kontatzen zituen gerrako kontuak, haren interesak, haren hipokrisia, zinismoa... «Bai Malaparte eta baita Moravia ere asko gustatzen zitzaizkidan, gerraren, bizi izan ziren garaiaren erretratugile oso onak zirelako».

Bigarren Munduko Gerra eta 36ko gerra bukatu ondorenean jaiotakoa da abeslaria, eta etxeko «miseriari» aurre egiteko, irakurtzea eta irratia entzutea «sekulako ihesbidea» izan ziren harentzat. «Ni eta anaietako bat oso egarritsuak ginen. Dena asmatzen ari zen orduan; guretzat berria zen dena». Eta aurkikuntza horiek anaiaren eskutik edota bakarrik egin zituen. Oso bakartia zen Zubiria, gainera, lotsatia, lagun gutxi zituena eta askotan gaixo zegoena. «Beraz, denborarik ere ez nuen eduki kuadrilla batean-edo sartzeko. Asko sufritu dut horrekin. Klanak eta oso gaizki bizi ditut, pentsatu izan dudalako, beti, ni, nolabait, izan naizela sarkin bat. Ez dut eduki nire kuadrilla, beti defendatuko nauena, alderdi bat... Izan naiz beti susmagarri nagusia». Beraz, Rebeca liburu dendara jotzen zuen, bakarrik, eta berriak ez ziren aleak erosten zituen. Plaza & Janes editorialekoak, eta poltsikokoak. «Merke-merkeak», bota du barrez. «Baina beharrezkoak nituen nonbait». Ibilian-ibilian «ezinbestekoak» bihurtu zitzaizkion horietako bi izen dira Dashiell Hammett —«elegantea zen, baina beharbada hizkuntza klasikoegia erabiltzen zuen»— eta, batez ere, John Le Carre, genero beltzeko klasikoak. Espioien munduak asko erakarri duela aitortu du.

Baliabide gabeziagatik

Adinez nagusia bihurtu aurretik asko irakurritakoa zela badaki, baina horregatik beragatik arraroa sentitzen zen 60ko hamarkadaren erdialdeko sasoi hartan. Haren lagunek ez zuten libururik edukitzen eskuen artean, ez ziren zinemara joaten. Hori aipatuta, orduko pasarte bat berritu du: «Gauza handi bat bezala gogoratzen dut nire lehengusuak Añorgako zinemara eraman nitueneko eguna. El mayor espectáculo del mundo ikusi genuen [The Greatest Show on Earth, Cecil B. DeMille. 1952]. Nik oso ondo pasatu nuen, eta haiek, berriz, zera galdetu zidaten: 'Hau al da zinema?'». Halere, baliabide gehiago eduki izan balitu «beste mundu batean» egongo zela uste du 50-55 urte geroago. Bizi zen egunerokotik ateratzeko ihesbidea ziren-eta arteak. «Nik kantaria izan nahi nuen. Nire amak izugarri ondo abesten zuen, baina nire etxean debekatuta zegoen kantaria izan nahi zenuela esatea. Txorakeria horientzako tokirik ez zegoen. Zain zeuden anai-arrebok noiz zerbait egingo; noiz ofizio bat ikasiko eta soldata bat jasoko». Depresioak ere eduki zituen, bizi zuenaz «oso kontziente» zelako. «Zenbat eta gehiago irentsi, orduan eta elementu gehiago dituzu depresiorako, baina ez hainbeste horretatik ateratzeko». Hortaz, «giro krudel eta arrunt» hartatik ateratzeko, ezkondu egin zen 19 urterekin. «Ziurrenik, maiteminduta».

Hainbeste irakurtzeari utzi zion. Haur jaioberriari titia ematen ari zela leitzen zuen, eta oroitu du autore bat: Hans Habe. «Idatzi zuen, uste dut, naziei egindako Nurenbergeko epaiketari buruz...». Asko gustatu zitzaion. Bazituen beste nobela batzuk hain onak ez zirenak, Zubiriaren irudiko. La Tarnowska bai, ordea (Die Tarnowska). «Kontatzen zuen emakume baten istorioa, niregandik oso urrun zegoena. Nobleziako kidea zen, eta egin zuen iraultza moduko bat. Atentzioa eman zidan haren bizitzak; kontestatarioa zen oso». Autore feministak, halere, askoz ere geroago ezagutu zituen, ez baitzen intelektualekin gurutzatzen. «Ez zitzaidan tokatzen».

Harik eta banandu zen arte. 1977. urtea zen. Giroa aldatu zuen, eta iritsi ziren haren eskuetara Virginia Woolfen lanak, Carlos Castanedaren Las enseñanzas de Don Juan, Walt Whitmanen Hojas de hierba, Jack Kerouacen En el camino (On the Road)... Izugarri aldatu zioten burua. «Izan zen mundu hippy horretan sartzea...». Irakurgai haiekin konturatu zen beti izan zela feminista, jakin ez arren. «Pentsatzen nituen gauzak erokeria bat ez zirela ikusi nuen orduan...». Ikusi, bizi, sentitu eta isilean eduki beharreko jarrerak, tratu txarrak... Hori horrela da eta kito da gehien gorrotatzen duen erantzuna. «Ikusi ahal izan nuen ez nintzela hain arraroa, ez nengoela erotuta». Abangoardiarentzako irakurgaiak ziren horiek, baina bera ez zen horren parte sentitzen. «Nahikoa nuen nire oreka bilatzen». Behar zuen norbaitek arrazoia ematea, eta banandu ondoren irakurritako egileek bete zuten zeregin hori. Izan ere, arrazoia inoiz ez edukitzea oso nekosoa da, Zubiriaren iritziz, «eta ero puntu bat ematen dizu, gainera». Senarrarengandik banatu beharra oso mingarria izanagatik, modu positiboan oroitzen du garai hura. «Ziurtagiri bat izan ziren urte haiek. Nik hautsi nuen nire egoera; asko kostata, dena jokoan jarrita, baina ezin nuen gehiago».

Garai pedantea

Eta euskarazko literaturan orduan «sartu» zen. Baina asko kostata, ordura arte dena gazteleraz irakurtzen zuelako eta alfabetatu gabea zelako. Bere kasa hasi zen, eta Ramon Saizarbitoriaren Ehun metro aurkitu zuen. «Interesgarria zen oso; eta baita bera ere, pertsona bezala. Niretzat, ufa... Liburu txiki-txikia zen, eta eskuragarria iruditu zitzaidan. Baina ez zen edozein liburu. Oso sakona zen. Ulertu nuen, eta horrek eman zidan beste bake puska bat. Batetik, euskaraz zegoelako eta ulertu nuelako, eta, bestetik, istorioa ere konprenitu nuelako». Ez zen erraza, haren iritziz. Irakurtzen zituen Zeruko Argia eta Jakin-eta, eta iruditzen zitzaizkion memelokeriak. «Euskaraz beti horrelako gaiak, horrelako tontakeriak... Ikasi nuen erlatibizatzen geroago... Ados, lan handia egin zuten, baina ordura arte leitu nituen idazleekin konparatuta-eta, psikologia eta filosofia aldetik oso atzeratuta zeuden».

Sigmund Freud, Georg Wilhelm Friedrich Hegel-eta ezagutzen baitzituen Zubiriak. «Lotsa ere ematen dit». Barrez hasi da. «Garai batean oso pedante jarri nintzen: 'Kontuz, ni zinemara joaten naiz, filosofoak irakurtzen ditut'». Barre gehiago. Gaztetan ikasi zituen horiek. «Ez nituen inondik ere asimilatzen, baina zerbait ulertzen nuen». Horietaz ari dela, bat-batean gogoratu du beste liburu bat: Zergatik Panpox, Arantxa Urretabizkaiarena. «Saizarbitoriarenarekin konparatuta, bazuen beste erantsi bat. Berak esaten zuen ez zela feminista, adierazten zuela emakumeen mundu bat. Eskasiak, konplexuak, ziurtasunak...». Lagun egin ziren gerora idazlea eta kantaria. 80ko hamarkadaren hasiera da.

Hasi zen frantsesa ikasten, frantsesez irakurtzen, bazituelako hango maitaleak, eta, aldi berean, uste du itzuli zela ahozko komunikaziora, «aho-belarrizkora». «Asko gustatzen zait, umeek jasotzen duten hizkuntza bera delako; edozein hizkuntza hobeto ulertzen dut entzunez». Eta aipatu du 90eko hamarkadaren erdialdean-edo asko gustatzen zitzaizkiola Mariasun Landaren ipuinak. «Mundu imajinario hori, sentikortasuna...». Bai orduan eta bai orain, gogoa duenean baino ez du irakurtzen. «Pixka bat utzi egin naiz». Nabarmendu du, adibidez, Eider Rodriguezen Katu jendea. «Oso aberatsa, oso ingelesa...».

Apenas irakurtzen duen egunkaririk argitaratzen diren liburuen berri-eta edukitzeko; eta are gutxiago kritikarik. «Ez naiz fio bere buruari autoritate hori ematen dioten pertsonekin, kritikari mota batekin. Asko baldintzatzen dute, eta partzialtasuna ez dut gogoko. Beharrezkoak izango dira, baina ez zaizkit gustatzen».

Halere, 65 urterekin, bera, pertsona gisa, «eragin ona» ez dela bota du umorez. 65 urterekin, sei bat hamarkada liburuak irakurtzen pasatu eta gero, ez daki non dituen haietako gehienak. «Somerset Maughamen antologia bat daukat, Le Carreren El topo... Ehun metro, agian?». Eta ez zaio axola besteak non dauden. Testu onak, testu txarrak, haren ustez. «Eta zer dakit bizitzaz?», galdetu du. «Beharbada, momentuan tokatzen ez zitzaizkidan gauzak irakurri nituen». Ez daki zukurik atera ote dien. «Zer egin dut irakurritakoarekin?». Dena den, erremate gisa, ondokoa erantsi du: «Baina ez dut ahaztu nahi haien espiritua».

Bihar: Jon Garaño
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.