Albistea entzun

Joseba Tapia. Musikaria

«Jotzaileak egiten du instrumentua, eta ez alderantziz»

Gitarrarekin sortu eta jo ditu 'Tximela kapitainaren izarrak' disko berriko kantuak, baina azken urteetan landutako kantagintzaren bide berean dihardu, ahots propio gero eta sendoago bat eskainiz.
GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Gorka Erostarbe -

2014ko urtarrilak 5 - Usurbil

Duela 15 urte inguru Apoaren edertasuna (Gaztelupeko Hotsak, 1998) lanarekin bihurgune kontziente bat hartu zuen Joseba Tapiak (Lasarte , Gipuzkoa , 1964). Orduz geroztik, molde eta golde desberdinez, musika sail bera ontzen ari da; kantagintzarena. Hala ere, jakin badaki Tximela kapitainaren izarrak lanak badakarrela berritasun agerikorik, nola soinuan ala estetikan ere. Elkarrizketara ere gitarra lagun hartuta etorri da. Gitarrarekin sortu ditu lan berriko 18 kantuak. 36ko gerran Eusko Gudarostean aritutako Luis Rezola Aranari (Tolosa, 1914-1993) hartu dizkio hitzak horretarako; Tximela kapitainari, alegia. 1937an Duesoko kartzelan (Santoña, Espainia) preso zela idatzitakoei jarri die musika. Luis Fernandezen txeloa izan du osagarri bakar kantuotan, gaiaren gordintasunari azpimarra dramatikoa eginez. Biak ariko dira zuzeneko emanaldietan ere, huts-hutsean, gordinean.

Kantuek eskatu dizute gitarra ala gitarrak ekarri ditu kantuak?

Kantuek eraman naute gitarrara. Agur Intxorta maite-n trikitiarekin lortu nuen gerrako giro hura ekartzea. Kasu honetan ere gerra garaia da, baina kartzelaldian kokatua dago. Ilunpea, hotza, umedadea, bakardadea, beldurra... Sentsazio horietarako trikitia ozenegia egiten zitzaidan. Eta pentsatu nuen gitarrak lagunduko zidala.

Agur Intxorta maite-ko hitzetan topatu ez zenuen zer topatu duzu honetan? Zerk erakarri zaitu?

Bilbo galdu artekoa kontatzen zuen Agur Intxorta maite-k. Bilketa lanetan ari ginela konturatu ginen kantutegiaren zati bat baino ez genuela berreskuratu, ikaragarri zegoen arakatzeko: kartzelaldia, kontzentrazio eremua, fusilamenduak, ihesa, erbestea… Hasieran ez neukan hortik jotzeko intentziorik, baina, gero, bertso hauek irakurrita, gogoa piztu zitzaidan. Nik uste dut aurrekoen jarraipena dela. Kartzelaldia gai arrunta edo ezaguna da euskaldunontzat. Bestalde, gai unibertsala ere bada. Baina horrek baino gehiago bertsoek eurek erakarri ninduten, kantatzeko gogoa sortu zitzaidan.

Berehala harrapatu al zenion musikalitatea?

Ez, berehalakoan ez. Liburua irakurri eta aparkatu ere egin nuen. Halako batean, konturatu nintzen edertasun handia zekarrela eta oso kantutegi serioa zela. Ohiko bertsoen estrukturatik atera egiten zen zenbaitetan, librerako saialdiak zeuzkan. Horrek pista eman zidan, bertso estilotik kanturako bidea erakutsi zidan.

Liburu arrunta iruditu zitzaizun hasieran, baina Rezolaren bertsoak modernoak ziren garairako…

Dudarik gabe. Hogeita bi urterekin gerra anker baten erdi-erdian, askatasuna defenditzera boluntario. Bizkaiko mendietan borrokatu zen, Gorbeian eta Oitzen. Santanderreraino segitu zuten. Handik kartzelara. Heriotza gertu. Motibazioa garrantzitsua izango zen Tximelarentzat, urgentzia batean idatziko zituen horrelako gauzak, eta horrek halako askatasun bat hartzea ekarriko zion, gerokoei egiazko kontakizun bat uzteko beharrak sormena aktibatuko zion formaren aldetik ere.

Testuak lantzearen poderioz etorri zitzaizun musikalitatea, hortaz.

Proba batzuek egin nituen, eta kosta zitzaidan erregistroa harrapatzea, baina hori beti gertatzen zait. Eginahal batzuk egin, zakarrontzira izerdi asko bota, eta azkenean topatu nuen oreka. Lehen ere esana daukat, testu irregularrak, edo estrofa molde berrikoak, patxada hausten dizu. Hori, azken finean, eskertzekoa da, zailtasunetik beti ikasten baita gehiago erraztasunetik baino. Ni ikasten ari naiz, gauza bat baita doinu bat sortzea, eta beste bat, hitzari dagokion doinua sortzea.

Kronika pertsonal eta zorrotzak dira. Letra garaikideetan kosta egiten zaizu halakorik topatzea?

Asko interesatzen zait egungo literatura. Badago nondik hartu, zer baliatu. Real Politik horrela sortu zen. Gaurko eta lehengo testuekin kantutegi bat osatzea da nire asmoa. Ahalegin horri eskaini nahi diot nire abilidade apurra edo lapurra. Gustuko ditudan testuak apartatzen ibiltzen naiz eta Tximelaren sailak, azkenean, harrapatu egin ninduen. Gozamena da lan hau. Baratza egiteko hazi hoberenen bila ibili ahal izatea… zorte handia da.

Soinua utzi eta gitarra hartuta, kantagintzarako bilakaera burura eraman duzu. Gauzatu duzu?

Gitarrarengatik baino kantatzen ditudan kantuengatik gauzatzen dut kantagintza. Kantaria naiz aspaldidanik, trikitiarekin ari naizenean ere bai. Batzuek bateraezintzat joko dute trikitia eta kantagintza. Nire bakarkako disko horiek klarki baieztatzen dute posible dela. Balio lezakeela trikitiak horretarako. Lehenengo diskotik eman nuen pauso hori. Apoaren edertasuna izan zen. Handik aurrera, instrumentuak eta musikak hitzen jantzi modura hautatzen eta sortzen ditut. Quebec. Hamalau kantu independentziarako-n biolinak, kontrabaxuak eta gitarra klasikoak markatzen zuten oinarria. Eta tira eta tunba-n banda militar gisako zerbait egin nahi izan nuen… Hala ere, trikitiarekin sortu izan ditut musikak ia beti. Hau da lehenengoa gitarrarekin egin dudana bakarkako ibilbidean. Baina Tapia eta Leturia Bandeko kantuak gitarra elektrikoarekin egiten nituen. Ez dut esperimenturik egin nahi izan. Gaztetan asko entzun nuen estilo horietara jo dut. Estilo horretan topatu dut erregistroa.

Soinu txikiarekin behin betiko aspertu zara?

Ez, kasu honetan hitzek eraman naute gitarrara, baina... soinu txikiarekin aspertuta ere banago. Batez ere, folklorizazioagatik. Karamelu goxo bat bihurtzen ari da, bizar zuriko eta emazte zintzoko Olentzero bezala. Kondenatua zena politikoki hiperzuzena bihurtu dugu inpernuko hauspoa.

Instrumentuak ez du horren errua, ordea.

Egia da. Gu, berez, tresnazaleak gara. Guztiak gustatzen zaizkigu. Jotzaileak markatzen du, printzipioz, tresnaren norabidea. Baina, jotzaileaz aparte, badira beste faktore batzuk, ia beti komertzialak, beste norabide batean kolokatu nahi izaten dutenak. Ez da trikitiaren kasua soilik, hainbat herrialdetan ari da gertatzen herri-tresnekin, Bretainian, Galizian…

Folklorizazio horretatik salbatzeko errezetarik?

Kantagintza da errezeta, kantuaren zentzurik jatorrenean, kantagintza hiztuna. Horrelaxe sortu zen trikitia, hitz libre eta erotikoekin. Trikitilari guztiak ekarriko nituzke kantagintzara. Erromeria elegante askoak antolatuko genituzke.

Trikitizale klasikoenek esango dute: «Hau joan zaiguk betirako!»

Bai, aspalditik daude nirekin desenamoratuak ziurrenik, Tapia eta Leturia Band garaitik edo. Gero halako bilduma klasiko batzuk egin izan ditugunean eskertu ere egin didate. Beste ibilbide bat nahiago izango zuten seguruenik, fandango eta arin-arinean gehiago. Baina norberak egin behar du bidea senari eta lanari jarraikiz. Hori galaraztea bai litzakeela atzerapausoa. Tratu ona daukat trikiti inguruarekin. Errespetatzen naute, eta mugimendua sortzen dugu elkarrekin, tartean juergatxo batzuk ere bai.

Bestalde, musikazale modernoagoak esango du: «Hara! Bazetorrek hau gitarra hartuta».

Honezkero ez dira harrituko. Ezagutzen naute. eta esker ona ere jaso izan dut horiengandik. Ez nago kexatzeko moduan. Ez naiz kantari popularra izango, eta ez ditut antzokiak beteko, baina aitortzen didate lekutxo bat. Tratu ona daukagu kantariok.

Elkartu beharko zenukete?

Euskaraz kantatzen dugunok elkartu egin behar genuke, bai, beti aipatzen dugun kontua da. Badaukagu zertaz arduratu… Baina ez dugu pausoa ematen, zaila da Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen antzeko zerbait sortzea kantariekin. Agian, gogo-jardun batzuk antolatu behar genituzke urtean behin Arantzazun edo Beloken, halako solas ekaitz bat egiteko. Batzuek eta besteak zertan garen jakiteko, besterik ez bada. Ideiak sortuko lirateke.

Euskaraz aritzen zareten musikariak bakarrik elkartuko zinatekete?

Oker ez banago, Euskal Idazleen Elkartean ez dago idazle erdaldunik. Itzultzaileenean ere ez. Euskaraz kantatzen ez dutenez arduratu behar al dugu euskal kantariok? Agian, gure laguntzaren premian daude, baina ezin diegu jaramonik egin. Euskaldunontzat kantatzen dugu, ez erdaldunentzat. Barkatu, erdaldunok, ez zaudete gure lehentasunetan. Are gehiago, gure arazoaren zati bat zarete. Horrelakorik uste ez duzuen arren.

Baina euskaldunen artean ere publiko diferenteak badaude.

Bai, noski, rockzaleak, baladazaleak, popzaleak, trikitizaleak, heavy metalzaleak, orozaleak… Baina ez gara gure multzo potentzialaren laurdenaren belarrietara iristen. Komunitate txikia izanik errazagoa behar lukeela pentsa zitekeen. Eta ez da horrela gertatzen. Ez da ba izango irratirik eta telebistarik ez dugulako… Zergatik ote?

Zergatik?

Gure EITB horretan xeheki emango dizute azken kantari anglosaxoiaren berririk txatxuena, baina gure produkzioaren hamarretik bat baino ez digu ematen entzutera, eta telebistak ez du inoiz jarraipenik egin urtez urte sortu dugunaz. Artean Guggenheim eta musikan Euskadiko Orkestra. Irizpide horiekin, sorkuntzak jai dauka. Ez dago kultura sozializatzeko borondaterik.

Ahotsa modu soilean erabili duzu kantu gehienetan, baina bakarren batean badago aienerik, edo zure ahotsez osaturiko duo edo polifoniarik. Pixka bat, bederen, jolastu duzu.

Bai, giro ilun hotz hori islatu nahiak ekarri du ahotsa sinpleki tratatzea. Polifoniarena beste kontu bat da. Aurreko influentzien arrasto bat, lizentzia bat. Igual hor utzi dut hori firmatxo edo keinu modura. Lanaren orokortasunean, hutsaren hurrengoa dela uste dut. Hala ere, pertinenteak direla uste dut. Ez dira esperimentazioak, bakardadea eta urruntasuna adierazteko tantak dira, oihartzun efektu bat.

Giro soil eta bakarti horretan, atentzioa ematen du Inork nahi ez duen etxea kantuan erabilitako bossa nova edo txa-txa-txa erritmoak.

Doinu gozo bat jarri diot ironiaz. Ulertzen dut entzuleari zail samarra egitea, gero, ironian nabilen edo ez harrapatzea. Ebidentea da kartzelatuak ez duela kartzela maite, eta nik hainbat kantu eginak neuzkan kartzelan zer larritasunak pasatzen zituen adieraziz. Orduan, galdera sortu zitzaidan: nolako doinua jarri «besteren batek maiteko zaitu akaso» dioten hitzei?

Kontraste polita egiten dio hitzari.

Hori zen lortu nahi nuena. Dueso ez duela maite esateko, maite denari kantatzeko erabiltzen den doinu mota bat erabiltzea erabaki nuen. Kantaera ere eztia du, ironiak hala behar duela uste dut, zuk diozun kontraste hori.

Dueso kartzela bera pertsonaia bat gehiago da hitzetan.

Bai, polita da Tximelak ematen dion tratua. Batzuetan zulo bat da, beste batzuetan gela itxi bat, hurrengoan ama gaizto bat, goseak daukana, gero maitale ukatu bat… Dueso marka bat da euskaldunontzat. Gure historia handiari ez ezik, gure historia txikiari ere lotua dago. Tximela kapitaina Dueson egon zen garaian, hantxe zegoen Elgeta ere, trikitilarion aitapontekoa. Eta Elgetak, jaio zenean, Dueson zeukan aita…

Hitzak sortzeko gaitasunik ez duzula esan izan duzu. Zure bilakaerarekin, ez litzateke hurrengo urratsa hori?

Ez litzateke txarra asmatuko banu. Baliteke, baina ez da nire asmoa abilidade lehiaketa batean hastea, ez trikitiarekin ez gitarrarekin. Garrantzitsuagoa da disko eder bat egiten saiatzea. Parean tokatuko balitz nik hitzak egin eta hala ere disko eder bat izatea, zer esango dizut, izugarrizko poza hartuko nuke. Baina ibil nadin apal...

Diskoa salgai jarri duzu, baina ordaindu gabe hartzeko aukera ere ematen duzu. Helburua da gertutasunetik eta musika ezagutzeko aukeratik lortzea fidelizazioa, industriak urteetan egin duenaren kontrara?

Aldaketa bazetorrela bagenekien, aldaketa etorri zela ere konturatu ginen, eta erreakzioa nahiko berandukoa izan dugu igual. Halako batean, konturatu gara polainak astindu behar ditugula, eta hor gabiltza denak teknologiarekin borrokan promoziorako ere. Diskoa ez dago dohain, salgai dago, merke bada ere. Industria handiak oso garesti saldu ditu diskoak urte luzeetan. Ordaindu nahi ez edo ezin duenarentzat ere aukera utzi dut diskoa har eta entzun dezan. Pirateatzearen poza kenduko nion, noski, baten bati, eta barkamena eskatzen diot.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Miren Billelabeitiaren aurkezpena, Elkar liburu dendan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gazteen inguruko aurreiritzien aurka

Olatz Silva Rodrigo

Miren Billelabeitiak 'Norberak maite duena' saiakera kaleratu du, Pamiela argitaletxearekin. Urteetan gazte eta ikasleekin liburuen inguruan izandako solasaldietan oinarritu du liburua

Robert Treviñok zuzenduko du orkestra. ©JUAN HERRERO / EFE

EOk 'Lorratz' estreinatuko du, Elkanori buruzko proiektuko azken obra

Mikel Lizarralde

Zuriñe F. Gerenabarrenarena da lana, eta Euskadiko Orkestraren denboraldiko laugarren kontzertu programaren barruan joko dute

Plateruena: berriz zabalduko ditu ateak

Durangoko Plateruena kafe antzokiak berriz irekiko ditu ateak

Iñigo Astiz - Paulo Ostolaza

Udalarena izango da, baina kudeaketa publiko eta komunitarioa izango du; kultur mahai batek gidatuko du. Gune berriak hiru erpin izango dituela azaldu dute: euskara, kultura eta sorkuntza.

Harkaitz Cano idazlea, bere poema liburu berria esku artean duela, Donostian. ©Maialen Andres / Foku

Harkaitz Canok ‘Pozaren erdia’ poema liburua plazaratu du

Ainhoa Sarasola

Susarekin eman du lana argitara. 64 soneto bildu ditu idazleak, eta aitortu du «adiktiboa» egin zaiola hamalaudunaren egituran barneratzea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...