Amale Arzelus. Antzerkizalea

«Aitari eskainiko diot; berari esker naiz ni naizena»

Antzerkizale saria jasoko du Arzelusek etzi, Mungian (Bizkaia). EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak urteetan egindako lanagatik omenduko du.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Donostia
2011ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Txikitan hasi zen Amale Arzelus (Donostia, 1924) antzerki munduan. Ez zen hori, ordea, haren denbora-pasa bakarra. Hitzaldiak ematen eta irratiko esatari lanetan ere jardun zuen, eta hainbat aldizkari eta egunkaritan ere ibili zen lanean —tartean, Euskaldunon Egunkaria-ko Bidezidorrak sailean—. Ander Arzelus Luzear aitak zabaldutako bideari jarraitu zion, euskararen eta euskal kulturaren alde. Larunbatean omenaldia egingo dio EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak, Mungian (Bizkaia), II. Antzerkizale Egunean.

Nola hartu duzu antzerkizale elkarteak zu omendu nahi izatea?

Pozik, baina pixka bat lotsatuta. Nik adina egin dutenak izan dira, antzerki kontuan behintzat. Gure aitari eskerrak eman behar dizkiot. Aitari eskainiko diot; berari esker naiz ni naizena.

Ander Arzelus Luzear zenuen aita. Oso harreman estua izan zenuten, ezta?

Txiki-txikitatik hasi nintzen berarekin, zortzi bat urterekin. Niretzat Neskamearen marmarrak bakarrizketa prestatu zuen, eta hori askotan antzeztu nuen. Oso oroitzapen onak ditut. Lotsagabe samarra nintzen, eta aitak esaten zidan hurrengo igandean antzerkia nuela ez dakit non, eta ni pozik. Antzokietan egiten nuen herri askotan;Donostian, Poxpolinetan... Asko gogoratzen naiz garai hartaz.

Antzerkian ez ezik, beste hainbat arlotan ere jardun zenuen.

Hala da. Hitzaldiak ere ematen nituen zortzi-bederatzi urte nituenean. Aitak idatzi egiten zidan; bera hizlaria zen, baina ez zitzaion gustatzen jendaurrean hitz egitea. Itxuraz, ikusi zuen ni berritsua nintzela, eta hortxe hasi nintzen. Idatzi ere dezente idatzi dut, aldizkarietan eta abar. Eta oraindik ere idazten jarraitzen dut.

Zeren inguruan hitz egiten zenuen hitzaldietan?

Euskal Herriko kontuen inguruan izaten ziren hitzaldiak. Gogoratzen naiz Eibarren haurrei zuzendu nintzela. Hitz egin nuen, ondoren ereserkia abestu zuten eta nik esan nuen: «Ez dago holako internazionalik!». Beti gogoratzen dut hitzaldi hura. Irratian ere ibiltzen nintzen, Radio San Sebastianen. Aita han aritzen zen, eta ni speaker deitzen zioten horretan, aurkezpenak eta abar egiten.

Gerra garaian batetik bestera ibili behar izaten zenuten. Nola gogoratzen dituzu garai haiek?

Zarautzen, Deban, Lekeition, Bilbon... toki askotan ibili ginen. Zarautzen geundela, ez genekien aita non zegoen. Gu lagunei galdezka, eta ez ziguten esan nahi. Jose Antonio Agirrerekin eta beste lagun batekin joan ziren Estatutua edo halako zerbait egitera, Madrilera. Ez ziguten ezer esan, arriskutsua zelako. Gero Bilbon aitarekin ibili ginen. Han egin nuen azkeneko aldiz Neskamearen marmarrak, jaialdi batean. Handik Iparraldera joan ginen.

Berriro Donostiara itzuli zinetenean, euskara irakasteko eskola sortu zenuen etxean. Nolatan hasi zinen?

Elbira Zipitria izan zen sortzailea. Bera lehendik irakaslea zen, eta nik adiskidetasun handia nuen harekin. Hark euskaldun-euskaldunak hartu zituen irakaskuntza emateko, eta nik zailtasunak zituzten haurrak hartu nituen etxean, euskaran laguntzeko. Ume dezente joaten ziren. Goizean bi ordu eta arratsaldean beste bi egiten genituen. Ez genuen baimenik, baina uste dut pixka bat ez ikusiarena egiten zutela.

Garai hartan euskaraz hitz egiten al zen kalean?

Ez asko. Oraindik ere ez da asko hitz egiten! Jendeak jakin bazekien, baina orain ere bai.

Gauzak ez dira asko aldatu, beraz.

Niri orain esaten didate Donostian gehiago entzuten dela. Zerbait gehiago entzungo da, baina ez dakit. Gurasoek seme-alabekin hitz egiten dute, baina gero seme-alabek lagunekin erdaraz egiten dute. Beharbada, oso ezkorra naiz. Egia esan, horrenbeste ikastola egonda, badirudi aurrera egin behar duela. Askok dakite euskaraz, baina erabili... Azken finean, horrek du garrantzia. Zertarako euskara jakin, ez erabiltzeko? Jendea gehiago konturatu beharko litzateke euskara gure hizkuntza dela eta erabiltzeko dagoela. Hori egiten ez dugun bitartean, jai dugu.

Euskerazaintza elkartean ere sartu zinen. Zer egiten zenuten?

Euskararen inguruko giroa nola zegoen ikusten genuen, eta idatzi egiten genuen, euskara batuaren kontuarekin eta. Esaten zuten batua beharrezkoa zela, baina ez egin zen bezala. Euskaltzaindia gerra aurretik hasi zen zerbait egiten, eta,hasteko, gipuzkera osatua egin zuen. Baina gerra etorri zen eta horretan geratu ziren. Gero, besteek aitaren batean egin zituzten. Oinarri gisa lapurtera hartu zuten, eta, azkenean, gipuzkera bihurtu da, gauza batzuk aldatuta. Hangoek ere esaten zuten: «Nola har liteke gurea oinarri gisa? Hemen askoz gutxiago egiten dugu». Hala ere, asko ondu da hasieratik.

Elkartean jarraitzen duzu. Zertan zabiltzate orain?

Bilbon egiten ditugu bilerak. Denak adinekoak gara. 50-60 urteko hiruzpalau sartu dira orain, eta indarra ematen ari dira. Gazterik ez da sartzen, eta ulertzen dut. Gazteek orain batuarekin ikasten dute.

Nola ikusten duzu antzerkiaren egoera?

Gure garaian ez zen erraza. Baliteke orain okerrago egotea; lehen, ez zegoen egungo egoera, horrenbeste langabe... Baina erraz ez genuen izan. Egia esan,gutxi joaten naiz antzerkia ikustera, askotan ez daukadalako norekin joan, baina badut gogoa gehiago joateko. Zineman bai izan naizela duela gutxi, Urte berri on, amona! ikusten; oso bitxia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.