Natxo de Felipe. Musikaria

«Handiagoak dira kontatzeko ditugunak kontatutakoak baino»

Apaindurarik gabe kontatzen ditu Natxo de Felipek Oskorri taldearekin kulturgintzari ezagutu dizkion itzalguneak, eta egun ere egoera estuan daudela dio. Horregatik jo dute sustraietara: Gabriel Arestirengana.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Barakaldo
2013ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Gordin azaltzen du gordin ezagutzen duena Natxo de Felipek (1949, Bilbo). Erresumin arrastorik gabe, baina apaindurarik gabe. Azken batean, bere egiaz ari da. Oskorrirekin pilatutako 40 urteko esperientziaren ondorioz ikasi dituenez. Mintzo da zentsura ofizialaz, ETAk haien aurka egindako atentatu saioez, igarri duen kulturarekiko axolagabekeriaz, eta sorkuntzak dakartzan sakrifizioez. «Herri anormal batean talde anormal bat gara», dio. Gabriel Aresti idazleak ireki zion euskal kulturarako atea, eta oraindik ere igartzen zaio haren itzala hitzetan: «Gure artean balitz, egunero emango zuen garrotea leku guztietan». Bere egiten du jarrera hori De Felipek. Kritiko. Zorrotz. «Euskal kulturaren kontu hau da gezur ikaragarri bat». Beti aritu behar izan dutela haize kontra, eta orain ere hala dabiltzala. Krisiak estu hartu dituela, eta mugan daudela. Horregatik sortu dute Arestirekin izandako harremanari begiratu bat ematen dion saio akustikoa. Formatu txikiarekin, aurrekontu txikiarekin. Apirilaren 11n Barakaldon (Bizkaia) egingo dute Gabriel Aresti, Bizsitan emanaldia. Sustraiei buruz ari dira, finean.

Klabea izan da Aresti zuentzat.

Beti izan da oso konstantea bere presentzia. Orduan deskubritu genituen munduetan berak izan zuen ikaragarrizko garrantzia. Gu ginen Bilboko gaztelaniazko kulturan, espainolidade totalean bizi ginen urbanita batzuk. Guk ez genuen inongo informaziorik. Guretzako hura basamortu bat zen. Gabrielen [Arestiren] liburuak Correo kaleko Verdes liburu dendan topatzea guretzako izan zen izugarrizko deskubrimendua. Euskal Harria argitaratu berria zen, banituen pare bat edo hiru kantu musikatuak, eta egun batez anaia nagusiaren laguntzaz haren etxera joan ginen, gitarra besapean. Kantak oso ongi zeudela esan zidan. Belarri oso txarra zeukan. Orduan hasi zen gure harremana, eta elkarrekin hasi ginen lanean. Euskararekin batera guk dena ikasi behar izan genuen: Aita Donostiaren eta Azkueren kantutegiak, gure erritmoak, euskal poetika... Guretzako zortziko nagusia edo zortziko txikia ez ziren existitzen. Ez genekien deus! Gabrielen bitartez ezagutu genituen gure bertsolaririk basatienak: Pello Errota, Udarregi, Txirrita... Eta ikasi genuen nola miresten zituen berak bertsolari haiek, eta nola ez zituen batere onartzen beste izkinakoak. Oso erradikala zen. Eta bere laguntzaz sartu ginen bertsolarien eta poeten munduan gu. Oso harreman politak izan ditugu hari esker.

Gidari lanak egin zituen, beraz?

Ni oso afizionatua naiz gure klasikoekin, baina lehen ez nuen haien notiziarik txikiena ere. Arestik bere gaztaroan egin zituen gauza harrigarriak. Esate baterako, nola orduan ez zegoen klasikoak eskuratzerik, Axularren Gero eskuz eskribituta dauka lehen hitzetik azkenera arte. Gauza ikaragarriak zeuzkan! 1954an, 21 urteko mutil moko batek zelan egiten ditu bere lehenbiziko poemak euskara batuaz Bilboko basamortuan! Hori ikaragarria da. Hori da profeta bat!

Eta nola ikusten duzu orain Arestiren figura?

Zoritxarrez, ez dago batere girorik. Euskal mundu hau oso murritza da, oso txikia, oso mugatua. Eta euskal mundu ez denak ez du guri buruzko inongo notiziarik, eta apenas duen guganako interesik ere. Gabriel bizi izan balitz, egongo zen hemen garrote ematen bazter guztietan. Berak eragin ikaragarria izan zuen bide berriak urratzen. Bera hilez geroztik, zoritxarrez, euskararen kontua gelditu da erdi funtzionario diren batzuen eskuetan. Joko handiegia eman zaio Euskaltzaindiari. Eta Euskaltzaindian oso indar atzerakoiak daude. Xabier Amurizaren azken liburuak irakurri behar dira jakiteko zer pasatzen den euskararekin. Lehen garbizalekeria esaten zitzaion, eta orain ere purismo ikaragarria dago. Arestik nahi zuen euskara efiziente eta sufiziente bat. Eta hori da lortu ez duguna, eta, dirudienez, lortu nahi ez duguna. Pentsa, efiziente esateko esaten dugu eraginkorra, eta sufiziente esateko esaten dugu buruaskia. Horrelako kriterioekin gure hizkuntza hilerrira daramagu, ez da inongo dudarik. Eta BERRIAn ere aplikatzen diren kriterio linguistikoak oso okerrak dira, nire ustez. Euskaldunon hizkuntza euskara da, eta ez Azkuera edo Euskaltzaindiera. Aresti gure artean balitz, emango zuen garrotea egunero leku guztietan.

Zu ere ez zara motz gelditu.

Ni kantari xume bat naiz. Baina uste dut alarma egoeran gaudela, eta Amurizak atera dituen azken liburuetan oso gauza interesgarriak bota ditu, baina badirudi inori ez zaizkiola interesatzen.

Hasi zinetenean, zentsura eta boikotaren artean ibili behar izan zenuten. Zaila izango zen hala hasi beharra.

Egoera dramatikoa zen. Herri honetan kritika ideologikoaren eta atentatuaren arteko muga oso lausoa zen. Gure kasuan, kritikatik atentaturako muga ezabatu egin zen, eta, zorionez, hemen gabiltza, baina txiripaz.

Zer atentatu?

Bat baino gehiago izan genuen. Bagenuen flauta jotzaile bat taldean, taldea utzi zuena ETAn sartzeko. Eta bera Baionan zegoela entzun zuen nola Oiartzun inguruko herri batean egin behar ziguten atentatu bat. Eta berari esker, gure flauta jotzaile ohiari esker, atentatu hori ez zen gertatu. Hori oso larria da. Eta organizazioko zuzendaritzako kide batek beste behin deitu zituen Gipuzkoako herri txiki batean geneukan kontzertuko antolatzaileak kontzertua suspenditzeko esanez. Kontzertua ez zuten suspenditu,eta jarri ziguten petardo bat eszenatoki azpian. Azkenean, ez ginen beste aldera joan, euria egin zuelako eta azken momentuan eszenatokia plazatik elizako arkupetara eraman behar izan zutelako. Baina gazteek gure aurkako mobilizazio bat antolatu zuten,eta «¡Que viva España!» kantatzen ibili ziren. Antolatzaileei esker atera ginen handik. Horrelakoak pasatu zaizkigu. Eta Arestik eta Lur editorialekoek ere hamaika kontu izango dituzte kontatzeko. Ramon Saizarbitoriak, Arantxa Urretabizkaiak, Ibon Sarasolak... Jende horrek mila kontu izango ditu kontatzeko.

Fronte artistikoan ere badago zer gogoratua.

Gauza horiek oso latzak dira. Jende askori ez zaio gustatuko kontatzen dudana. Ipuinak kontatzen ditudala esango dute, baina ni ez nabil ezer asmatzen! Gauza horiek gertatu egin ziren, eta nik badakit zeinek deitu zuen gure kontzertua suspenditzeko esanez, eta, suspenditu ez zutenez, nola ordena eman zuen gure eszenario azpian petardo bat jartzeko.

Eta, hala ere, aurrera?

Bai, bai. Eta alegriaz, gainera. Alegrantzia handia dauka gure ofizio honek, eta oso ongi pasatu dugu. Gazteak ginen, eta gazteentzako zailtasunak gasolina dira beti. Baina, egia esanda, jode, alde batetik, gu matxakaturik geunden zentsurarekin, poliziarekin eta multekin, eta, beste aldetik, ministerioarena baino zentsura latzagoa jasan genuen abertzaleen sektore batzuen partetik ere.

Orain, ekonomikoak dira zailtasunak. Krisiak eragin handia izan du zuen lanean, eta horregatik jo duzue formatu txikiko ikuskizuna sortzera, adibidez. Gasolina dira zailtasunak, 40 urteren ondoren ere?

Euskararen munduan ibiltzeak badu militantzia zama ukaezin bat. Polita litzateke esatea egoera aldatu dela eta orain aldeko daukagula, baina ez. Oso kontrako daukagu egoera. Nahiz eta gu traidoreak eta espainolistak izan, 18 urte genituenetik ibili gara euskal munduan. Eta orain 63 urterekin jarraitzen dut kantuan,inolako gizarte segurantzarik gabe. Ni intseguridade absolutuan bizi izan naiz, eta bizi izan naiz nire emaztearen soldatari esker. Baina jendeak pentsatzen du, akaso, jende famosoa garenez eta ateratzen garenez irratian eta telebistan badugula zerbait. Baina, nik ez daukat inongo txaletik eta ez daukat inongo segurtasunik ere. Gabriel Aresti hil zen, bankuan 2.000 pezeta zeuzkala! Bere lagun minenok badakigu nola ibili zen bere familia laguntzak-eta kobratzeko. Gabriel Arestik utzi zituen 2.000 pezeta kartillan! [Isilune luze bat].

Giroa lasaiagoa da orain. Sumatzen duzue zuen aurkako jarrera haren arrastorik?

Gauza asko dauzkagu kontatzeko. Eskatzen digute memoriak idazteko, baina ez da hori kontua. Ez dut jendea kakazten hasi nahi, baina gauza harrigarriak dauzkagu kontatzeko. Orain oso inportantea den jendeak, postu inportanteetan dagoen jendeak, egin diguna da sinestezina.

Eta kontatuko dituzue?

Ez. Ez du merezi miseriatan ibiltzerik. Jendeak pentsatuko du jende guztia kakazten nabilela, baina ez. Guk kontatzeko ditugunak askoz ere larriagoak dira kontatu ditugunak baino.

Nostalgia apurrik ez, hortaz?

Gure nostalgia nagusia da lastima bat dela karpetan dauzkagun sei-zazpi proiektu horiek publikatu ezina. Hori da gure nostalgia bakarra. Gure eguneroko ogia gure izerdiz irabazi dugu, eta egin ditugu gauza atipikoak. Askotan esan dugu herri anormal bateko talde anormal bat garela. Beste inguru kultural batean bizi izan bagina, askoz ere lasaiagoa izango zen gure eskaintza artistikoa. Baina gu oso pozik gaude egin dugun bidearekin, eta dauzkagun proiektuak oso interesgarriak dira. Gaur egun, Bizkaiko edo edozein lekutako kultura diputatuak esaten du normala dela egoera honetan kulturarekin egiten ari direna. Esaten du familia batek lehenengo uzten duena liburuak, teatroa eta halakoak direla. Ez, ez, diputatu anderea. Lehenbiziko utzi behar lukeena da Athleticen sarrera, larunbateko afaria... Liburuak, teatroa, musika oso inportanteak dira! Hori da arimako elikagaia. Kultura diputatu batek ez lituzke halakoak bota ahal izan beharko. Dimititu egin behar luke berehala.

Argitaratu gabekoak argitaratzeko esperantzarik bai?

Ez dakit. Egoera deskribatu dizudana da. Ikusi euskal eskritore inportanteak, adibidez. Saizarbitoriak argitaratzen du liburu bat bost urtean behin, edo zazpi urtean behin. Eta Saizarbitoria da eskritore bat ikaragarria. Zergatik ez du gehiago egin? Ba, seguru beste zeregin batzuetan ibili delako. Gabrielek utzi zuen hamar aleko obra hori ikaragarria da, eta kontulari lanetan aritzen zen. Eta justu Gabriel hil zen profesionalizatzeko aukera etorriko litzaiokeen garaian. Gabriel izan balitz urte guzti hauetan eskritore profesional bat, gaur egun izango zukeen obra ikaragarria izango zen. Baina berdina esan daiteke Saizarbitoriari buruz ere, eta Koldo Izagirre ere ni seguru nago kondizio oso txarretan dabilela. Eta hori ezin liteke onartu. Ezin liteke onartu gure jende interesgarriena nola dabilen. Hau da gezur monumental bat. Euskal kulturaren kontu hau da gezur ikaragarri bat. Eskritore inportante horietariko batek egin dezake bere etxeko bakartasunean nobela ikaragarri bat, eta edozein argitaletxek ez badio argitaratzen, euskal libururik jadanik saltzen ez delako, bada jar dezake sarean. Baina musikariok ezin ditugu diskoak egin eta sarean horrela jarri. Gureak gastu ikaragarria dakar. Oskorrik egingo dituen hurrengo proiektuak? Nigatik, bai. 60 urte dauzkat, baina ez dut sentitzen 60 urte dauzkadanik. Indartsu sentitzen naiz, bizibide honek gaztetu egiten duelako. Baina, askotan, gogoak ere kentzen zaizkizu.

Kantutegi zaharretan bildutako kantuak emateari eskaini diozu denbora franko. Ez duzue damurik sorkuntzari denbora gehiago ez eskaini izana?

Ez. Ez dut uste egin dugun ezerk murriztu gaituenik. Guretzat hori izan da eskola bat. Gu espainolian sortuak gara. Ez soilik ni, Anton [Latxa] ere bilbotarra da eta Bixenteren [Martinezen] ingurua ere antzera. Gazteago direnek izan dute beste hezkuntza bat, baina guk ez. Euskal kantutegia ikastea guretzat izan da eskola moduko bat. Eta oso lagungarri izan zaigu kreaziorako. Ekilibrio inestable horretan oso kontent ibili gara. Jendeak nahasi egiten ditu gauzak, eta esaten du gu folk talde bat garela, baina gu folk talde bat baino gehiago gara. 500 kantu izango ditugu argitaratuta. Hor dago antzinako kantuak bertsio osoagoetara eramateko The Pub Ibiltaria izeneko bilduma, baina gure kantu gehienak kantu berriak dira. Poeta garaikideen letrekin egindakoak. Guk badakigu zer garen.

Zurrumurrua badabil Oskorri bukatze bidean ote dagoen.

Ez. Gu ez gaude bukatzeko asmotan. Egoera dago gu akabatzeko puntuan. Guk ez dugu inongo asmorik akabatzeko. Badauzkagu proiektu politak buruan. Badauzkagu gure kantu propioak, argitaratu gabe. Kultura diputatu batek esaten duenean normala dela bizi dugun egoera, eta gizarte zibilak ez badu erreakzionatzen egoera horren aurrean... Euskal mundua oso txikia da. Hiperaktiboa da bere txikitasunean, baina ez du gehiagorako ematen, eta badakigu zoritxarrez gure herrikide frantses eta espainiarrek ez dutela behar luketen solidaritaterik gurekiko. Ez dute izan sekula. Gure errua ere izan daiteke neurri batean. Egoera latzenetan ere erantzuteko ahalmena asko txikitu da. Indarra galdu da. Lehen, erantzuteko ahalmena oso indartsua zen. Auto-organizazio maila handia zegoen. Baina dena dago prestatuta gu desmobilizatzeko. Aktore eta artista izateko baino, espektadore eta pasibo izateko dago dena prestatuta. Eta gure konstante bat izan da gure jendea probokatzea kantatzera, jotzera... Horregatik aritzen gara partiturak prestatzen musika eskoletan jo ditzaten, eta jendea kantari paratzeko ahaleginetan. Jendeak ipuin bat eskribitzen duenean, edo poema xixtrin batzuk egiten dituenean, beti gozatuko du gehiago poesiaz eta ipuinez. Egin behar dugu ahalegina denak artista izateko. Eta hori lantzen da egunean-egunean.

Oskorrirekin ikasi duzue bizitzen.

Konbibentzia eskola ere izan da taldea. Denok ez dugu bat pentsatzen taldean. Ezta ideologikoki ere. Oso iritzi diferenteak daude, eta horregatik ez dugu jotzen maiz zenbait lekutan. Gaur egun, jende diferenteekin ongi moldatzea ez da oso erraza.

Igual, eskolak ematen hasi beharko zenukete?

Ez, ez. [Barre egiten du]. Askotan, ez dugu oso argi jakin zer nahi genuen, baina zer ez genuen nahi bai. Igual itsumustuan ibili gara gauzak bilatzen, eta hala urratu dugu nahi genuen bidea. Gure espiritua beti izan da artisaua. Nahiko kontu demokratikoa izan da, gainera, nahiz eta batzuetan demokrazia oso nekeza den. Uste dut funtzionatzeko manera oso ederra izan dugula. Nekeza baina oso polita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.