Donostiako 59. Zinemaldia. Asier Altuna. Zinemagilea

«Beste mundu bat deskubritu dut film hau egitean»

Kursaaleko areto nagusia ia-ia beterik, txaloak eta harrera beroa jaso ditu Asier Altunaren 'Bertsolari' film dokumentalak, Sail Ofizialean, lehiaketatik kanpo

Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Sormenaren unean amildegi ertzean irudikatu du Asier Altunak bertsolaria —Miren Amurizaren irudia emanik—, eta haren lana itsasoak ezabatuko dituen hondar gainean idatzitako letrekin konparatu du, Bertsolari filmean. Irudi horiekin eta beste askorekin islatu du egungo bertsolaritza zer den, eta horien artean 2009ko Txapelketa Nagusikoek indar handia hartzen dute filmak aurrera egin ahala. Hitzak bertsolarien ahoetatik bildu ditu batik bat: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Jon Sarasua… Baina badira bertsolaritzaren aztertzaileak ere filmeko hizlarien artean, Joseba Zulaika antropologoa horien artean. Ezagutzen dutenei zein ez dutenei bertsolaritza zer den emozioen bidez azaltzen duen film bat osatu du osagai horiekin eta beste hainbatekin.Atzo estreinatu zuen filma Altunak (Bergara, 1969), Sail Ofizialean, lehiaketatik kanpo.

Film hau egiten hasi aurretik ez zenuen aparteko loturarik bertsolaritzarekin. Nola sortu zitzaizun filma egiteko asmoa?

Bertsolarien txapelketetara joaten nintzen bakoitzean, emozionatu egiten nintzen, eta uste dut hortik sortu zela pelikula hau egiteko lehen ideia. Gero pelikula egitea planteatzetik gaur arte bide luzea egin dugu. 2009ko Txapelketa Nagusiaren finalaren aurreanplanteatu nuen kamerak eraman eta grabatzen hastea. Andoni Egañari proposatu nion jarraipen bat eta elkarrizketa batzuk egitea, eta baietz esan zidan. Hortik aurreragurpil batean sartu nintzen, eta bi urte geroago hemen nago.

Txapelketak trama moduko bat ematen dio filmari. Txapeldunaren eta txapeldungaiaren arteko lehia bat kontatzen da.

Andonik lau txapel zituenez eta haren txapela arriskuan zegoenez, pentsatu nuen oso zinematografikoa izan zitekeela txapel hori galtzea edo irabaztea. Orduan Andoniri jarraipena egitea planteatu nuen, pentsatuz narratiboki jokoa emango zuela, hura izango zela protagonista eta heroia. Elkarrizketatzerakoan esan zidanean berak irabaztea baino nahiago zuela lagun batek irabaztea ez nion sinetsi. Gero ez zen buruz burukora iritsi eta nire heroia jausi egin zen. Pelikulako klimaxa izorratu zitzaidala pentsatu nuen orduan. Baina gero, muntaketa lanetan, konturatunintzen ez nuela bertsolaritza hainbeste ezagutzen, eta bertsolarientzat irabaztea edo galtzea baino garrantzitsuagoa dela denon artean bertsolaritza bultzatzea eta transmisioa zaintzea; beste balio batzuk dituztela irabazi edo galtzearen gainetik. Orduan jabetu nintzen kristoren pelikula egin nezakeela horrekin.

Txapelketak eta txapelketako finalak garrantzi handia hartzen dute filmak aurrera egin ahala.

Finala oso berezia izan zen, polita, hunkigarria, eta nik hura grabatzeko zortea izan nuen. Gainera, orduan egin genuen trailerra oso garrantzitsua izan zen finantzazioa bilatzeko, eta baita neu seguru sentitzeko ere.

Bertsolaritza zer den eta bertsolariek zer egiten duten erakusten du filmak, baina ez da film didaktikoa, ez da erreportaje hutsa. Nola planteatu duzu lana?

Hasieratik nuen oso garbi pelikula bat egin nahi nuela, asmoa ez zela bakar-bakarrik bertsolaritza zer den esplikatzea, eta gidoia bidean osatzen joan naiz, bertsolarien lekukotasunetatik eta haiek jarraituz eta haiekin lan eginezikusten nuenarekin. Azkenean, jolasten amaitu dut eta, egia esan, plazer handi bat izan da. Pausoak oso segidan eman ditudalako irudipena dut. Azkenengo prozesu hau, martxotik gaur artekoa, oso bizi joan da, bertso bat botatzea bezalakoa izan da gutxi gorabehera, ti-ta, egin eta kitto. Muntaketa lana geldiunerik gabekoa izan da. Hiru hilabete, oso bizitasun handikoak, eta une batean esan genuen: «Kitto, egina dago».

Norentzat egindakoa filma da?

Nik hasieratik izan dut argi bertsolaritza altxor txiki bat dela eta kanpoan ez dela ezagutzen. Espero dut bertsolaritza ezagutzen ez duenak gustura ikusteko moduko pelikula izatea, eta bertsolaritzarekin harrituta gelditzea, baina bertsolaritza ezagutzen duena ere inguratuko dela, harentzat ere interesa izango duela.

Bertsolariak beste arlo batzuetako sortzaileak baino elkartuago daudela diote, eta zuk ere haien artean indarra duten balio kolektiboak aipatu dituzu. Zer iruditu zaizu bertsolarien arteko giroa?

Bertsozale Elkartea eta haren funtzionamendua ezagutu dut, lan egiteko zer ahalmen duen eta zer harrera… Normalean gaurko gizartean nagusitzen ari diren balioak konpetibitatea, egoismoa eta indibidualismoa baldin badira, bertsolarien artean justu kontrakoa aurkitu dut. Beste mundu bat deskubritu dut lan hau egiten; funtzionatzeko beste era bat, eta funtzionatzeko era horrekin bizi daitekeela, gauzak beste era batera egin daitezkeela… Hori frogatu egin didate eta hori deskubritzea oso polita izan da.

Ez legoke gaizki halako giro bat eta halako elkarlan bat zinemagileon artean, ikus-entzunezko profesionalon artean…

Baita ere, jakina. Ez pentsa ez zaidanik hori burutik pasatu. Bertsozale Elkartean bai bertsolariak eta bai bertsozaleak batzen dira, denak daude batuta, eta martxan dagoen mugimendua da, oso arrakasta handia duena… Oso interesgarria da mugimendu hori tradizioa baztertu gabe eboluzionatuz egungo mundura oso modu natural eta sanoan iristeko, bizitasun handiz gainera. Zinemagileen artean ez dago halako girotik, bakoitzak berea dauka.

Bertsolari Sail Ofizialean, Urte berri on, amona! Zabaltegin, Bi anai, Arriya, Azken bidaia eta beste Zinemiran… Garai oparoa dirudi azken urteetakoa, bahintzatduela sei bat urte arte zegoena kontuan hartuta.

Ilusio handia egiten dit Telmoren [Telmo Esnal] pelikula ere hemen izateak. Uste dut garai polit batean gaudela.

Zeren ondorio da hori?

Argi dago: Ibaia ekoizleen elkartearen eta ETBren akordioarengatik ari dira pelikulak egiten. Bestela ez genuke ezer egingo. Guk Madriletik, nahiz eta aurkeztu eta buelta asko eman, ez dugu laguntzarik jaso Bertsolari egiteko. Hemen jasotako laguntzarekin lortu dugu aurrera eramatea. ETBk hemen ekoitzitako filmak laguntzeko betebeharra dauka, baina orain koproduktore gisa eta benetan sartzen ari da, eta horrek ematen du aukera pelikulak egiteko. Uste dut hori dela motibo nagusia. Eta baita jende asko ari dela han eta hemen mugitzen proiektuak aurrera ateratzeko. Adibidez, atzo ikusi nuen Azken bidaia, Comete sareari buruzkoa, atzerriko enpresekin koprodukzioarenbidetik finantzatua. Jende asko ari lanean, eta jendea mugitu egiten da. Baina hori bai: oso larri gabiltza denok, oso-oso justu. Film asko egokitu dira azken urteetan eta ematen du oso egoera onean gaudela, baina, krisiarekin kontuarekin eta abar, hau dena bukatzeko arriskua ere ikusten dut. Beldurra ematen dit, egia esan.

Zein izan daiteke zure hurrengo proiektua?

Bertsolari-ren promozioaren kontuak pixka bat baretzen direnerako, badauzkat istorio batzuk idatzita, baina ez dakit zeini helduko diodan. Izan daiteke fikzioa edo izan daiteke dokumentala. Eta beti jarraituko dut film laburrak egiten, asko gustatzen zaidalako.

Telmo Esnalek iragarri du Hamaiketakoa izango dela bere hurrengo film laburraren izenburua. Zuk zer iragar dezakezu?

Ez du izenbururik oraindik, baina argi daukat zertaz izango den. Jorge Oteizaren poema batean oinarritutako film laburra izango dela, hori da oraingoz konta dezakedana .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.