Konprometitua zenez, librea

Txillardegi nor zen eta hark ekarritakoa zer izan den aztertzeko asmoarekin, Berria Telebistak mahai ingurua egin du Joxe Austin Arrieta eta Xabier Mendiguren Bereziarturekin.

Joxe Austin Arrieta, Idurre Eskisabel eta Xabier Mendiguren Bereziartu, atzoko mahai inguruan. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Igor Susaeta.
Andoain
2012ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-rekin (1929-2012) «gauza askotaz» hitz egin zitekeen, Xabier Mendiguren Bereziartu (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa, 1945) hizkuntzalari eta itzultzailearen ustez .«Atsegina zen, gainera». Joxe Austin Arrieta idazle eta itzultzaileak «adiskide hurbilen» taldekoa zuen: «Bera irakasle eta ni ikasle ginen garaitik, hasieratik, samurra eta xumea zela ikusi nuen. 'Hika egin niri', esan zidan lehen egunean». Berria Telebistak mahai inguru batean batu zituen biak atzo, eta, Idurre Eskisabel kazetaria gidari zutela, Txillardegiz, haren lanaz, mintzatu ziren luze eta zabal. Pertsonaz, idazleaz, hizkuntzalariaz, euskaltzaleaz, abertzaleaz, politikariaz... Nor zen eta hark ekarritakoa zer izan den aztertu zuten. Ez zitzaien eskatu hil berria definitzea, baina Mendigurenek zera adierazi zuen: «Hasieratik bukaerara konprometitua egon zen bere analisi, ideia eta obrekin. Eta horregatik zen librea».

Intelektual «fina eta zorrotza» ere bai, Arrietarentzat. Huntaz eta Hartaz liburuaren bidez ezagutu zuen hil berria: «Lan hark zirrara eragin zigun niri eta nire belaunaldiko euskaltzaleoi». Mendigurenek Saioka eta Iker taldeetan aritu zenean eduki zuen lehen hartu-emana Txillardegirekin.

«Zalantza asko» zituen pertsona iruditu zitzaion beti Arrietari. «Argi zuen, ordea, zeintzuk ziren bere bizitzaren ardatzak: euskara, Euskal Herria, eta horren gaineko gogoeta eta ekintza». Ez zen, ordea, monotematikoa. «Pertsona kezkatu baten erradio osoa hartzen zuten haren gogoetek. Aurreneko saiakera liburuan, adibidez, gizaki guztioi dagozkigun gaiak azaltzen zituen», adierazi du Arrietak. Horregatik, unean uneko «pentsalari garrantzitsuenen» testuak irakurtzen zituela gehitu du Mendigurenek. «Miguel Unamunoren zalea zen, eta hark bizitzari buruz zuen sentimendu tragikoa oso errotua zeukan bere baitan. Uste dut Euskal Herriaren beraren bizitza horrela ikusten zuela». Kanpotik zetozen pentsalarien ekarpenak kontuan hartu zituen. Jean Paul Sartre eta Simone de Beauvoirenak, esaterako. «Eta horien ekarpenak ez ziren hizkuntzari lotutakoak», nabarmendu du Mendigurenek. «Gizakiak eguneroko bizitzan eta gizartean dituen arazoei erantzun bat emateko modua zen. Gizakiarekin zerikusia duen guztia iruditzen zitzaion oso interesgarria». Puntuari erantzun dio Arrietak: «Unean uneko eginkizunari, eta norberaren hurbileko gizarteari erantzun bat ematen aurkitzen zuen bizitzaren zentzua».

Horren guztiaren ondorioz, euskal literaturari ekarpen handia egin zion. «Formaz eta edukiez, aurreko egileekin konparatuta, zeharo ezberdina izan zen haren ekarpena. Balioetan, kezketan... Ezberdinak ziren. Batzuek, dena den, formetan hain berritzailea ez zela zioten», esan du Mendigurenek. «Bai, izan ziren horren inguruko eztabaida batzuk», Arrietaren erantzuna. Mendigurenek beste hari bati tira egin dio. «Halere, jada garai horretan euskara batua izango zena eskaintzen zuen nolabait». Arrietak, baina, egilearen obraren zenbait ekarpen ez direla aintzat hartu iritzi dio: «Haizeaz bestaldetik eta Labartzari agur, adibidez, ia-ia oharkabean pasatu ziren. Eta, agian, hor dago Txillardegiren adierazpide poetiko trinkoena».Mendigurenek beste pentsalari handi bat jarri du mahai gainean, gaiari jarraipena emanez: «Askotan ematen zuen Nietzscheren prosaren ispilatze moduko bat zela. Ohiko irakurleei zaila egiten zitzaien hura irakurtzea. Oso landua zen, trinkoa, hizkuntza aberatsekoa...Kriptikoa, batzuen esanetan». Mendiguren iritziz, Txillardegiren nortasun zabalaren ezaugarrietako bat haren «prosagintza» zen. «Liburu batetik bestera eboluzionatu egiten zuen».

Eredu onak edo baztergarriak

Segidan hizkuntzaren gaia atera du: «Europako hizkuntza gutxituen inguruan izugarrizko informazioa jarri zuen eskura. Hasi herrialde baltikoetatik... Israel, Irlanda, Txekia... Eredu batzuk imitagarriak iruditzen zitzaizkion, eta beste batzuk baztergarriak». Txillardegik «bazekien» zeinen garrantzitsua den hizkuntza baten etorkizunerako haren «estandarizazioa eta batasuna».Hain zuzen, bera izan zen lehena «gramatika baten oinarriak» ezartzen: « Horixe zen gero euskara batuak hartu zuen bidea. Bera bezalakorik gabe, batua beranduago iritsiko zatekeen».

Azken urteetan, aldiz, «prosodiarekin» kezkatuta zegoela adierazi du Arrietak: «Espainoltzen eta frantsesten ari garela prosodikoki... Melodiaren usaina galtzen ari ote garen...».

Politikagintzan ere «bide urratzailea» izan zen, Mendigurenen aburuz: «Baina berak politika helburu baterako bideratzen zuen.Uste dut egundoko eredua dela bizi osoa aulki batean eserita pasatzen duen politikari errepikatzaileen aurrean». Arrietak uste du «politikari garrantzitsua» izan zela, «estandarra» ez zelako: «Batzuetan, momentu hartan integratuta zegoen taldearekin eztabaidatu eta hautsi izan zuen. Jon Juaristik, adibidez, nor aipatzen du euskal abertzaletasunari buruzko bere lanetan? Txillardegi. Juaristik badakielako hizkuntzan ardazturiko abertzaletasuna oso inportantea dela».

Transmisioari ematen zion garrantzia. Eta Mendiguren beldur da ez ote den horretan huts egin: «Badago belaunaldi bat Txillardegi edo garai batean euskalgintzan parte hartu dutenen mundua ezagutzen ez duena, zoritxarrez. Ikuspegi historikoa edukitzea falta zaigu». Eta transmisioa ez hausteko, ideia bat plazaratu du Arrietak: «Zeinen interesgarria eta beharrezkoa den Txillardegiren obra jasoko zukeen fundazio bat edukitzea. Bilgune bat ikertzeko, eta gero aztertutakoa zabaldu ahal izateko. Horrelako zerbait amestuko luke». Pertsona konprometituak, libreak.

@Mahai ingurua osorik ikusi nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.