Ezarian. Euskal Herriko portuak. Getaria (I)

Itsasoari lotutako herria

Itzal handia du Getariako portuak herriaren historian. Herriaren hastapenetik, Malkorbe portu naturalaren bueltan garatu du bizitza.Gaur egun, orandik ere garrantzi handia du portuaren inguruan sortu den jarduera ekonomikoak.

XIV. mendekoak dira Getariako portuaren lehen eraikuntzak. Lehenago, Malkorbeko portu naturala erabiltzen zuten herritarrek itsasoa ustiatzeko. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
2012ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Haurdunaldian amari lotuta dagoen haurra nola, hala dago lotuta Getariako herria (Gipuzkoa) itsasoari. Umeak zilbor-hestea beharrezkoa duen bezalaxe amaren bitartez elikagaiak jasotzeko, portua ezinbesteko elementua da itsasoa eta herriaren arteko lotura gauzatzeko. Itsasoari begira jaio baita Getaria. Kantauriko urek gordetzen duten aberastasunari etekina atera diote herritarrek, eta horri esker aurre egin diete halabeharrak jarritako oztopoei. Itsasoa izan dute bizibide eta konponbide, herriko jarduera ekonomikoa betidanik hari lotuta egon baita.

Erdi Aroan, Gipuzkoako merkataritza porturik garrantzitsuena izateaz gain, itsas gudarosteentzako babesleku militar paregabea ere bazen Getariako portua. Itsasoak herriaren garapenean izandako eraginaren hainbat adibide aurkitu daitezke herrira sartu bezain pronto. Herriko plazan, Juan Sebastian Elkanoren estatuak agurtzen du bisitaria. Munduari buelta eman zion lehenengo marinela izan zen, eta herriko semerik kutunena egin du balentria horrek. Herriko armarriak irudikatzen duen baleak ere getariarrek itsasoarekin duten harreman estua erakusten du.

Inguruaren ezaugarri geologikoak eta geografikoak funtsezkoak izan ziren lehenengo biztanleak han kokatzea erabakitzeko. San Anton mendiaren babespean, Malkorbeko portu naturala itsasoa ustiatzeko egokia zitzaien inguruko lehen biztanleei. «Gipuzkoan dagoen portu naturalik hoberenetarikoa da». Xabier Alberdi historian doktorea eta Zehazten ikerketa historikoez arduratzen den enpresako langilea da. Hark dioenez, erromatar garaian portu naturalarekin estuki lotuta zegoen populazio gune bat zegoela erakusten indusketek. «Badakigu, 1.000 urte lehenagotik ere, Brontze Aroan erabiltzen zutela portua, nahiz eta ez dugun topatu garai horretako mailarik».

Getaria izenak berak ere badu itsasoarekin lotura. Historialariak dioenez, bi teoria nagusi daude izenaren jatorriaren inguruan. Batzuek diotenez, herriaren izena cetaria latineko hitzetik dator. Arrain haztegia esan nahi du, erromatarren garaiko ondarea. Bestalde, gaskoieratik datorren cataria hitzetik datorrela defendatzen dutenak daude. Ikertu da hitz horren esanahia, eta herria ikuskatzeko talaia baten kokagunea zela esan nahiko luke.

1209. urtean jaso zuen Getariak hiribildu izendapena, Gaztelako Alfontso VIII.ak emana. Hala ere, hiribilduaren sorrera lehenagokoa dela ohartarazi du Alberdik: «Hiribildu bat badagoelako konfirmazioa da hori. Hiribilduak antolaketa juridiko-politikoa lehenagotik eskuratu zuen, ez dakigu zehazki noiz». Garai horretan,portu naturalaren bidez ustiatzen zuten itsasoa, ez baitzuten artean porturik eraiki. «Moilak eta portuko egituraren gainontzeko eraikuntzak geroagokoak dira, XIV. eta XV. mendekoak, hain zuzen». Garai horretan hainbat baimen eskuratu zituzten portura iristen ziren salgaien zergen gainean. Zerga horietatik atera zuten portua egiteko dirua. «San Anton mendia eta herria lotzen dituen malekoia da garai horretan eginiko eraikuntza nagusia».

Merkataritza ez zen hiribilduaren bizi iturri bakarra. Balearen arrantzan jarduten zuten arrantzale ugari biltzen ziren portura. «XI. mendekoak dira balearen arrantzari buruz dauzkagun daturik zaharrenak». Arrantza horretatik ateratako etekina funtsezkoa izan zen herriaren garapenean, industria bat sortu baitzen baleatik ateratzen zuten koipearen inguruan. «Xaboia egiteko, argiontziak pizteko... gauza askotarako erabiltzen zituzten, eta eskaera handia zegoen Europan».

Garai gozoak bizi zituen orduan herriak, Gipuzkoako porturik garrantzitsuena izatearen ondorioz indar politiko eta ekonomiko handia bereganatu baitzuen. Hori ondo ulertzeko, baina, garaiko Gipuzkoako lurraldearen egoeraz hitz egitea komeni da, Alberdiren ustez. Izan ere, 1200. urtera arte, Gaztelak Gipuzkoa konkistatu zuen arte, Deba ibaitik Oriora bitarteko eremua osatzen zuen Gipuzkoako lurraldeak. «Orio Donostiaren menpeko auzo bat zen. Donostia, berriz, Nafarroako hiribildua zen, ez Gipuzkoakoa. Mutriku ere ez zen Gipuzkoan sartzen».

Zarautz, Getaria eta Zumaia ziren, beraz, Gipuzkoako hiru portu bakarrak. Zumaiako eta Zarauzko portuak «nahiko eskasak» zirenez, erraz gailendu zitzaien Getariakoa. «Bermeo, Donostia, Mutriku eta beste portu batzuekin batera, Erdi Aroko portu nagusietako bat da».

Portuak eman zion itzal politiko zabalaren adierazgarri da garai horretan Getariak sinatu zituen ermandadeak. «Gainera, ez da sinatzaile hutsa. Adibidez, 1296an Paduretako Ermandadea sortu zutenean, sinadura hori Getariako elizan gorde zuten». Gipuzkoa zaharreko portu nagusia izateak herriari aitortzen zion nagusitasunak gerora ere iraun zuen; 1397an, Gipuzkoako probintzia izango zenaren sorrera adosteko bilera Getarian egin zuten. «Ez da kasualitatea».

Portuak merkataritzaren bidez herriari eskaintzen zion botere ekonomiko eta politikoaz gain, itsasontziek beste botere mota bat ere ematen zieten getariarrei: militarra. Garai hartan erregeek ez baitzuten itsas gudaroste propiorik; gerrara joateko, partikularren itsasontziak erabiltzen zituzten. «XVI. mendearen bigarren erdira arte erregeak ez zuen itsas armadarik izan, baina itsasontzien beharra zuen. Atera kontuak zenbat botere pilatzen zuten herri horietako ontzi jabeek».

Deba, Hondarribia, Donostia eta beste portuen agerpenak Getariakoa bigarren maila batean utzi zuen XVI. mendetik aurrera. Merkataritza bideak beste portu horietara jo zuten, Getaria bide horietatik at utziz. Merkataritzaren gainbeherak, baina, arrantzaren garapen izugarria ekarri zuen, portu natural bikaina ez ezik azpiegitura egokiak baitzituen. «Mutrikurekin batera, probintziako arrantza portu nagusia izan zen, XVI. eta XVII. mendeetan». Arrantzaren bueltan jarduera ekonomiko zabala sortu zen, hala nola kontserba eta gatzaketa industriak.

Historiako pasarte batzuek erakutsi dute, ordea, portu natural paregabea edukitzea beti ez dela izan onuragarria herriarentzat. XVI. mendetik aurrera, artilleria garatuz doan heinean, gauzak asko aldatu ziren itsas gudetan. Horrelako portu estrategiko bat itsas gudaroste batentzat gotorleku bikaina zen, lurraldea inbaditzeko gune estrategikoa. «Orduan, militarki babesten hasi ziren portua, harresiak eta gotorlekuak eraiki zituzten etsaien eskuetan eror ez zedin». Plaza militar bilakaturik, Getariak ez zuen gerretan parte hartzea beste aukerarik izan, eta ondorio tamalgarriak jasan zituen herriak.

Frantziako gudarosteak 1638an Hondarribia setiatu, eta hango portua hartu zuen itsas armadak. Frantsesen aurka egitearren, Espainiako gudarosteak gerraontziak bidali zituen Getariara. «Frantsesak beren flota handia babesteko portu natural baten beharrean zeuden, eta jakitun ziren Getariako portuak eskain zezakeen babesaz». Bataila bortitz batean borrokatu ziren portuagatik frantsesak eta espainiarrak. «Bat ez beste itsasontzi guztiak galdu zituzten espainiarrek; baina frantsesak portuan sartzean, herriko defentsek aurre egin eta kanporatzea lortu zuten». Batailaren krudeltasunak herriko eraikin asko suntsitu zituen. «2.000 pertsonatik gora hil izan ziren; kopuru handia, garai horietan».

Beste triskantza ugari eragin zituzten gerrek, baina larriena lehen guda karlistan izan zen. 1835. urtearen bukaeran karlisten gudarosteak Getaria setiatu zuen, eta, bost egunez harresia bonbardatzen egon ostean, barrura sartzea lortu zuten. «Armada liberalak San Anton mendian hartu zuen babesa, eta urtebete egon ziren elkarri tiraka. Herria erabat suntsituta eta hutsik geratu zen. Soilik hamabi etxe geratu ziren tente». Horri aurre egiteko arazo franko izan zituzten getariarrek. Egoera iraultzeko, baina, betiko aberastasun iturrira jo zuten: itsasora. «Itsasoari esker altxatudute beti burua».

Itsasoari begira dagoen herria baita Getaria. Betidanik argi izan dute getariarrek nora jo aurreraegiteko; hortik, portuaren balio eta esanahi handia. Gaur egun ere, eta arrantzaren sektoreko arazoak arazo, oraindik pisu handia du portuak. Gipuzkoako baxurako arrantzarako porturik garrantzitsuenetakoa izateak erakusten du herriak itsasoarekin dantzan jarraitzen duela.

BIHAR: Euskal Herriko portuak (II). Pasaiako portua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.