Ezarian. Euskal Herriko portuak (III). Ondarroa

Aldaketak aldaketa, arrantzari emana

Sorreratik, Ondarroa arrantzari lotutako herria izan da. Sektorea garatuz joan da, gizaldiz gizaldi; gaur egun, Bretainia eta Galizia artean dagoen arrantza portu garrantzitsuena da.

Ondarroak 1980ko urteetan bizi izan zuen oparoaldi handiena. Ordu hartan, 100 arrantzontzi ere izan zituzten, eta, gaur egun, 28 itsasontziri ematen dio babesa portuak. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Ondarroa
2012ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Bretainia eta Galizia artean dagoen arrantza porturik garrantzitsuena da Ondarroakoa (Bizkaia). Urtero 40.000 tona porturatzen dituzte gutxi gorabehera, eta horrek nazioarteko portuen artean jarri du Bizkaiko herria. Baxurako denboraldian, esaterako, arrantzale asturiar, kantabriar edo galiziarrak izan dira bertan arraina deskargatzen, «prezio onak daudelako, eta erosle ugari elkartzen direlako», Anton Golzarri Ondarroako portuko arduradunaren hitzetan. Arrantzatik bizi den herria da, eta sektorea indartsu dago, gainera. «Datorren urtean agian bi ontzi kenduko diren arren, arrantzaren jarraipena bermatuta dago». Itsasoan arraina badago, haren esanetan, eta horiek kontsumitzeko eskaerak hor dirau. Beraz, arrantzaren sektoreak oraindik ere etorkizuna bermatuta dauka.

Ondarroa betidanik izan da herri arrantzalea. Sorreratik itsasoari lotuta egon da, geografiak erabat baldintzatuta. Izan ere, 1327. urtean herri gisa izendatu zutenean, 2,4 kilometro koadro besterik ez zituen Ondarroak, nekazaritza sektorea garatzeko lur gutxirekin. Beraz, itsasoan ikusi zuten bizirik irauteko giltza. Arrantzatzen zutena bertan kontsumitzen zuten, inguruko herriekin lurreko komunikazio kaskarra baitzeukaten. XIX. mendearen erdialdean, ordea, Mutriku eta Durangora irteteko errepideak eraiki, eta arrainen merkaturatzea areagotzea lortu zuen herriak. Arrantzaren eta kontserben sektoreek bultzada jaso zuten.

Baina errepide horiek eraiki aurretik, merkataritza sektorea itsasoz egiten zuten ondarroarrek. Nola, bestela. Herria sortu eta gutxira, hainbat material itsasoz garraiatzen zituztelako lehen testigantzak daude. Ibaian gora zeuden burdinoletarako egurra eta burdina garraiatzen zuten portutik, eta inguruko herrietara, arrain kontserba eta bestelakoak itsasoz. Merkataritza horren unerik gozoena XIV. eta XVI. mendeen artean izan zen arren, sekula ez zen Ondarroara itsasontzi eta zeharkaldi handirik iritsi. Izan ere, garai horietan Artibaiko itsasadarraren barruan zegoen portua.

Edozein modutan, arrantzak izan du pisu handiena Ondarroan. Hastapenetan, baxurako arrantzak izan zuen garrantzia. Antxoa, berdela, sardina, txitxarroa, eta abar harrapatzen zuten, kostatik sobera urrundu gabe. Denborarekin, XIX. mende erdi aldera, arrantzontzi handiak erabiltzen hasi ziren, eta hegaluze, legatz eta bisigutara portutik urrunago joaten hasi ziren. Bi tradizio horiek [alturako eta baxurako arrantza] gaur egunera arte iraun dute, baina teknologia garatu egin da, arrantzontziek ere joera berdina izan dute. Baita arrantzatzeko teknikek ere.

Baporezko lehen ontziak 1880.urte inguruan agertu ziren, garaiko belaontzien ordezko gisa. Ondarroan, ordea, era honetako lehen ontzia 1912an azaldu zen, eta,apurka, txalupa zaharren lekua hartu zuten. Ontziak handiagoak ziren, eta horrek arrantzaleei segurtasun eskaintzen zien, arrantzarako baldintza hobeez gain. Erabilera hori XX. gizaldi erdirako orokortuta zegoen, eta baxurako arrantzara ordura arte iritsi gabeko lekuetara iritsi ziren: Kanaria Uharteak, Azoreak, Mediterraneoa... Baina benetako iraultza arraste arrantzarekin iritsi zen. Gisa horretako lehenengoa ontzia 1932an agertu zen herri bizkaitarrean. Eta denborarekin, flota hazi egin da: 1936an arrasteko 5 ontzi zeuden, 1946an 26, 1960an 89, eta 1980an 100 inguru.

Oparoaldiaren ostean, arazoak

Arrantzaren garapenak eta hazkundeak 80ko hamarkadan jo zuen goia. Legatzaren arrantzak sekulako hazkundea izan zuen, eta sekulako emaitzak lortu. Horren adierazle, egun bakarrean hiru benta egiten zirela, Golzarrik gogoratu duenez. «Ez sinesteko modukoa zen». Garai horietan sekulako irabaziak izan zituzten arrantzaleek. Lehorrean lan egiten zuen pertsona batek 40.000 pezeta irabazten bazituen, Ondarroako arrantzale batek 600.000 eta 700.000 pezeta artean. «Iberiar penintsulako herri aberatsenetan bigarrena ere izan zen».

Baina 1986. urtean Hego Euskal Herria Europako Batasunean sartu zen Espainiaren eskutik. Eta orduan hasi zen Ondarroako arrantzaren gainbehera, aurreko garaiekin alderatuz gero. Baxurako arrantza egiteko, lurretik 200 mila baino haratago joatea debekatu zen lehenbizi, eta ondoren arrantza kanpaina bakoitzean harrapa zitekeen arrain kopurua zehaztu zuten ondoroen , arrantzontzien gutxitzea sustatzeaz gain. Beraz, 80ko hamarkadan zeuden 100 ontzietatik, egungo 28 izatera igaro da Ondarroako portua. Baina datu hori ez da uste daitekeen bezain txarra. Izan ere, itsasontzien gutxitzeak ez baitu arrantzaren kopuruan halako eraginik izan. «Hein batean, arrantzari eutsi egin zaio», dio Golzarrik.

Oraintxe, beraz, arazoa ez da arrantza kopuruaren ingurukoa. Ondarroako portuko arduraduna gehiago kezkatzen du belaunaldien arteko aldaketak. Oraintxe, «ez dago itsasora joan nahi duen jende berririk». Beraz, kanpotik jendea ekarri ahal izateko aukera aztertzen ari dira, «baina hemen arrantzatzeko, ingurua ezagutu behar da, eta hori urteekin lortzen da». Edozein modutan, itxaropenik ez du galtzen. Izan ere, langabezia gora egiten ari da Hego Euskal Herrian, eta horrek eragina izan dezakeela uste du. «Ez da lan erakargarria, portutik atera eta itzuli arte lanean baitzaude», dio. Hala ere, arrantzaleen egoerak hobera egin du, «ez da lehen bezain eskasa».

Sektoreak gaur egunera arte iraun badu, azken urteetan iritsi diren marinel etorkinen laguntzaren ondorioz ere izan da. Baina eurak ere ez dira denbora luzerako etortzen, Golzarriren esanetan. Kontuak kontu, orain Ondarroako portuan dauden 28 ontziek badaukate tripulazioa, 300-400 pertsona artean. Baina behar den marinel kopurua edukita ere, Golzarrik pena du 80ko hamarkadan lortu zen diru hori ez zela herrian inbertitu. «Ez da itsasoan inbertitu, eta pena da».

BIHAR: Euskal Herriko portuak (IV). Bilboko portua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.