Sanferminak Iruñean

Ia kerik gabekoa izan da besta

Tabernetan erretzea debekatu zenetik lehendabiziko sanferminak izan dira aurtengoak; ostatuetan erre egin dela diote tabernetako zerbitzariek, baina debekua uste baino gehiago errespetatu dela, hala eta guztiz ere.

Emakume bat karrikan erretzen, atzo, Iruñeko Alde Zaharrean. Oro har, jendeak errespetatu du erretzeko debekua egunotan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Sanferminak hasi aurretik, bazen herritarren artean hamaika eztabaida eragiten zuen auzia: tabernetan erretzeko debekua. Errespetatuko al zen bestetan? Hori zen anitzek mahai gainean jartzen zuten galdera. Eta gehienek aurreikusten zuten ezetz. Debekua ez zela beteko sanferminetan. Iruñeko Alde Zaharreko tabernarien artean galdera hori bera egin zuen BERRIA-k atzo, eta erantzunen ondorioak garbiak izan ziren: sanferminetan jendeak erre egin du tabernetan, baina espero zen baino gutxiago. Hau da, erretzaileak, taberna barruan, salbuespena izan dira.

Asteburura arte, hain zuzen ere, salaketa bakarra jarria zuen Foruzaingoak taberna baten barruan erretzeagatik. Foruzainek, jakinarazi dutenez, ez dute kontrol berezirik egin egunotan debekua betetzen ote zen ziurtatzeko.

Zerbitzarientzat ere ez da erraza izan bezeroen jokabideari so egitea. Horixe azpimarratu zuen atzo La Granjan lanean aritzen den Arantxa Abanek. «Gauez jendeak erre egin du. Jende anitz egoten da tabernan, eta zaila da gertatzen den guztia kontrolatzea. Jendea edanda dago, eta ez dute kasurik egiten. Hala ere, espero genuen baino gutxiago erre da».

Aban egunez aritzen da zerbitzari lanetan. «Giroa anitzez ere lasaiagoa da, eta erretzaile guztiak ateratzen dira karrikara erretzera», zehaztu zuen. Ana Castellanos, adibidez, zigarroa Gazteluko plazan erretzen ari zen atzo goizean, bermuta hartzeko orduan. Gauez ere aritu da sanferminetan besta egiten, eta gauez ere karrikara atera da erretzera. «Badakigu ezin dela barruan erre; ez da batere kostatzen ateratzea. Sanferminetan, gainera, sekulako giroa dago karrikan, eta ez da inongo arazorik». Tabernetan ere jendea erretzen ikusi duela gaineratu du, hala ere.

Gazteluko plazan bertan, Casino Eslava ostatuan, neska bat erretzen ari zen atzo eguerdian. Ostatua ia hutsik zegoen, eta emakumea zerbitzariekin hizketan. Zigarreta zuen ahoan. Itzalita, hasieran. Baina karrikara atera gabe piztu, eta bertan erre egin zuen.

Manuel Urrutia, berriz, Estafeta karrikan, tabernatik atera egin zen bere zigarreta piztera. Eta erretzera. «Beti errespetatu egin dut debekua», azaldu zuen. Sanferminak egunez bizi dituela azpimarratu zuen, eta, egunez, behintzat, jendeak ez duela tabernetan erre. «Ez da batere kostatzen kanpora ateratzea erretzera. Urte osoan egiten badugu, zergatik ez sanferminetan?».

Taberna barruko erretzailea salbuespena izan zen Alde Zaharreko atzo goizeko giroan. Eta salbuespena sanferminetan, Baviera tabernako zerbitzari Paco Perezen hitzetan. «Egia da bestak hasi baino lehen uste genuela jendeak ez zuela debekua errespetatuko; beldur hori genuen. Baina ez da hainbertzerako izan». Bere tabernan jendeak ez duela erre erran zuen Perezek atzo; ez egunez, ezta gauez ere. «Debekua errespetatu dute. Hori bai, mundu guztia etorri da guregana tabakoa erostera, inguruko gainontzeko tabernetako makinak hutsik egon baitira egunotan».

Gazteluko plazako bertze taberna batean, La Dolce Vita izenekoan, hagitz argi zuten zerbitzariek sanferminetan ez zela erreko. «Bagenekien debekua errespetatuko zela. Argi genuen Sevillako ferian jendeak erre ez bazuen, hemen ere ez zuela inork erreko». Francisco Javier Algarradarenak dira hitzak. Palma del Riokoa da (Espainia), eta sanferminetan lan egitera etorri da egunotan Iruñera. «Hemen inork ez du erre. Erre nahi duena karrikara ateratzen da, inolako arazorik gabe», azaldu zuen zerbitzariak.

«Jendeak erre du»

Puy Sanz ez zen Gazteluko plazako zerbitzaria bezain baikor sanferminak hasi aurretik. Eta besten azken txanpan, atzo, Algarradak zuenaren bertzelako iritzia agertu zuen. «Jendeak erre egin du». Zigarreta eskuan zuen mintzatzen zen bitartean. «Bai, nik ere erre egin dut tabernetan», onartu zuen.

«Kanpokoek erretzen badute, ni ez naiz erre gabe geldituko», saiatu zen bere erantzuna arrazoitzen. Horixe azpimarratu zuen. Kanpotik etorritako jendea aritu dela, batez ere, tabernetan erretzen. «Kanpokoak aritzen direnez, guk ere profitatu dugu aukera», erran zuen Puy Sanzek. Onartu zuen, hala ere, sanferminetan inoiz baino samurragoa dela tabernatik ateratzea zigarreta erretzera. «Bestako giroa karrikan baita. Jendetza egoten da. Neguan gehiago kostatzen da kanpoan erretzea, eguraldiak ez baitu laguntzen».

Zigarroa erretzen gelditu zen Sanz. Eta zigarroa erretzen ari zen, atzo goizean, halaber, jende anitz, Alde Zaharreko karriketan. Zigarrorik gabe, baina tabakoaz hitz egiteko, gizon bat hurbildu zen, bertzalde, Puy Sanz agurtu eta gero. «Tabakoaz galdezka ari bazara, jakin ezazuIruñean badela taberna bat erretzen uzten duena. Sanferminetan, bai eta sanferminak ez direnean ere. Atea itxi gabe aritzen da jendea erretzen; eta atea itxita, orgiak egiten dituzte; tabako orgiak!».

Izenik ez zuen eman gizonak. Argi utzi zuen, hala ere, ostalarien gremioko kide zela. Eta argi utzi zuen, halaber, oraindik ere, eztabaidarako gai badela tabakoaren legea. Sanferminetan, hala ere, eztabaida horrek ez du gora egin, oro har, jendeak errespetatu egin duelako ez erretzeko debekua. Ondorioz, ia kerik gabeko egunak izan dira azken hauek Iruñean. San Ferminek ere itzali du zigarreta tabernetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.