'Bateragune auzia'. Epaiketa

«Ez genuen inoren agindurik betetzen»

Etxerat-eko kidea dela eta auzipetuekin ez duela bilerarik egin azaldu dio epaimahaiari Amaia EsnalekBateraguneri buruz galdetuta, hura zer zen ere ez zekiela adierazi du Txelui Morenok

Oihana Elduaien Uranga.
Madril
2011ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Estrategia armatua baztertu eta estrategia baketsua eta demokratikoa bultzatzeko eztabaida sustatzeko lanetan aritu zirela azaldu zioten epaimahaiari Arkaitz Rodriguezek, Sonia Jacintok eta Txelui Morenok, beren abokatuen galderei erantzunez. Hirurek argi utzi zuten ez zutela talde bat osatzen, eta ez zituztela inoren aginduak betetzen; ez ETArenak, ez Ekinenak eta ez inorenak. Bateragune ez zutela osatzen esan dute behin eta berriz. Instrukzio epaileak Bateraguneri buruz galdetu zionean hura zer zen arrastorik ere ez zuela azaldu zuen Morenok, adibidez.

Hirurek esan zuten Otegik hasi zuela gogoeta hura, Martuteneko espetxetik atera zenean. Txelui Morenori Otegik berak esan zion egon egin behar zutela, eta baita Jacintori ere. Rodriguezengana Jacintoren bidez iritsi zen Otegi, belaunaldi gazteagoek ere gogoetan parte hartzea nahi zuelako. Otegik berak, Jacintok eta Rodriguezek azaldu dute hori. Hala hasi ziren gogoeta egiten, beren kabuz, eta inolako talderik osatu gabe.

Iparraldera bilerak egiten zituztenetan-eta ez zirela ezkutatzen esan zuen Jacintok. «Ez ginen ezer txarrik egiten ari». Poliziak gertutik jarraitzen zituela eta zertan ari ziren bazekiela ere esan zuen. «Denok ezagutzen genuen elkar».

Eztabaida «alde bakarrekoa eta atzera bueltarik gabea» izan zela nabarmendu zuen Txelui Morenok. Eztabaida historikoa izan dela. Ez zela ETAren aginduz egin nabarmendu du, eta ordura arteko estrategia «goitik behera» aldatzeko helburua zutela, ez «egokitzea».

2009ko abuztuan LABen egoitzan askotan egon zela aitortu zuen Rodriguezek, Argitzen txostena egiten ari baitziren; gero eztabaidarako erabili zuten txostena, hain justu. Haren bueltan ezker abertzaleko ahalik eta jende gehiena batzen saiatu zirela gaineratu zuen.

Presoen aldeko lanean

Amaia Esnalek ere atzo deklaratu zuen, baina gainerako auzipetuekin ez duela zerikusirik azaldu zuen. Etxerat-eko kidea da, eta presoen eskubideen aldeko lanean aritzen da. Ez da Batasuneko, EHko edo HBko kide izan inoiz, eta ezker abertzalearen estrategiari buruzko eztabaidetan ere ez duela parte hartu azaldu du.

LAB sindikatuaren egoitzara joan izan dela esan du, baina beti Etxerat-en jardueren barruan egin duela. Garai hartan, presoen egoera okertu egin zela azaldu du, presoen senitartekoak arakatzen hasi zela Polizia. Hainbat eragilerekin bilerak egin zituzten orduan, geroago Durangon aurkeztu zuten dekalogo bat osatzeko. LABera joaten zenean horretaz hitz egitera joaten zela esan du Esnalek, eta ez gainerako auzipetuekin bilerak egitera.

2009ko martxoaren 16ko prentsaurrekoan egon zen Esnal. Fiskaltzak dio prentsaurreko hura Mahai Nazional berriaren aurkezpena zela. Epaiketan behin eta berriz ukatu dute hori. Estrategia aldaketaren ideia bultzatu nahi zutela. Esnalek esan du Etxerat-eko beste kide batekin egon zela prentsaurreko horretan, eta joatea erabaki zutela, agertoki demokratiko batean bakarrik ekarriko dituztelako beraien senitartekoak etxera.

Bihar jarraituko du epaiketak. Miren Zabaleta eta Mañel Serra auzipetuak falta dira deklaratzeko. Lekukoak hasiko dira gero. Fiskalarenak izango dira: polizia saldoa pasatuko da auzitegitik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.