Frantziako Lehendakaritzarako hauteskundeak. Ipar Euskal Herriko emaitzak

Ipar Euskal Herrian alde handiagoz nagusitu da Hollande

Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin bozen %54,2 lortu ditu hautagai sozialistak, eta hiru herrialdeetan nagusitu daZuberoan lortu du alde handiena; Baionan, Sarkozyk baino lau mila boz gehiago

Bizi mugimenduak deituta, Sarkozyren porrota ospatzera irten ziren bostehun lagun inguru, herenegun, Baionan. BERRIA.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Francois Hollande hautagai sozialistak garaipena lortu du Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin. Ipar Euskal Herrian botoen %54,2 lortu ditu, Frantzian lortutako emaitzak abantzu hiru puntu hobetuz. Lehen itzulian ez bezala, hautagai sozialista garaile izan da hiru herrialdeetan. Lehen itzulian, Nicolas Sarkozy UMPko hautagaia nagusitu zen Nafarroa Beherean.

Emaitza onenak, ehunekoei dagokienez, Zuberoan lortu ditu Hollandek: bozen %62,83. Maulen, adibidez, bozen bi herenak eskuratu ditu. Atharratzen ere Sarkozyren kopurua bikoiztear egon da alderdi sozialista.

Lehiarik orekatsuena, espero zen bezala, Nafarroa Beherean gertatu da. Sozialistek garaipen zabala erdietsi dute Baigorrin eta Izuran, baina Sarkozy nagusitu da Bidarrain, Donibane Garazin, Donazaharren, Donapaleun eta Iholdin.

Boz kopuruari dagokionez, sozialistek Lapurdin erdietsi zuten alderikhandiena. Baionan, adibidez, lau mila bozen aldea atera zion Hollandek Sarkozyri. Bokalen, abantzu bikoiztu zuen UMPren emaitza, eta Hendaian, aise bikoiztu zituen. Hala ere, ohiko gotorlekuak atxiki zituen UMPk. Donibane Lohizunen%51,15 lortu zituen UMPk, eta Biarritzen %54,69. Gisa berean, garaipen zabalak lortu zituen Arrangoitzen (%54,03), Arbonan (%52,53) eta Basusarrin (54,01%).

Sozialisten garaipena nabarmen azaltzen da 2007ko presidentetzarako emaitzei erkaturik. Angelun, adibidez, bozen %52,60 lortu zituzten sozialistek igandean, eta 2007an %48,22.

Legebiltzarra jomugan

Frantzian bezala, Ipar Euskal Herriko begiradak ekainean legebiltzarrerako eginen diren hauteskundeetan jarrita daude dagoeneko. Ipar Euskal Herriko Euskal Irratiei egindako adierazpenetan, Frederique Espagnac PSko senatariak jakinarazi du Hollandek denbora beharko duela erabakiak gauzatzeko. Berezko instituzioari dagokionez, txostena ongi landu behar dela erran du, Hollandek Parisen dauden mesfidantzak gainditu eta erabaki «baikorra» hartzeko oinarria ukan dezan.

Bake prozesuari dagokionez ere, denbora eskatu dute sozialistek. Espagnacek nabarmendu du Hollandek bakearen aldeko hautua eginen duela, «dagokionean. Baina ez du zehaztu egutegirik edo urratsik. Lasaitasunez landu behar diren gaiak direla erran du, eta gogorarazi Ipar Euskal Herriko sozialistak Aieteko bake konferentzian egon zirela.

Akitaniako hauteskundeak izan edo presidentetzarakoak, sozialistek erakutsi dute nagusitu daitezkeela Ipar Euskal Herrian. Dena den, UMPk emaitza onak erdietsi ditu, kontuan harturik Sarkozyren aurkako erreferendum gisa baliatu direla azken hauteskundeak. Jean Grenet Baionako auzapez eta diputatuak, Sarkozyren porrotaren egun berean, jakinarazi du berriz aurkeztuko dela Legebiltzarrerako hauteskundeetara.

Bizi mugimenduak, berriz, 500 lagun elkartu zituen Baionan igandean, Sarkozyren porrota ospatzeko. EHBaik, berriz, Parisen Euskal Herriaren boza entzunaraziko duela azpimarratu du. Abertzaleen erabakiak ondorio zuzena ukan dezake eskuin-ezkerraren arteko lehian. Abertzaleen eskakizunak, ordea, ez du erantzun baikorrik jaso, ez UMPren eskutik, ez presidente berriaren partetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.