Manifestazioa Bilbon. 'Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea'

Abiapuntutzat nahi dute

Eragileek aitortu dute gizartean «ilusioa» piztu duela deialdi bateratuak eta bide berean segitzeko ahaleginak eskatu dituzteEspainiako Gobernuari konponbiderantz pausoak ematea galdegin diote gehienek

Maite Asensio Lozano - Gotzon Hermosilla
Bilbo
2014ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Itxaropena. Ilusioa. Poza, lortutako batasuna dela eta. Baina, halaber, batasuna hauskorra izaten dela jakitun, arduraz jokatzeko beharra. Manifestazioarekin bat egin duten eragileen adierazpenak bi polo horien artean mugitu dira: pozik agertu dira mobilizazioaren arrakasta ikusita, baina zuhur aldi berean, giza eskubideak, konponbidea eta bakea bermatzea ez baita lan erraza izango. Eta, laburpen gisa, desio bat: atzokoa pauso gehiagoren abiapuntua izan dadila.

JOSEBA EGIBAR EAJko GBBko burua

«Garai berriari jarraipena eman behar zaio, urrats sendoekin»

«Pentsatzen dugu guk ere alderdi modura badaukagula zeregina». EAJren konpromisoa nabarmendu zuen Joseba Egibarrek atzo, aurrera begira pauso gehiago emate aldera. Manifestazioaren leloko kontzeptuak aldarrikatu zituen horretarako: « Hemen gaude Eusko Alderdi Jeltzale bezala, pentsatzen dugulako herri honek bizi duen garai berriari jarraipena eman behar zaiola, urrats sendoak eginez. Giza eskubide guztien errespetutik abiatuta, bakea eraiki, eta herri honi, gizarte honi konponbidea eskaintzeko».

Beste eragileei ere igorri zizkien mezuak. Batetik, Madrilera, bai PPri, bai Espainiako Auzitegi Nazionalari: «Bide horretatik ez dugu onartuko konponbiderik». Bestetik, ETAri: «Eskatzen diogu bere pausoak emateko, herri honek bakea eraiki nahi duelako, giza eskubide guztien errespetutik abiatuta. Eta etorkizunean bakea eta bizikidetza bermatzeko, euskal gizarteak gaur hori exijitzen duelako».

HASIER ARRAIZ Sortuko presidentea

«Honek ez du helburu izan behar, abiapuntu baizik»

Erantzukizun handi bat sentitzen zuela aitortu zuen Hasier Arraizek. «Gaurkoa egoera berezia da, baina erantzun bikaina eman diogu, herri gisa erantzun dugulako. Guretzat, urrats handia da hau, baina ez du helburu izan behar, baizik eta abiapuntu». Manifestazioaren deitzaileen erantzukizunaz mintzatu zen: «Guztiok erakutsi dugu egoeraren neurrian egoten badakigula, eta ikustekoa da erantzun honek nolako emozio eta ilusioa sortu duen herritarrengan. Arduratsu jokatzeko deia da hori. Hemendik aurrera ilusio horri erantzuten jakin behar dugu».

Ostiraleko akordioari erreparatuta, jendaurrean eskertu nahi izan zuen arduradun politiko eta sindikalen jarrera «eskuzabala eta arduratsua», Andoni Ortuzar EAJko EBBko buruarena bereziki. Esker ona adierazi zien, halaber, deialdian egon nahi izan zuten beste eragile sozial eta sindikalei: «Ezinezkoa izan zen, baina gurekin sentitzen ditugu».

ADOLFO MUÑOZ ELAko idazkari nagusia

«Ezinezkoa da normalizazio instituzionala mantentzea hain alderdi eskuindarrarekin»

Poztasuna nabarmendu zuen Adolfo Muñozek, eragileek gauza inportante bat lortu zutelakoan: «Oso egoera konplexu bati alternatiba on bat bilatzeko gai izan gara». Mobilizazioaren beharraz ere mintzatu zen, esparru sindikalean ez ezik, politikoan ere, «PPren inboluzioaren aurka, euskal agenda aurrera eramateko». PP Espainiako Gobernuan egiten ari den politika «arriskutsua» dela berretsi zuen: «Oztopo bihurtu da esparru guztietan. Ezinezkoa da normalizazio instituzionala mantentzea hain alderdi eskuindarrarekin».

AINHOA ETXAIDE LABeko idazkari nagusia

«Gaurkoak ez du bueltarik izango, herriak urrats gehiago egitera behartzen bagaitu»

Euskal presoentzat izan ziren Ainhoa Etxaideren lehen hitzak, eta asteon atxilotutakoentzat hurrengoak; besarkada bat bidali zien. «Berriro, urte berria hasi dugu traba guztien gainetik herri honetan presoen eskubideekin dagoen konpromisoa adierazten eta presoen auzia konpontzeko gogoa zenbatekoa den erakusten». Ostiraleko deialdi bateratuak «herritarren eskaerari» erantzun ziola erantsi zuen: «Eta gaur [atzo] ikusi dugu prozesu hau aurrera eramateko herri honetan indarra, babesa eta borondatea badagoela eragileak ados jartzen bagara».

Hala, atzoko martxa bateratuak «estatuaren eraso bati erantzuteko bidea» baino gehiago izan behar duela azaldu zuen: «Gaurkoak ez du bueltarik izango, herriak hemen batu garenei bide honetan urrats gehiago egitera behartzen bagaitu; babesa adierazteaz gain, akordio eta konpromiso berriak lortzeko presioa ere egiten badigu».

IKERNE BADIOLA EAko kidea

«Pausoak ematen has dadila eskatzen diogu Rajoyri»

Atzo Bilbon jendez lepo izandako kaleak «Euskal Herriaren nahi eta beharraren isla» zirela esan zuen Ikerne Badiolak. «Gizarteak bakea eta normalizazioa behar ditu, baina azkar behar ditu. Pausoak ematen ari gara; gaurkoa pauso garrantzitsua da, baina aurrerantzean ere gehiago beharko ditugu». Espainiako gobernuburuari egin zion eskera: «Rajoyri behingoz pausoak ematen has dadila eskatzen diogu, Euskal Herriak behar hori duelako».

ASIER VEGA Alternatibako kidea

«Euskal gizarteak demostratu du oztoporik ez dela egongo hasitako bidean jarraitzeko»

«Historikotzat» jo zuen Asier Vegak atzoko martxa, baina azpimarratu zuen mobilizazioko «benetako protagonista», siglen gainetik, euskal gizartea izan zela: «Euskal gizarteak behin eta berriz demostratu du ez dela egongo inolako oztoporik herri honek bakerantz eta konponbiderantz hasi duen bidean jarraitzeko». Espainiako Gobernuaren eta estatuko erakundeen «gehiegikeriak eta tratu txarrak» ez dituztela onartuko erantsi zuen: «Haien erasoen kontra beti izango dute euskal gizartearen erantzuna».

PATXI ZABALETA Aralarreko koordinatzailea

«Gaurko batasuna posible egin du manifestazioaren leloak»

Atxilotuak gogoan izan zituen Patxi Zabaletak, eta espetxe politika aldatzeko eskatu zuen. Deialdi bateratuaz ere jardun zen, labur: «Gaurko batasuna posible egin du manifestazioaren leloak: giza eskubideak eta bakea».

MERTXE COLINA Abertzaleen Batasunako kidea

«Izan dadila abiapuntua Euskal Herria askatua eta subiranista izateko, bakean»

Poztasun agerikoarekin mintzatu zen Mertxe Colina, «badirelako hamabost urte halako argazkirik ez dela egin, denak elkarturik». Eragileei galdegin zien atzoko elkarlana ez dadin geratu argazki soil batean: «Izan dadila abiapuntua Euskal Herria askatua eta subiranista izateko, bakean».

SABINO CUADRA Amaiurreko diputatua

«Manifestazioak oso ondorio positiboak izanen ditu»

Manifestazioa artean amaitu gabe zegoela, «izugarria» suertatzen ari zela irizten zion Sabino Cuadrak. «Milaka eta milaka lagun etorri dira, eta uste dut oso ondorio positiboak izanen dituela bi aldeetan. Espainiako Gobernuaren aldean, horrelako erasoak berriro egiten ez saiatzeko balio beharko luke, eta, beste aldetik, lortu den batasuna mantentzeko saioak egin beharko ditugu».

MARTIN GARITANO Gipuzkoako ahaldun nagusia

«Abian dagoen herri bat ikusten ari gara»

Gipuzkoako ahaldun nagusia pozik zegoen manifestazioaren arrakastarekin: «Gure herriak erantzun egin du, eta gaur [atzo] ikusten ari garena da abian dagoen herri bat». Martin Garitanoren ustez, martxak erakutsi zuen euskal gizarteak «bere» egiten dituela euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapenak. «Orain guri dagokigu, politikari gisa, horri erantzutea eta kudeatzea, etorkizunerako», gaineratu zuen.

JAKES BORTAIRU Batera plataformako kidea

«Lizarra-Garaziren garaitik ez da horrelako batasunik izan»

Manifestazioa hasi aurretik, ekitaldia «historikoa» izango zela aurreikusi zuen Bortairuk. «Deitzaileen aldetik, aspaldi ez genuen horrelakorik ikusi, Lizarra-Garaziren garaitik ez baita halako batasun handirik izan. Maleruski, behar izan dugu ikusi batasun hori sortu dela berriz ere errepresio olde bati aurre egiteko, estatuen aldetik ez baitago inolako borondaterik gauzak mugitzeko».

FERMIN MUGURUZA Musikaria

«Estatuak hondoa jo du; ezin zen beherago jaitsi»

Fermin Muguruzak gogoratu zuen duela bi urteko manifestazioan Iñigo anaiarekin batera parte hartu zuela bukaerako ekitaldian: «Jada ezinbesteko hitzordua bilakatu da». Hala ere, adierazi zuen «ezinegona» sortzen diola ikusteak mobilizazioaren ostean denbora pasatzen dela eta ez dagoela mugimendurik.

Edozein modutan, aurtengo ekitaldia berezia izan dela uste du Muguruzak, joan den asteazkeneko polizia operazioa eta manifestazioaren debekua direla eta. «Estatuak hondoa jo du; ezin zen beherago jaitsi», esan zuen. Baina, aldi berean, ondorio positiboak izan direla erantsi zuen: «Horren aurrean, badirudi berpiztu egiten garela, eta lortzen dugula hainbeste denboran lortu ez duguna: jende gehienok eskatzen genuen batasun zabal bat. Espero dezagun hau ez izatea ezeren bukaera, abiapuntu bat baizik».

TXUSA ETXEANDIA Etxerat elkartea

«Atxilotuak sufritzen ari dira, bakea ekartzen saiatzeagatik»

Aste honetan gertatutakoa «erokeria hutsa» iruditu zaio Txusa Etxeandiari. Manifestazioa urtero egin izan dutela gogoratu zuen, «eta, gainera, badago behar beste baldintza horrelako mobilizaziorik egin beharrik ez izateko». Baina, hala ere, Espainiako Gobernuaren «itsukeriak» beharrezko egiten du, Etxeandiaren ustetan, berriro kalera jo behar izatea.

Aste honetako polizia operazioan atxilotutakoak ekarri nahi izan zituen gogora Etxeandiak: «Bakea ekartzen saiatzeagatik, une honetan Madrilen daude, sufritzen. Denok egin behar dugu zerbait horrelakoak berriro gerta ez daitezen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.