Krisia Nafarroako Gobernuan

Zurrunbiloaren begia, Nafarroatik behera

Ikerketa batzordeak ebatzi zain, PSOEren eta PSNren arteko desadostasunak agerian dira; Jimenezek dio bera dela PSOE NafarroanPPk esku hartzeko agindu dio PSOEri; hala egin ezean, «ondorio politikoak izango dira»

Maialen Unanue Irureta.
2014ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Nafarroan harrotutako hautsak Espainiako Kongresuraino iritsi dira. Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak atzo botatako ultimatumak — «Barcinak dimititzen ez badu, guk botako dugu»— oihartzuna izan du: errenkadan etorri dira alderdikide nafarrekiko PSOEren erdibideko babesa, eta PPren mehatxuak. Hainbat politikarik hitz egin dute, gaiak Espainian sortu duen ezinegona agerian utziz.

Nafarroako Parlamentuak ikerketa batzordea eratzea ebatzi zuen atzo; hamabost egun barru burutu beharko du lana. Ultimatuma eman zuen Jimenez sozialistaren alderdi barruan, baina, badirudi ez direla ados jarri taldeak hartu behar lukeen diskurtsoa erabakitzean. Edo ez, behintzat, guztiz. Guztiak ados daude Nievesek egindako salaketak frogatuta geratuz gero Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak dimisioa eman behar lukeela. Hala egingo ez balu, eta PSNk zentsura mozioarekin aurrera egin nahiko balu, baina, ezingo luke bakarrik gauzatu. Eta horra arazoaren muina.

Nafarroako eta Espainiako sozialisten lehenengo iritzien talka Elena Valenciano PSOEko idazkariorde nagusiaren eta Jimenezen artekoa izan da. Valencianok, ukatu egin du PSNk zentsura moziorik aurkeztuko duela Bildurekin: «Gu Bildurekin ez goaz inora, eta are gutxiago abentura politiko batera». Jimenezen erantzuna: «PSNk egin beharrekoa egingo du». Are: «Ni naiz PSOE Nafarroan». Ikerketa batzordeak argitu beharreko akusazioak «oso larriak» dira, Jimenezen aburuz; horiek frogatutzat ematen baditu, eta Barcinak dimitituko ez balu, gainontzekoek «egin beharreko mugimenduak egingo ditugu hauteskundeak egiteko». Giroa baretzeko, adierazi zuen zentsura mozioaz hitz egitean ez diola inolako siglei erreferentziarik egin, eta mozioa «soil-soilik» hauteskundeak antolatzeko izango litzatekeela. Javier Remirez PSNko zuzendaritzako bozeramailearen bertsioa ere ez dator bat Valencianok esandakoekin: Bildurekin zentsura mozioa adosteko PSOEren oniritzia ei du.

PSOEren barruan hainbat iritzi daude, eta horren erakusgarri izan dira Eduardo Madina alderdi sozialistaren kongresuko idazkari nagusiak esandakoak: «Iritsi da garaia PSNk Nafarroan garai berri bat abiatzeko, bestelako gakoetan oinarrituta». Madinaren arabera, nolanahi ere, Nafarroako talde sozialistari dagokio hartu beharreko erabakiak hartzea, «denboran eta forman». Soraya Rodriguez PSOEren Espainiako Kongresuko bozeramaileak ez du zentsura mozioaz hitz egin nahi oraingoz, eta nahiago luke alderdikideek ere egingo ez balute: «Emaitzak jakindakoan hitz egingo dugu; bestela, benetan garrantzitsuak ez direnez jardungo dugu».

PSN eta Bilduren artean adostutako balizko zentsura mozioak ernegatu egin du PP, eta presio kanpaina abiatu du. Jorge Fernandez Diazek sozialistei egindako mehatxuak horren erakusgarri: «[Zentsura mozioak] desiratu gabeko ondorio politikoak eragin ditzake». Haren iritziz, «ez da hori PSOEren nahia», baina badaezpada gogorarazi dio PSNk aurrera egingo balu PSOErentzat ere ondorioak izango direla. Urduritasunaren arrazoia haren ahotik: «Nafarroa estrategikoa da Espainiarentzat». ETAk Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa batzea helburutzat duela izan du argudio: «Nafarroako Foru Erkidegoaren berezitasuna arriskuan edo zalantzan jartzea ETAren helburuari laguntzea da nolabait».

ETA, beti ahoan

Esteban Gonzalez Pons PPko Ikerketa eta Programa idazkariordearentzat ikerketa batzordearen alde egitea «akats oso larria» da: «Nafarroako sozialisten jarrerak ETAren lagunen bidez gobernura iristeko aitzakia usaina du». Alfonso Alonso PPko Espainiako Kongresuko bozeramaileak Espainiako sozialisten idazkari orokor Alfredo Perez Rubalcabari esku hartzeko eskatu dio. Hark ere, ETA ahoan: «Rubalcabak, ezin eztabaidatuzko eran, agindu behar luke ezin dela ezer adostu duela bi egunera arte ETA politikoki lagundu eta erakunde armatuaren historia kriminala kondenatu ez dutenekin».

Madinak ETA alderdi popularraren «hitz magikoa» dela salatu du: «Badirudi diskurtsorik gabe gelditzen direla ETA aipatu ezean; Nafarroak hori baino errespetu handiagoa merezi du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.