Europako hauteskundeak

Zumeak, nahi dituenarentzat

Erabakitzeko eskubidearen aldeko indarrek gora egin dute Euskal Herrian, bereziki sozialisten ezkerrera hazitako alderdiengatikAlderdi abertzaleen emaitzetan ez dago gorabehera handirik; berdinduta daude

jokin sagarzazu
2014ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Abertzalea eta ezkerrekoa. Horrelakoa da, berriz ere, Euskal Herriko soziologia politikoa, Europako hauteskundeek ekarri dituzten emaitzen arabera, behintzat. Ez da sorpresa handirik izan, eta mugimendurik nabaritu bada, Madrilen eta Parisen izandako lurrikaren ondorioz izan da; bereziki ikusi da sozialistek Euskal Herri osoan jaso duten porrotean eta, neurri txikiagoan, eskuin muturraren gorakadan Iparraldean. Iragarrita zegoen bezala, ezkerreko zein eskuineko alderdi txikiek jaso dute protesta botoa.

Baina, funtsean, azken hauteskunde zikloan (2009-2013) hasitako joera sendotu egin da Euskal Herrian. Horrek oinarriak jartzen ditu datorren urteko udal eta foru bozei begira. Eta, hauteskundeetatik haratago, agerian uzten du euskal politikagintzako hiru ardatz nagusietan —krisi ekonomikoan, bakegintzan eta lurralde antolaketa eta erabakitzeko eskubidean— aurrera egiteko zumeak ere badaudela; horiekin lan egin nahi duenik bada, behintzat.

Azken hauteskundeetan bezala, abertzaletasunak eutsi egin dio nagusitasunari, eta alderdi konstituzionalistek, Espainiakoek bereziki, okerrera egin dute duela lau urte hasitako gainbeheran. Euskal Herri osoan, botoen %33 eskuratu dituzte. Abertzaleek, berriz, %40 inguru; EAEn %51, iaz baino 6 puntu gutxiago. Horrekin lotuta, hirugarren ardatza ere indartu da boz hauetan, ezkerreko alderdi txikiek ordezkatzen dutena: IU-Ezker Anitzak eta Podemosek, bereziki. %15etik gorakoa da Hegoaldean bildu duten botoen kopurua. Hortaz, abertzale eta ezkerreko joeretara makurtu da Euskal Herriko ardatz ideologikoa, bereziki Hegoaldekoa. Eta ezkerreko alderdien artean, gainera, azpimarratzekoa da erabakitze eskubideen aldekoek egin dutela gora, sozialisten kaltetan.

Euskal Herrian interes handirik piztu ez duen hauteskunde hauetan, alderdi abertzaleek lortu dute euren helburua: diputatu bana edukitzea Europan. Eta, ñabardurak ñabardura, bien arteko berdinketa egon da Euskal Herri osoan. EH Bildu da lehen indarra Hegoaldean, baina alde txikiarekin. EAJk, berriz, EAEn mantentzen du hegemonia, bereziki Bizkaian duen indarrarengatik: hamabi punturen aldea atera dio EH Bilduri. Hala ere, koalizio independentista lehena izatera heldu da bi herrialdetan: Gipuzkoan eta Araban. Dena den, ez dago gorabehera nabarmenik igandeko bozetatik iazko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara. Ez bada, behintzat, PSEk eta PPk jasandako beherakada eta sozialistei lekua hartuz IUk eta Podemosek hartu duten protagonismoa.

Gipuzkoan, EH Bilduk berreskuratu egin du iaz Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJk kendutako aldea —puntu bakarrera jarri ziren jeltzaleak—. Orain, zazpi punturen aldea dago bien artean. Hala ere, hamabi puntu zeuden 2011ko foru hauteskundeetan eta 2012ko Espainiakoetan.

Araban ere lehen indarra da, eta aurreneko aldia da ezkerreko abertzaleek bozak irabazten dituztela han. Hala ere, datua ez da sorpresa bat; 2011n abiatutako eta iazko bozetan egindako urratsa sendotu baitu EH Bilduk. Iaz, bigarren indarra izatera heldu zen, EAJren atzetik hiru puntura, eta orain aurrea hartu dio, distantzia hori kendu eta 2,5 puntu ateraz.

Ate bat, irekita

Baina ezkerreko abertzaleek nonbait gora egin badute, Nafarroan izan da: bikoiztu egin dituzte 2009ko emaitzak, eta zazpi puntu irabazi dituzte, Amaiurrek 2011ko Espainiako bozetan lorturikoekin erkatuta. Nafarroako beste protagonista PSN izan da. Zazpi puntu galdu ditu azken hauteskundeetatik, eta orduan ere galera handia izan zuen. Nolanahi ere, Nafarroan ikusteko dago, ezkerreko abertzaleek nahi bezala, PSNrik gabe gobernu alternatiba bat osatzerik dagoen edo ez. EH Bilduk gora egin du, baina abertzaleek herrialde horretan bozen %22 eskuratu dituzte orain. 2011n, %27 lortu zituzten, igandeko bozetan parte hartu ez duen Geroa Bai markaren botoak zenbatuta. Baina sozialisten gainbehera eta ezkerreko alde txikien gorakadak ate bat ireki du aldaketarako, Nafarroan bezala, Hegoalde osoan.

Orain, ikusteko dago sozialismoaren krisiak eta boz hauetan askorik mobilizatu ez den eskuineko botoaren eboluzioak zer norabide hartzen duten. Baina kontu bat argi dago: gehiengo sendo bat dago Euskal Herrian, abertzalea, ezkerrekoa eta erabakitzeko eskubidearen aldekoa. Zumeak, beraz, badaude; erabili nahi izatea da gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.