Goioagak legebiltzarraren bermea jaso du Espainiako Senaturako hautagai izateko

Bateraezintasun Batzordeak oniritzia eman dio EH Bilduren hautagaiari eta baita EAJrenari, PSE-EErenari eta PPrenari ereEH Bilduk ohartarazi du bakerako lantaldea ezin dela Eusko Legebiltzarrera mugatu

Erredakzioa
Gasteiz
2013ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernua, EAEko ordezkariaren bitartez lehenbizi eta Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren bidez gero, saiatu da Iñaki Goioaga Espainiako senatari izatea eragozten, baina Eusko Legebiltzarrak ez du kanpoko presiorik onartu eta, bertako txosten juridikoak esku artean, bermea eman dio EH Bilduren hautagaiari Senaturako hautagai izateko. Legebiltzarreko Bateraezintasun Batzordeak atzo ebatzi zuen autonomia erkidegoari dagozkion hiru senatariak izendatzeko talde parlamentarioek proposatu dituzten hautagai guztiek betetzen dituztela kargu hori hartzeko baldintzak.

Goioagaren hautagaitzaren aldeko botoa eman zuten batzordeko EAJko, EH Bilduko eta PSE-EEko ordezkariek; aurkako boza eman zuten, aldiz, PPkoak eta UPDkoak.

Goioagarekin batera, Jokin Bildarratz jeltzalea, Tontxu Rodriguez PSE-EEkoa eta Juana Iturmendi PPkoa izango dira hautagaiak. Eusko Legebiltzarrak osoko bilkuran aukeratuko ditu lau horietatik hiru, heldu den ostegunean. Bildarratzek eta Goioagak ziurtatua dute izendapena, euren alderdien botoak nahikoa dituzte eta. Rodriguezek, berriz, beste alderdiren baten botoak ere beharko ditu, baina hiru alderdi nagusien artean ados jarri dira hautagai sozialista ere aukeratua izan dadin. Iturmendik, berriz, aurkeztu den arren, ez du aukerarik senatari izendatua izateko.

Bakegintzako lantaldea

Eusko Legebiltzarraren X. legealdiko lehen ohiko osoko bilkuran, hainbat gai jorratuko dira, eta Espainiako Senaturako ordezkariak aukeratzeko bozketaz gain, Bakerako eta Bizikidetzarako Lantaldea berriro abiatu ala ez eztabaidatuko dute, PSE-EEk proposatuta.

Iaz eratu zen batzorde hori, baina hilabete gutxi iraun zuen, harik eta hauteskundeetara deitu eta legealdia amaitu zen arte. Sozialistek legez besteko proposamenean eskatu dute lantaldea legealdiaren hasieran osatzeko. Ezusterik ezean, ekinaldiak aurrera egingo du osteguneko bilkuran, baina talde guztiek zuzenketak aurkeztu dizkiote PSE-EEren proposamenari.

Lantaldearen osaketak eztabaida sutsua eragin zuen, bertan ezker abertzaleari ez ziotelako parte hartze iraunkorra bermatu. Ondorioz, EAk eta Aralarrek erabaki zuten ez parte hartzea lantaldean. Aralarreko hiru legebiltzarkidek, ordea —Aintzane Ezenarrok, Oxel Erostarbek, eta Mikel Basabek—, alderdiaren irizpideei aurre egin eta parte hartu zuten.

PSE-EEk orduko lantaldeari jarraipena ematea proposatu du; hots, hark zituen irizpide berekin abiatzea. EAJk ere orduko oinarrietatik abiatzea proposatu du, baina beste gai batzuk jorratu behar direla ere badio, besteak beste espetxe politikaren aldaketa. Horregatik, osoko zuzenketa aurkeztu dio.

EH Bilduk ere osoko zuzenketa aurkeztu du, lantaldeak «eskubide urraketa guztiak aintzat har ditzan». Bizikidetzari «atzera begiratuz bakarrik» heltzen diola uste du koalizioak, bere ustez, «aurrera begira» jokatzeko balio beharko zukeenean.

EH Bilduko hainbat legebiltzarkidek kazetariekin atzo egindako gosari informatibo batean, Laura Mintegi eledunak azaldu zuen lantaldean parte hartzeko asmoa dutela, eta ongi deritzotela abiapuntu gisa iazko lana aintzat hartzeari, baina ez dutela onartzen hura oinarri edo abiapuntu bakartzat hartzea. Mintegik azaldu zuen koalizioarentzat normalizazio politikoak Eusko Legebiltzarraren eremua gainditzen duela, eta beste eragile batzuk eta beste lurraldeak ere hartuko dituen erantzun bat eman beharko zaiola.

Koalizioak proposamen zehatzak aurkezteko eskatu zion EAJri, «premiazkoa delako aurrekontuei edota politika sozioekonomikoei heltzeko». Mintegik jeltzaleen «kontraesana» agerian jarri zuen, gainontzeko alderdiei ados jartzen saiatzeko eskatzen dielako, baina gero ez dituelako gai zehatzak aurkezten. «Akordioak ezin dira hutsean oinarritu, edukietan baizik», azpimarratu zuen Mintegik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.