Sortuk hutsik utzi du idazkari nagusi postua, Otegi espetxean dagoelako

Barrenak argitu duenez, militante gehienek Otegi proposatu dute posturako, baina hura aske utzi arte bete gabe uztea erabaki duteHasier Arraiz da Sortuko presidente kargua hartzeko hautagai nagusia

enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2013ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Bihar egingo da, herriz herriko batzarretan, Sortu alderdi berriaren zuzendaritza osatzeko zerrenden bozketa. Herrietako eta herrialdeetako kargu nagusiak aukeratuko dituzte batzar horietan, eta Kontseilu Nazionala deitu duten zuzendaritza nagusikoak ere bai. Barne bozketa prozesu horietatik irteten diren izenak otsailaren 23an Iruñean egingo den kongresuan aurkeztuko dituzte gero. Alderdiko idazkari nagusia da kargu gorena, baina, atzo Pernando Barrenak jakinarazi zuenez, Sortuk bete gabe utziko du postu hori. Militanteen artean kargu horretarako izenak jaso dituztenean, gehienek Arnaldo Otegiren alde egin dute. Hura Logroñoko espetxean preso dutenez, eta ezingo lukeenez kargu hori bete, hutsik uztea erabaki dute. Kargua gorde egingo diote Otegiri, espetxetik ateratzen denerako, militanteek hala onartzen badute, behintzat.

«Militanteei idazkari nagusi kargurako izenak ematea eskatu zaienean, Arnaldo Otegiren izena masiboki irten da, baina bozketa haren aldekoa izanda ere kargua betetzerik izango ez lukeenez, postua hutsik uztea erabaki da, hartzeko aukera izan arte», nabarmendu zuen atzo Pernando Barrenak Radio Euskadin egindako elkarrizketan.

Izendapenak modu ofizialean otsailaren 23ko kongresuan egingo dira. Izen dantza, ordea, handia izan da azken hilabeteetan. Gara-k bere atzoko alean baieztatu zuenez, Hasier Arraiz arabarra da Sortuko presidente kargua hartzeko hautagai nagusia. Hura da Kontseilu Nagusirako aurkeztutako plantilan lehenengoa, eta hark hartuko luke Sorturen Kontseilu Nazional hori koordinatzearen ardura. Ez da aurreratu duten izen bakarra. Arraizez gain, Sorturen eratze prozesu hori zuzendu duen taldeak izen gehiago ere proposatu ditu: Idoia Aiastui barne antolaketarako, Juan Jose Petrikorena komunikaziorako, Marisa Alejandro finantzetarako eta Maite Ubiria nazioarteko harremanetarako, besteak beste. Bozeramaile lanetarako proposatu dituzte Pernando Barrena, Amaia Izko, Xabi Larralde, Itziar Ameztoi eta Irune Soto.

Arraiz «ongi prestatuta»

Bihar egingo diren batzarretan, barne bozketa horietan, erabakiko da Kontseilu Nazionala osatzeko izen horiek aurrera egingo duten edo ez. Hasier Arraizen izendapena ziurtzat ematen da, eta hari buruz ere mintzatu zen atzo Pernando Barrena. Politikoki «ongi prestatuta» ikusten du Barrenak Arraiz, eta «pertsona ona» ere badela nabarmendu du, elkarrekin espetxean egondakoak direlako biak eta ongi ezagutzen duelako horregatik.

Bihar egingo dute, beraz, Sortu alderdi politiko gisa osatzeko azken aurreko urratsa, eta hortik aurrerakoak ere zehaztuta daude. Hilaren 23ko kongresuaren bezperan, izan ere, nazioarteko konferentzia bat antolatu dute, gatazken konponbideari buruzkoa. Ostiralean egingo da hori, otsailaren 22an, Baluarten. Kolonbia, Kurdistan, Palestina eta Saharako ordezkariak izango dira bertan, besteak beste. Helburua: «Oraindik konpondu ez diren gatazkak eta toki horietako esperientziak ezagutzea».

Hurrengo egunean egingo da alderdiaren kongresua. Goizean egingo da kongresua, eta arratsaldean aurkeztuko dituzte aukeratutako taldea eta alderdia, Anaitasuna kiroldegian egingo duten ekitaldi publikoan. Kongresuan, behin betiko ponentziari oniritzia ematea ere espero da. Nazioarteko zein bertako beste alderdi batzuetako gonbidatuez gain, alderdiko 450 ordezkarik hartuko dute parte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.