Larunbatean ekingo dio aro berriari Euskal Herriko nazio instituzio bakarrak

Urtebeteko prozesuaren ondoren, 393 udaletako 1.227 hautetsik eman diote atxikimendua Udalbiltza berrantolatuariBesteak beste, erakundearen lehentasunak eta zuzendaritza erabakiko dira batzarrean

Elizalde, Eguren, Lopez de Aberasturi, Iturre, Gomez eta Romeo, Udalbiltzako talde sustatzaileko kideak, Donostiako agerraldian. JAUN CARLOS RUIZ / ARP.
Hodei Iruretagoiena.
Donostia
2013ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Euskal Herriak 685 udal ditu, bi estatutan eta hiru administraziotan banatuak. Larunbatetik aurrera, ordea, erdiek baino gehiagok —393 udalek, hain justu— izango dute hautetsiren bat Udalbiltzan, Euskal Herriko udalen eta udal hautetsien biltzarrean. Zazpi lurraldeetako udal eta hautetsiak bilduko ditu, berriz ere, nazio mailako erakundeak. Urtebeteko prozesuaren ostean, larunbatean izango den berrantolatze batzarraren berri eman zuten, atzo, Udalbiltzaren talde sustatzaileko sei kidek. «Oso batzar garrantzitsua izango da», ohartarazi zuen Maite Iturrek: «Euskal Herriko nazio instituzio bakarra da Udalbiltza, eta aro berriari ekingo dio larunbatean».

Iazko martxoa amaieran, Aberri Egunaren atarian, egin zuten Udalbiltza berriz osatzeko deia hainbat alderditako hautetsiek. «Egoera politiko berrian», Udalbiltza «inoiz baino beharrezkoagoa» dela adierazi zuten orduan, eta erakundea osatzeko prozesura batzeko deia egin zieten Euskal Herriko udal hautetsi guztiei. Uztailean, berriz, hamazazpi kidez osatutako talde sustatzailea eratu zuten. Iruñean egin zuten bilkura hura, 1999ko otsailean Udalbiltza sortzeko deiaegin zuten hiri berean. Ordurako,Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 1.097 hautetsik erakutsi zioten atxikimendua erakundea berrantolatzeko prozesuari. Larunbateko batzarraren atarian, berriz, 1.227 dira babesa eman dutenak —horietatik, 153 dira alkateak—. Oraindik bidea luzea dela gogoratu zuen talde sustatzaileko Iratxe Lopez de Aberasturik. Izan ere, 7.000 dira, orotara, Euskal Herriko udal kargudunak.

Hilabetetako lanaren emaitza

Uztailetik hona, atxikimendu gehiago biltzeaz gain, bestelako lanik ere izan dute talde sustatzaileko kideek. Besteak beste, udalen biltzarrak izan beharreko egituraren irizpideak, barne prozedura eta baliabide ekonomikoak zehazteko proposamena osatu behar izan dute. Gainera, Euskal Herriari buruzko diagnostikoa ere osatu dute, prozesuan parte hartu duten hautetsien ekarpenak jasota. Hainbat arlotako egoera aztertuta, lehentasunak ere proposatudituzte.

Larunbatean ikusi ahal izango da, azkenik, hilabeteotan egindako lanaren emaitza. Hain zuzen, landutako diagnostikoaren berri emango dute batzarrean, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirreren agurraren ostean. Azterketa horren araberako lehentasunak aurkeztu eta bozkatuko dituzte ondoren. Iturrek atzoko agerraldian aurreratu zuenez, ondorengo arloak proposatuko dituzte, besteak beste, lehentasun gisa: lurralde garapena, kohesio sozioekonomikoa, Euskal Herriaren nazio egiturak, herrien arteko harremanak, naziotasuna eta nazioarteko lana.

Bestetik, barne funtzionamendua arautzeko proposamena erabakiko dute Donostian egingo duten batzarrean, baita zuzendaritza ere. Iturrek aurreratu zuzenez, Euskal Herriko zazpi lurraldetako hemeretzi hautetsik osatuko dute zuzendaritza hori. Lurraldetasunaz gain, hainbat irizpide hartu dituzte aintzat proposamena egiteko: aniztasun politikoa, genero ikuspegia eta hizkuntza. Zuzendaritza erabaki ondoren, Udalbiltzako lehendakari ohi Loren Arkotxaren eta Udalbideko lehendakariorde Jesus Mari Agirrezabalaren eskutik jasoko du lekukoa lehendakari berriak.

Aro berria, printzipio berberak

Esanahi berezia izango du Arkotxa eta Agirrezabala Donostian egoteak. Udalbiltzaren eta Udalbideren arteko zatiketa gainditu, eta batasunerako deia egin zuten biek iazko uztailean Iruñean egindako agerraldian. Talde sustatzaileko kideek jakinarazi dutenez, EH Bildu eta EH Bai koalizioetan dauden alderdietako ordezkariez gain, EAJko zenbait ere badaude babesa erakutsi duten hautetsien artean.

1999ko irailean sortu zuten Udalbiltza Bilboko Euskalduna Jauregian, 1.778 hautetsiren babesarekin. Han onartu ziren gaur arte iraun duten bost printzipioak: Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea, Euskal Herriaren egituraketa politikoa eraikitzen laguntzea, nazio eraikuntza bultzatzea, herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea, eta nazioartean Euskal Herria nazio berezko eta desberdindua dela adieraztea.

2003an, erakundearen aurkako polizia operazioa agindu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta zortzi kide atxilotu zituzten. Hainbat urtez izan zuten etenda elkartearen jarduna, espetxratu ere egin zituzten hautetsiak. Zortzi urteren ondoren, errugabe jo zituzten hogei auzipetuak, 2011ko urtarrilean. «Denon artean jarraitu behar dugu Euskal Herria eraikitzen», esan zuen atzo Iturrek, eta batzeko deia egin zien «Euskal Herria aintzat hartzen duten hautetsi guztiei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.