Batera-k ez du sostengatzen Espagnac senatariaren ekinaldia

Espagnacek eskatu sindikatu mistoa euskal lurralde elkargoaren proposamenetik «biziki urrun» dela dio Batera-k«Erantzun politiko bat» galdatu dio plataformak Frantziako Gobernuari

Nikolas Blain, Martine Bisauta eta Jakes Bortairu Batera-ko kideak, atzoko prentsaurrekoan. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
«Ezin dugu sostengatu eta ez dugu sostengatzen Frederique Espagnacen ekinaldia, ez formaren aldetik, ez eta funtsaren aldetik ere». Ipar Euskal Herriarentzako senatari sozialistak bere kabuz Frantziako Senatuan aurkeztu egituraketa proposamenari buruz argiki mintzatu zen atzo Batera plataforma. Sekula baino gehiago, euskal lurralde elkargoaren proposamenak jasotako sostengu zabalaz ohartarazteko beharra dagoela azaldu zuten Martine Bisauta, Jakes Bortairu eta Nikolas Blain plataformako militanteek.

Antolaketarako eta kooperaziorako poloa deituko litzatekeen sindikatu mistoaren sortzekourratsa modu pertsonalean harturiko erabakia izan dela argi utzi zuen Bortairuk: «Ez da koordinazioaren ekinaldia, ez da Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak onartutako proiektua, ez da koordinazioa sortzeko oinarritzat hartu dugun proiektua, ez da ehunez gora auzapezek sostengatu duten proiektua eta ez da ere ez Baionan 6.000 pertsonek sostengatu proiektua».

Ez zuten, ordea, Espagnac modu pertsonalean kritikatu nahi ukan: «Egoera horri erantzun politiko bat ematen saiatzen gara; Ipar Euskal Herriaren gero instituzionala da jokoan, eta momentu zail honetan serios eta kontziente izan behar du Batera-k; ez gaude hemen batari edo besteari puntuak emateko edo kentzeko», Bisautaren erranetan.

Senatariaren proposamenarekin ez dutela bat egiten zehazki azaldu zuten, ordea. Sindikatu misto horrekin Ipar Euskal Herriak ez luke eskumen eta aurrekontu propiorik ez eta ere herritarrek zuzenki izendaturiko biltzarrik. «Biziki urrun gaude kolektiboki defendatzen dugun lurralde elkargo proiektutik». Are gehiago, konplexutasuna eta gardentasunik eza emendatuko luke plataformaren ustez. Herri elkargoek osatu polo bat izanki, gaur egungo administrazioan maila bat gehiago gehitzea litzateke. Bide horretan ez dela sartu behar uste du Batera-k: «Bide horretan sartzea ez litzateke tarteko etapa bat, baizik eta ataka gaizto bat», Bortairuren erranetan.

Jakinarazi zutenez, baliteke larunbaterako eztabaidatua izatea Espagnacen aldaketa. Gehiengoak alde bozkatuko dutenik ez dakite eta horren arabera adostuko lukete haien mobilizazioa: «Aldaketa bozkatua balitz, egoera berri batean gintezke eta orduan gogoetatuko genuke gure borrokaren jarraipenaz».

Lebranchuren bisitaren beha

«Hitza hitz» errana gogoan zuen Bisautak. Hain zuzen, Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroak Euskal Herrira etorriko zela jakinarazi zien iragan urrian Hautetsien Kontseiluaren ordezkariei. Geroztik ez dute iñolako berririk. Euskal Herriarentzako finkatu egituraketari buruzko azalpenak entzun ahal izateko, bisita horren beha direla ohartarazi zuen Bisautak. Argi dute ezagupen instituzionalaren gaia politikoa izanki erantzunak ere politikoa izan beharko duela: Gobernuaren erantzuna nahi dute. «Erantzun bat galdatzen gabiltza milaka lagun, baina zailtasun izugarria dugu, berriz ere isiltasuna eta mespretxua dute erantzun gisa», Bisautak deitoratzen zuenez. Eztabaida horretan Euskal Herria hitza entzuna izateko zuten Deszentralizazio erreformari aldaketak aurkezteko hautua egin. Baina Parlamentutik gutxi espero dute, erantzun bat jitekotan botere exekutibotik delako etorriko. Ideia horri segi, iragan larunbatean milaka lagunek gogora ekarri zuten François Hollande presidenteari egin eskaera: Euskal lurralde elkargoari bidea irekitzea.

Larunbateko mobilizazioaren balorazioa egiteko baliatu zuten atzoko prentsaurrekoa. «Manifestazio ederra izan da, gai horri begira 6.000 lagun biltzea zaila da baina lortu dugu».

Manifestazioaz pozik

Blainek balorazio baikorra egin zuen euskal lurralde elkargoaren aldeko koordinazioak antolatu manifestazioaz: «Arrunt baikor gara, 6.000 lagun ez da gutxi!». Deitzaileen kopuruari begiratuz,«historikoa»izan dela nabarmendu zuen. Zifrak hantu gabe, manifestatzaile kopuru zuzena emateko engaiamendua harturik zutela zehaztu zuen ere.

Euskal lurralde elkargoaren sorrera dakarren bidean «etapa» bat besterik ez zela zion Blainek. Aitzina segituko dute mobilizazioa. Batera plataformari doakionez, uztailaren 13ean burutuko dute haien biltzar nagusia. Gaurdanik gomita egina diete lurralde elkargoaren aldeko militante guztiei. Ezpeletan finkaturik dute hitzordua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.