'Herrikoen auzia' ideiak jazartzeko sortu zela salatu dute

Zuzenbideko pertsona ezagunen talde batek manifestu bat kaleratu du 35/02 auziaren «zentzugabekeriaz» ohartaraztekoUrrian hasiko den «epaiketa politikoa» elkarbizitza eraikitzeko «oztopoa» dela dio

Sainz de Rozas, Oleaga, Ibarra, Cañada, Rios eta Montero, atzo, manifestuaren aurkezpenean. JON HERNAEZ / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2013ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
«Espekulazio eta hipotesi hutsetan oinarritutako zigor prozedura»; gertaera zehatzik egiaztatu gabe eraikia; «inpartzialtasunik eta objektibotasunik gabeko polizia txostenetan oinarritutako instrukzio teknika makurraren» emaitza. Egunkaria eta Udalbiltza auzipetzeko erabili zen txosten bera ardatz duena. «Zentzugabekeria». Horixe da herriko tabernekin lotutako 35/02 auzia, zuzenbide alorrean jarduten duten profesional zein irakasle eta kazetariek osatutako talde baten hitzetan.

«Epaiketa politiko berri bat da, non, etsaiaren zigor zuzenbidearen printzipioak aplikatuta, ideologia jakin bateko kideak eta horien aldekoak epaitu nahi dituzten», salatu du.

Ezker abertzaleko 40 lagun epaituko ditu Auzitegi Nazionalak urriaren 17tik aurrera, ETAko buruzagi, kide edo laguntzaile izatea egotzita. Herriko tabernen bidez ETA finantzatzea leporatzen diete zehazki, eta hamabi, hamar eta zortzi urtez kartzelan sartzeko eskatzen du fiskalak. Gaian adituak direnek salatu dute, ordea, Baltasar Garzon epaileak duela 11 urte abiatutako auzian ez dela zehazten ETArekin edo bere finantzaketarekin lotutako gertaera bakar bat ere. «Herrialde demokratikoetako Zigor Zuzenbidean ez da horrelako sumariorik onartzen, legeak tipifikaturiko egitate zehatzak epaitzen direlako, eta ez susmo hutsak».

Horiek horrela, taldeak ondorioztatu du «sumario bidegabearen» helburua «aukera eta ideia politiko jakin batzuei eraso egitea» dela. Baina abisu eman du demokrazian bitarteko demokratikoekin edozein ideiak «zilegi eta posible» izan behar duela.

Zuzenbide estatu batean lekurik ez duen gertaerak bildu ditu 35/02 auziak, beraz, adituen ustez, Egunkaria-ren zein Udalbiltzaren aurkakoetan eta 18/98 auzian gertatu bezala.

Abiatu zenetik igaro diren urteetan, gainera, «hainbat gehiegikeria» eta eskubide urraketa egin direla txarretsi dute. Gogoratu dute akusatuak «beharrik gabe» atxilotu, inkomunikatu eta espetxeratu zituztela, milaka euroko bermeak ezarri, kontu korronteak blokeatu eta kontrol neurri zorrotzak ezarri zizkietela, adituen ustez, modu bidegabean.

Horrela, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean eta Espainiako Konstituzioan jasotzen diren «oinarrizko printzipio demokratikoak eta funtsezko eskubideak» urratu ditu auziak, taldeko kideen hitzetan. Horietako hainbat aipatu dituzte manifestuan: aniztasun politikoa, askatasun ideologikoa, askatasun pertsonala, legezkotasun printzipioa eta arauen atzeraeragin ezina, defentsa eskubidea, frogarako eskubidea, berme guztiak dituen epaiketa zuzena, arrazoizko epean epaitzea, proportzionaltasun printzipioa eta auzipetuen aukera ideologikoengatik egilearen zigor zuzenbidea ezarrita bereizketarik ez egitea.

Horiek guztiak esanda, ondorioztatu dute epaitzear den auzia hasiera-hasieratik «zentzugabekeria» dela. Eta, gainera, uste dute «historiaren une honetan», ezker abertzaleak jardun armatua errefusatu eta ETAk berak bertan behera utzi duenean, epaiketa egitea «okerra, gehiegikeria eta elkarbizitza demokratiko bat eraiki ahal izateko oztopoa» dela. Areago, egoera berria «auzipetuetako batzuen ekarpen baliotsuari esker» erdietsi denean.

Hortaz, euskal gizartean «aukera, ideia zein ikuspegi aniztasuna eta oinarri demokratikoen bidez elkarbizitza esparruak» eraiki nahi dituzten herritar guztiei zuzendutako «eraso» gisa dute 35/02 «auzi politikoa».

Herritarrengana zuzendu dira hargatik. Eskatu diete ez dadila epaiketa politiko gehiago egin aldarrikatzeko; «eskandaluzko instrukzio bidegabeetan oinarritutako epaiketa guztiak artxiba daitezela», etsaiaren zigor zuzenbidea desager dadila, aniztasun politikoa eta elkartze, adierazpen nahiz askatasun politikorako eskubideak baldintza gabe errespetatzea galdegin dezatela eta «elkarbizitza demokratikorako oinarri sendoak» ezartzen lagun dezatela. Aldarri horiek biltzen dituen manifestuaren inguruan sinadura bilketa egingo du taldeak, epaiketa eguna bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.