Espainiaren «eredu zentralistari» aurre egitera deitu du EH Bilduk

Bi mila bat pertsona batu dira Donostian, Espainiaren «inboluzioaren» aurka, Euskal Herria «martxan» dela erakustekoEgungo ekonomia eredu neoliberalen alternatiba gisa azaldu da EH Bildu

EH Bilduk antolaturiko manifestazioaren burua, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2013ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
«Espainiako Gobernuaren eredu zentralista, ustel eta neoliberalari, 'aski da' esateko ordua» dela aldarrikatu zuen EH Bilduk, atzo, Donostian antolaturiko manifestaldian. Sasi Guztien gainetik, Euskal Herria martxan lelopean, egungo eredu politiko eta ekonomikoari aurre egiteko alternatiba moduan azaldu zuen bere burua koalizioak. EH Bilduk markatu dituen helburuak lortzeko akordioen beharra azpimarratu zuen horrek, eta horretarako «gogoa eta agenda» badutela erantsi.

Arratsaldeko bostetan zen abiatzekoa manifestaldia, Donostiako Bulebarretik. Hiriko festak hasi berritan, jai giroa zen nagusi kaleetan. Eguzkiak hartu zuen zerua, eta izkinetako artista zein musikariek borobiltzen zuten arratsaldea. Kaleak jendez gainezka egon arren, ez zirudien manifestaldirik egongo zenik. Bostak pasatu ahala azaldu ziren turisten artetik, bat-batean, EAko idazkari nagusi Pello Urizar, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Lohitzune Txarola, Rebeka Ubera Gipuzkoako Batzar Nagusietako Aralarren idazkaria eta Sorturen Gipuzkoako koordinatzaile Joxean Agirre.

Ordezkari politikoen presentziarekin batera batu zen jendea, eta berehala hasi zen manifestaldia. Bi mila pertsona inguru bildu ziren Gipuzkoako hiriburuan, Euskal Herria «martxan» dagoela erakusteko asmoz.

Bulebarra atzean utzi, eta Alderdi Ederrerantz egin zuen jende andanak. Ertzaintzaren bost furgoiren konpainian, independentziaren eta euskal presoen aldeko aldarriak entzun ziren han. San Martin kaletik jarraitu zuten ondoren, eta Artzain Onaren katedralaren paretik igaro ziren ostean. Hantxe zeuden, zain, epaiketa politikoen desagerpena aldarrikatzen zuten hogei pertsona ere, Libre dinamikaren elastiko laranja soinean zutela. Okendo plazan amaitu zen ibilaldia. Jendea isilik, antzeztokiari so. Agirreren txanda zen orain.

Leloari so, Espainia eta sasiaren arteko konparaketa metaforikoa eginez eman zion Agirrek hasiera hitzaldiari. «Sasiak ez du errespetatzen ez etxe, ez jauregi, ez lubakirik», zioen, «utziz gero, dena egingo du bere». Horrela, «espainiartasunaren sasia» Euskal Herriko kaleetan zein egitura politiko eta instituzionaletan erroturik zegoela esan zuen ondotik. «Espainiaren menpe jarri dugu gauzak nola egin behar diren, estatu horren gabezia demokratikoa gaindituko zelakoan, baina alferrik. Frankismo luzeak korapilatu zituen estatu egiturak eta inposizio ereduak bere horretan diraute, urteak joan, urteak etorri», azaldu zuen.

Hego Amerika, ispilu

Bolivia, Ekuador, Uruguay eta Venezuela aipatu zituen Sortuko kideak Hego Amerikako «herri libre» gisa, eta euren eredu soziala Euskal Herriaren ispilu izan zitekeela iradoki zuen: «Ozen eta konplexu barik salatzen dute horiek, metropoli zaharraren izaera eta jokabide zanpatzailea», esplikatu zuen, eta gaineratu Europatik ere «mesfidati» begiratzen zaiola jada «Rajoyren piurari».

Espainiako estatua pairatzen ari den krisiaren inguruan hiru puntu azpimarratu nahi izan zituen Agirrek. Lehenik, aditzera eman zuen Espainiako Gobernua langileen eta herritarren aurkako «erasoaldi basatia» egiten ari zela. Bigarrenik, esan zuen erregimen frankistak ezarri zuen arkitekturaren amiltzea zela estatu ereduaren krisia. Azkenik, ustelkeria izan zuen mintzagai: «Ustelkeriak jotako eredu politikoaren krisia ez da Barcenasena, sistema osarena baizik. Ustelduta dago Espainia, pipiak janda haren estatu izaera, eta itzulerarik gabeko bidaia abiatu du hautu propioz».

Estatuko botere faktikoen ereduak «porrot» egin duela zioen Agirrek. «Porrot» horri aurre egiteko, baina, «demokraziazko transizio bat» egin beharrean, Madrilen zentralismoaren aldeko hautua egin dela esplikatu zuen: «Gaur, lehen bezala, zentralismoaren aldeko apustuarekin bat datoz PP eta PSOE, Rajoy eta Rubalcaba». Hori hala, Euskal Herriaren «nazio aldarrikapen demokratikoen aurka», Espainiak «mehatxuarekin» erantzuten dutela salatu zuen, «herriei dagokien erabakitze eskubidea ukatuz eta estatu proiektu bat inposatuz».

Espainiaren «inboluzioa»

Alde horretatik, Espainiako Gobernua «inboluzio» prozesu bat gertatzen ari zela azaldu zuen Sortuko gipuzkoarrak. Bai PPk, bai eta PSOEk giza eskubideak hausten dihardutela salatu zuen; «bortizki eusten diotelako espetxe politikari, Auzitegi Nazionalaren estrategiari, eta ekintza polizialei». «Inboluzioa iritsi da» azpimarratu zuen, « eta, dirudienez, geratzeko». «Hor daude Madrilen egingo diren makroepaiketa berriak, zoru etikoaren inguruan egiten dituzten aipamen hipokritak, eta Urkulluren Bake eta Bizikidetza Planari eman dioten ezezkoa. Eta bien bitartean, hamarkadetan eragin dituzten biktimekiko duten erantzukizuna ezeztatzen jarraitzen dute», argitu zuen.

Horren ildotik, zion Espainiako estatua «deseroso» aurkitzen dela Euskal Herriko jokaleku politiko berrian. Normalizazio politikoa «bideraezin» bilakatu nahi duela adierazi zuen ondoren, baina Euskal Herriari «inork» ez diola inposatuko «herriak nahi ez duen konponbide injusturik». «Ez gaituztela derrigortuko Angela Merkelek ezarri duen bidea hartzera, ez eta Auzitegi Konstituzionaleko presidentearen nahiak betetzera ere», adierazi zuen.

Azken bi urte hauetan EH Bilduk egin duen lana ere izan zuen mintzagai Agirrek. Haren ustetan, «urrats kualitatibo oso garrantzitsuak» eman ditu alderdiak instituzioen jardunean: «Zerga sistema aurrerakoia bultzatuz, zerbitzu sozialak bermatuz, langileen eskubideen defentsan, eta obra publikoetan klausula sozalak ezarriz», zerrendatu zuen. Hori dela eta, EAJ, PSE-EE eta PP «haserretu» egiten direla aipatu zuen, eta horrek esan nahi duela «gauzak ondo egiten ari direla». «Gure eredua berria dela erakusten du horrek, ez duela zerikusirik aurreko 35 urteetan egin denarekin».

Demokrazian eta askatasunean oinarritutako Euskal Herria aldarrikatu zuen, azkenik, EH Bildukoak. «Bidea zein den badakigu, eta zuen laguntzaz lortuko dugu», amaitu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.