'Parot doktrina' eraitsita. Estrasburgoko epairen eragina

Kasuak banaka aztertzen jarraituko du Auzitegi Nazionalak, ostiraletan

Preso bakoitzari 'Parot doktrina' aplikatu zion auzitegiari dagokio hura indargabetu edo ez erabakitzea, Gorenaren araberaGorenak Botere Legegileari eskatu dio arautzeko nola bete Europako epaiak

Oihana Elduaien Uranga.
2013ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Berak ez duela erabakiko erabaki du Espainiako Auzitegi Gorenak. Haren ustez, Parot doktrina aplikatu zuten auzitegiei dagokie kasuak aztertu ostean Ines del Rioren egoera berean dauden presoei doktrina indargabetzea. Eta halaxe egiteko esan die. Auzitegi horiek hartzen dituzten erabakiekin aldeak ados ez badaude badutela Gorenean helegitea jartzeko aukera, eta kasu horiek bakarrik aztertuko dituela gaineratu du. Beraz, ostiraletan bilerak egin, kasuak aztertu, eta hala dagokiela irizten duten presoak aske uzten jarraituko dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako 17 magistratuek.

Gorenak berak sortutako Parot doktrinaren kontra Estrasburgok ateratako epaia aplikatu egin behar dela badaki Gorenak, eta halaxe egin behar dela dio, atzo kaleratutako hiru puntuko oharrean. Aurreneko puntuan dio 1973ko Zigor Kodearen arabera 2006aren aurretik zigortu zituzten presoei 30 urteko gehienezko zigorraren gainean aplikatu behar zaizkiela espetxe onurak. Hortik aurrera, xehetasun ugari daude, baina, Gorena ez da haietan sartzen.

Estrasburgoren epaia aplikatzea presoei zigorrak jarri eta doktrina ezarri zien auzitegien lana dela esan zuen Gorenak, Auzitegi Nazionalak bere aurreneko bileran hartutako irizpidea berretsiz. 11 aldeko boto eta kontrako laurekin onartu zuten 15 magistratuek Miguel Colmenero txostengilearen testua. Euskal preso gehienen kasuan, Auzitegi Nazionalak erabaki behar du, eta gainerako preso batzuen kasuan, lurralde auzitegiek.

Auzitegi Nazionalak Ines del Rio aske uztearekin batera ulertu zuen berari zegokiola gainerako kasuei buruz ebaztea ere. Hala,Parot doktrina aplikatuta preso mantentzen zituenen gainean deliberatzeko bilerak ostiralero egitea erabaki zuen. Espainiako lege prozeduren barruan, Auzitegi Gorenean eta Konstituzionalean helegiteak zituztenen kasuan bi auzitegi horien esku uztea ere erabaki zuten.

Euskal presoen defentsako abokatuek ere ildo bereko iritzia zuten hasieratik. Ines del Rioren aldeko epaia bere egoera berberean zeuden 55 preso ingururi aplikatu egin behar zaiela esan zuten; Auzitegi Nazionalak ezarri zuenez, berari dagokiola indargabetzea ere; eta hori «lehenbailehen» egin behar duela.

Horiek horrela, gaia aztertzeko, Gorenak atzo jarria zuen Bigarren Zigor Salako magistratuen bilera, haiek mahai gainean zituzten bost kasuez erabaki zezaten. Gorenak ez zuen ebatzi bost kasu horietaz. Datorren asterako jarri du horiei buruz erabakitzeko beste bilera bat.

Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako magristratuak Gorenak jartzen zuen irizpidearen zain zeuden bi kasuri buruz erabakitzeko. Izan ere, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza saiatu da doktrinari zirrikituak bilatzen hala eskatzen duten preso guztiak ez askatzeko. Zehazki, 1973ko zigor kodearekin epaitutako presoei 2006aren aurretik aplikatutako onurak 30urteko gehienezko zigorraren gainean aplikatu behar zaizkiela onartu arren, 2006tik aurrerako onurak zigor osoaren gainean aplikatu behar zaizkiela argudiatu zuen. Ondorioz, 2006tik aurrera lortutako espetxe onurak praktikan gutxituz. Fiskalak 2006an jartzen du muga, orduan hasi zirelako espetxe onurak 1995eko zigor kodearen arabera aplikatzen 1973ko kodearen arabera zigortutako presoei ere.

Atzoko bileran Auzitegi Gorenak ez zuen ezer esan fiskalaren eskaerari buruz. Beraz, Auzitegi Nazionalak erabaki beharko du fiskaltzaren eskaeren inguruan ere.

Auzitegi Nazionalak joan den ostiralean. Mahai gainean zituen 11 kasutatik bederatzi libre uztea erabaki zuen. Gorenak kontrakorik esan ez duenez, Auzitegi Nazionalak epaiaren interpretazio bera egiten eta presoak askatzen jarraituko duela espero da.

Botere Legegileari eskaera bat ere egin dio Gorenak. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinaren kontra eman duen epaia nork eta nola aplikatu behar duen zehazki ez jakiteak sortu dituen gorabeherak saihesteko, Europako ebazpenak betetzeari buruz «arautegi argi eta zehatza» eskatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.