'Parot doktrina', eraitsita. Epaiaren ondorioak

Beste 13 euskal preso askatzeko agindu du Auzitegi Nazionalak

Hemendik aurrera ez dituzte osoko bileretan hartuko erabakiak, eta horrek prozesua azkartzea aurreikusten daDel Riori eman beharreko 30.000 euroko kalte-ordainak blokeatuta segituko du

Oihana Elduaien Uranga.
2013ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Espetxeen atarietan zain zeuden senitarteko eta lagunak. Errepidean kilometroak egin ostean, ona izatea espero zuten berriaren zain. 18:00 inguruan jakin zuten Espainiako Auzitegi Nazionalak aztertu zituen 15 kasuetan presoak aske uzteko agindua eman zuela —13 euskal preso, GRAPOko bat eta preso arrunt bat—. Txaloka hartu zuten berria, adibidez, Zuerako (Zaragoza) espetxe atarian Pello Odriozolaren zain zeudenek. Artean zain egotera kondenatuta zeuden, baina beste modu bateko itxaronaldia izan zen berria jakin ostekoa, poza lagun. Espetxe barrutik deia ere jaso zuten, eta beraiek eman zioten aske aterako zen berria Odriozolari. 22:00etan atera zen.

Honakoak dira Auzitegi Nazionalak aho batez hartutako erabakiarekin libre uzteko agindua eman zuen presoak: Josu Diaz de Heredia Ruiz de Arbulu (2009ko urritik behar zuen libre), Juan Mari Gabilondo Agote (2007ko abendutik behar zuen libre), Antxon Lopez Ruiz (2006ko uztailetik behar zuen libre), Francisco Lujanbio Galdeano (2008ko abendutik behar zuen libre), Inmaculada Noble Goikoetxea (2008ko urritik behar zuen libre), Pello Odriozola Agirre (2008ko uztailetik behar zuen libre), Kepa Rezabal Zurutuza (2006ko abendutik behar zuen libre), Gonzalo Rodriguez Cordero (2013ko uztailetik behar zuen libre), Mitxel Turrientes Ramirez (2009ko apiriletik behar zuen libre), Maritxu Uzkudun Etxenagusia (2009ko abuztutik behar zuen libre), Joxe Felix Zabarte Jainaga (2008ko apiriletik behar zuen libre), Raul Ibañez Diez (2010eko urritik behar zuen libre) eta Andoni Alza Hernandez (2007tik behar zuen libre). Langraiz bidea deiturikoa hartuta baldintzapean aske zegoen Alza, eta gainerakoak atzo bertan hasi ziren giltzapetik irteten.

Hasiera batean, Ibañezen kasua ez ziren aztertzekoak atzo, baina azken orduan zerrendan sartu zuten. Astebete lehenago Ibañez oraingoz ez askatzea erabaki zuten Zigor Salako epaileek, fiskalak Estrasburgoren epaia aplikatzeko modu berria proposatu ostean. Auzitegi Nazionalak atzoko erabakiarekin argi utzi du fiskalaren eskaera berri hori ez duela aintzat hartzen. Gorenak ere ez zion erantzun ere egin fiskaltzaren eskaerari, asteartean atera zuen oharrean.

36 kasu argitzeko

Horrenbestez, 24 dira Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinaren kontrako ebazpena eman ostean espetxetik atera diren presoak. Ines del Rioren kasu berean dauden beste 36 euskal presoren kasuak dituzte auzitegiek esku artean. Euskal Preso Politikoen Kolektibokoak dira 32, eta Langraiz bidea deiturikoa hartutakoak beste lau.

Ez dute jakinarazi noiz aztertuko dituzten kasu horiek, baina, prozeduran aldaketa egitea erabaki dutenez, erabakiak orain arte baino azkarrago hartzea espero da. Izan ere, ez dituzte Zigor Salaren osoko bileretan hartuko. Preso bakoitzaren kasua berari zigorra jarri zion sekzioak aztertzea ebatzi zuten atzo. Hala egingo dute fiskalak aske utzi behar dela irizten dien kasuetan. Fiskalak kontrakoa dionetan, berriz, Zigor Salak erabakiko du, osoko bilkuran.

Gainera, Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarrita dauden kasuak ere berak aztertzea erabaki du Auzitegi Nazionalak. Beraz, Auzitegi Gorenaren esku dauden bost kasuak ez beste guztiak berak erabakiko ditu. Gorena datorren astean da biltzekoa bere kasuei buruz erabakitzeko.

Beste erabaki bat ere hartu zuen atzo. Ines del Rio aske uzteaz gain kalte-ordainetan 30.000 euro emateko ere agindu zion Estrasburgok Espainiari. Diru hori ez ematea erabaki zuen Espainiak, Del Riok biktimei kalte-ordainik ez diela ordaindu argudiatuta. Del Rioren protesta onartu ez, eta kalte-ordaina blokeatuta mantentzea erabaki zuten atzo.

Ordu eta erdiko bilera egin zuten Zigor Salako 16 epailek erabaki horiek hartzeko —baimenarekin zegoen Jose Ricardo de Prada—. Ostiralean ziren biltzekoak, baina fiskalak presoak aske uztearen alde zegoela jakinarazi zuenean, aurreratu egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.