Albistea entzun

35/02 auzia. Epaiketa

Iruin: «Ezingo dituzte epaitu bide penaletik HB, EH eta Batasuna»

Defentsak dio ez dutela frogatu «militantzia bikoitzik» eta soilik HBkoa izanda ezin dela egotzi «erakunde terroristako kide» izatea

Argudio hori erabili arren, akusazioek ez dute eskatu HB «terrorista» izendatzeko
35/02 sumarioko auzipetuak eta abokatutak, joan den astean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko sarreran.
35/02 sumarioko auzipetuak eta abokatutak, joan den astean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko sarreran. J. DANAE / ARGAZKI PRESS

Hodei Iruretagoiena - Berriemaile berezia

2014ko martxoak 11 - Madril

«Erakunde terroristako kide izatea leporatzeko, erakunde terrorista bat egon behar da, eta oinarrizko elementu hori ez da ematen HBko kide izatea egotzita». Argi azaldu du Iñigo Iruin defentsako abokatuak. Izan ere, hasierako tesia aldatuz, 35/02 sumarioko auzipetuak HBko kide zirelako epaitzen dituztela argudiatu zuen Vicente Gonzalez Mota fiskalak, azken ondorioak azaltzean. Aldaketa hori ulertzeko arrazoi bakarra aurkitu dute defentsako abokatuek: ezin izan dutela aurkeztu hasieran egindako akusazioei eusteko frogarik, eta delitu bera egozteko bidea aldatu behar izan dutela. Iruinek eta Jone Gorizelaiak beren azalpenetan esan zutenez, ordea, bi bideek dituzte hutsune nabarmenak, eta aukera bakarra du epaimahaiak: auzipetu guztiak absolbitzea.

Izan ere, aurrekoa bezain antzua da zigor eskaerak justifikatzeko bide berria. Iruinek azaldu zuen: akusazioek ez dute auzipetuen «militantzia bikoitza» erakusten duen ekintza zehatzik frogatu. Hau da,ez dute frogatu, HBren Mahai Nazionalean zebiltzan bitartean ETAko, KASeko, Ekineko, edo auzitegiek «terrorista» izendatutako beste edozein erakundetako kide zirenik.

Frogatu duten bakarra HBn egindako jarduera politiko eta publikoa izan da, eta akusazioek HB «ETAren fronte insituzionala» dela esan arren, HB ez da «erakunde terrorista». Ez dago epairik hori esaten duenik. Beraz, zigorrerako bidea irekitzeko aukera bakarra epaimahaiak HB, EH eta Batasuna «erakunde terrorista» izendatzea litzateke. Eta hor dago gakoa: akusazioek ez dute halako eskaerarik egin ofizialki, beren argudioetan eskema hori baliatu arren.

Are gehiago. Bi abokatuek ekarri dute gogora alderdi horiek legezkoak zirela auzipetuetako askori egozten zaizkien jarduerak egin ziren garaian, eta gainera, Espainiako Auzitegi Gorenak 2003an eten zituen epai bidez Batasunaren jarduerak, bide administratibotik. Beraz, administratiboki existitzen ez bada, bide penalean ere ez da existitzen pertsona juridiko hori.

Hitza hartu bezain laster bota zuen ondorioa Iruinek. «Nor epaitzen da hemen?», galdetu zuen: «Subjektuak pertsona fisikoak dira, ez pertsona juridikoak. Inongo auzitegik ezingo ditu bide penaletik epaitu HB, EH eta Batasuna». Hori argi utzita ere, hasierako tesian fiskalak emandako argudioen aurka egin zuen, garaiz garai, auzipetuen «militantzia bikoitzik» ez dagoela, eta jarduera politikoa ez dutela ETAren izenean egin frogatzeko.

1. 1977-1991: HASI

Akusazioen arabera, HASIko eta ASKko militanteen bidez kontrolatzen zuen ETAk HBren Mahai Nazionala lehen urteetan. Hasteko, defentsaren esanetan, ez dago frogatua HASIko kideak KASen sartzen zirenik. HASI desegin zeneko kongresuan, 1991n, kontrol batean identifikatu izana da auzipetuetako batzuen aurkako froga bakarra. Baina horrek ez du frogatzen, defentsaren iritziz, HASIko kide zirela, gonbidatu bezala ere parte har zezaketelako kongresuan. Are gutxiago, HASIko kide gisa HB kontrolatzen zutela. Adibidez, HASIko militante zela onartu zuen Floren Aoizek epaiketan, baina hura desegin ondoren sartu zen Mahai Nazionalean.

2. 1991-1995: KASeko «militantzia komuna»

Garai hartan, kontrol hori «militantzia komunean» egiten zela diote akusazioek. Ustez ETAri 1993an atzemandako artxibo batekin arrazoitu zuten lotura hori. Goitizen batzuk agertzen ziren bertan, eta auzipetutetako batzuekin lotu zituzten horiek. Polizia perituari egindako bi galdera ekarri zituen gogora Iruinek: «Goitizenik aurkitu da izen horiekin?». «Ez». «KASeko gisa agertzen da inor?». «Ez». Orain aurkeztutako txosten horiek 18/98 auzian erabilitakoak zirela oroitarazi zuen, eta orduan ez zela epaitu orain auzipetutako inor.

Bide batez, halako makroprozusuetan herritarren eskubideak nola urratzen diren ere salatu zuen, lan juridikoa baino,«ikerketa historiografikoa» egiten dela esanez.

3. 1995tik, HASIko eta Jarraiko kide ohiak

KAS desegin zenetik aurrerako da hurrengo fasea. Akusazioen esanetan, HASIko eta Jarraiko militante oihek betetzen zuten orduan HB kontrolatzeko funtzioa. Hau da, pertsona horien jarduera zehatzen bidez: zuzenean ETAren aginduak jasotzen zituztelako, iraultza zerga jasotzen laguntzen zutelako... Kasu horretan ere, frogarik ez dagoela ziurtatu zuen Iruinek, peritu gisa jardundako polizien hitzak gogora ekarriz: «Aukera zegoela, pentsatzen zutela...».

Militante ohien argudioa erabiltzen dute akusazioek 1995etik 1999ra. Izan ere, Ekin daukate KASen ondorengotzat funtzio horretan, baina Ekin ez zen sortu 1999arte. Inoren kasuan ez da frogatu Ekineko kide dela ere, defentsaren esanetan. Hori egozten diote, esaterako, Joseba Permachi, ustez Arrigorriagan (Bizkaia) Ekineko bilera batean parte hartu zuelako, baina Iruinek salatu zuenez, ez dago hori egiaztatzen duen frogarik. Gainera, Ekineko bileratzat jotzen dituzten gainontzekoetan ez dute aipatzen parte hartu zuenik.

Jarduera zehatz horietako bat izan zen 1997an Auzitegi Gorenaren epaia ekarri zuena. HBko Mahai Nazionaleko kideak zigortu zituzten, ETAren Alternatiba Demokratikoa zabaltzeagatik. Sumarioaren oinarria epai hartan dagoela esan zuen Iruinek. Orduan, epaileek baztertu egin zuten horregatik «erakunde terroristako kide» izatea egotzi eta kausa orokortzea, herri akusazioek hala eskatu arren.

4. 2003tik, Batasunaren jarduerak etenda

Auzipetuek salatu izan dute Batasuna legez kanporatzeko garaian hasi zela sumarioa, horretarako abiatu zutela. Bide hori hartu zuen Iruinek ere akusazien argudioen aurka jotzeko. Izan ere, alderdi bat legez kanpo uzteko egokiak izan zitezkeela esan zuen, baina ez inor bide penaletik epaitzeko. 2003an eten zituen Batasunaren jarduerak bide administratibotik, eta orduz geroztik, ofizialki, desegina geratu zen alderdia. Hortik aurrera auzipetuetako batzuek ere jarduera politiko eta publikoa egin zutela frogatua da, baina hori ez da argudioa «erakunde terroristako kide» direla esateko, Iruinen hitzetan: «Pertsonek askatasuna dute jarduera politikorako, alderdi bat legez kanporatu arren».

Hainbat epai aipatu zituen defentsako abokatuak, jarduera horiek ez zeudela ETAren menpe argudiatzeko. Izan ere, hainbatetan esana dute auzitegiek elementu berriekin frogatu behar dela ordutik aurrera ETAren agindupean dagoela ezker abertzalearen zuzendaritza. «Inertzia hutsez, emantzat jotzen da», salatu zuen Iruinek.

5. Epaia, atzera eraginkortasunez?

Atzera eraginkortasunaren printzipioa ere aipatu zuen Jone Goirizelaiak. Auzipetu askoren kasuan, 2001etik atzerakoak dira egozten zaizkien jarduerak, eta handik bi urtera etorri zen Batasunaren jardueren etetea. «Jarduerak alderdi politiko legal batean ematen dira. Nork pentsa dezake legez kanpoko jarduera bat egiten ari dela alderdi legal batean ari denean?».

6. 'Herriko tabernak'

Gaur egingo du Kepa Landa abokatuak herriko tabernei dagoekien zatiaren defentsa, baina akusazioen argudioak herren geratu dira dagoeneko. Elkarte horiek HBren jabetzakoak zirela izan zen fiskalaren argudioa haien aurkako neurriak eskatzeko. Iruinek esan bezala, HB bide penaletik epaitu ezin bada, ezingo litzateke haien aurka jo.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Geroa Baiko Uxue Barkos, PSNko lehendakarigaia, Maria Txibite, entzuten. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Parlamentuko lehendakaria Geroa Baikoa izango da

Joxerra Senar

Barkosen arabera, sozialistek ontzat jo dute mahaiko kide bat EH Bildukoa izatea. Txibitek goraipatu du PSNk «eskuzabal» jokatu duela
Juan Karlos Izagirre eta Maddalen Iriarte, EH Bilduko Donostiako alkategaia eta Gipuzkoako ahaldungai nagusia, Arnaldo Otegirekin, hauteskundeen emaitzak ezagutu berritan. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Hegemonia aztertzen

Xabier Martin

Maiatzaren 28ko bozek areagotu egin dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan handitzen ari den alderdi abertzaleen nagusitasuna. Gizartea aldatzen ari da, edo alderdiak, edo biak. Bozen emaitzek badute lotura aldaketa soziologikoekin, baina haiek ez dute dena azaltzen.

Lau urtez gobernatu du EAJk Guardian. ©Juanan Ruiz / Foku

Atzera ere EAJk gobernatuko du Guardian

Jon O. Urain

Raul Garcia alkategai jeltzaleak ziurtatu du hautagaitza aurkeztuko duela, eta EH Bilduk babestu egingo du. PPk irabazi zuen herri horretan.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua, gaur, Busturian egindako prentsaurrekoan. ©IREKIA

Erkorekak gaitzetsi egin ditu Ertzainak Borrokan-en «jarrera anker eta desegokiak»

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak plataforma «asindikalari» leporatu dio Ertzaintzako sindikatuak negoziazio mahaitik altxatzera «behartu»« izana. Plataformak negoziazioetan parte hartu nahi du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...