EH Baik eta Europe Ecologiek soilik egin dute lurralde elkargoaren alde

Kontseilari izanez gero, eztabaida Kontseilu Nagusira eramanen duten galdetu die Batera-k bozetarako hamazazpi hautagairiSozialistak, zentrokoak eta Ezkerreko Frontekoak eztabaidaren alde agertu dira

Gonbidatuta zeuden 72 hautagaietatik 17 besterik ez ziren azaldu Batera-ren deialdira. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Ezpeleta
2011ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Batera plataformak euskal lurralde elkargoari buruz hitz egitera gonbidatu zituen, atzo, Ezpeletara (Lapurdi) kantonamenduetako bozetarako Ipar Euskal Herriko 72 hautagaiak. Haatik aulki parrasta hutsik gelditu zen, soilik 17 agertu zirelako. Horietariko zortzi zerrenda abertzaleen ordezkari(zazpi EH Baiko eta Angelu Zainekoa), lau sozialista, hiru zentrista (Forces 64) eta Ezkerreko Fronteko zein Europe Ecologie Berdeetako bana. UMP, EAJ eta NPA ziren eskas. Agertu ez zirenetatik bost zerrendaburuk zuten bakarrik barkamena adierazi antolatzaileei.

Dena dela, presente zeudenek haien iritzia, aholkuak edota galderen aurkezteko aukera ukan zuten. Batera-k lurralde elkargo baten oinarriaren proposamena landua du, korsikar ereduan anitz inspiraturik. Argiki Ipar Euskal Herriaren onarpen instituzionalaren aurka mintzatu zenik ez zen izan atzoko ekitaldian, eta guztiek zuten plataformak egin lana txalotu eta goraipatu.

Monique Larran-Lange (Forces 64) Baiona mendebaldeko kontseilari eta hautagaiak Batera-k molde «laudagarri» batez egin lana azpimarratu, eta «zerbaiten aurka hitz egin ordez proposamen konkretuak egin izana» txalotu zuen. Berdin-berdin, Batera eskertu zuten Jean-Claude Soudre Baiona mendebaldeko Ezkerreko Frontearen zerrendaburuak, Baiona iparraldeko sozialisten hautagai Christophe Martinek edota Dominique Baxo Garaziko EH Bairen hautagaiak.

EH Bai eta Europe Ecologie Berdeak zerrendetakoek zuten bakarrik Ipar Euskal Herriarenezagupen instituzionalaren aldarrikapena argiki azaldu. Sozialista, zentrokoak zein Ezkerreko Frontekoak, haatik, eztabaidaren alde agertu ziren, eta orain arte Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdirentzat zegoen Pays egituraren desagerpena zuten gaitzetsi.

Pays egituraren desagerpena eta, orokorki, zentralizazio azkarra dakarren lurralde berrantolaketaren erreforma, azkar kritikatu zituzten hautagaiek. Jean-Pierre Iriart Atharratzeko hautagai zentrista zen gogorrenik mintzatu, hain zuzen, Zuberoaren bilakaeraz «kezkaturik» delako. «Orain arte, nahiz eskasa izan, nahiko ongi funtzionatzen zuen. Baina Zuberoaren bilakaeraz kezkaturik gaude, Biarnori lotua izateko arriskua badago. Hala eta guztiz ere, abertzaleek argi utzi zuten Pays egituraren barnean ziren Garapen eta Hautetsien Kontseiluak ez zirela nahikoak, eta herritarrek zuzenki bozkatutako batzarra eta berezko eskumenak eta aurrekontu propioa ukanen duen lurralde elkargoa direla lortu beharrekoak. Batera-k ere argi utzi zuen Euskal Lurralde Elkargoa dutela aldarrikatzen eta eskakizun hori dutela azkarki entzunarazi behar. Jean-Claude Soudre Ezkerreko Fronteko hautagaiak zuen argienik azaldu ez dutela «aldarrikapen horretan energia anitz baliatuko». Hala ere, gaiaren inguruko eztabaida jarraituko dutela gaineratu zuen.

Instituzioaren galdera Pauera

Nahiz zerrendaburu gehienak ez agertu, ontzat jo zuten Baterako kideek atzo goizean Ezpeletan burutu gogoeta. Eztabaidatzeko eta ideien trukatzeko aukera izan delako batetik, eta, bestetik, kontseilari bihurtzen badira Euskal Herriaren etorkizun instituzionalaren galdera Kontseilu Nagusian pausatzeko engaiamendua hartuko dutelako batzuek, Nikolas Blain Batera-ko kideak zehaztu duenez.

Hain zuzen, haien iritzia emateaz gain, urrats bat gehiago egiteko eskatu diete hautagaiei, urte bukaera aitzin, eztabaida Paueko Kontseilura eramateko konpromisoa har dezaten, hain zuzen ere. Martxoaren 8a dute hautagaiek engaiamendu horren berri emateko azken epea. Panpi Dirassar Batera-ko bozeramaileak azaldu zuenez, ez atzera ez aurreradago egoera, «anitz direlako aldarrikapenarekin ados, baina konkretuki ez delako egoera aitzinatzen».

Nahiz gaur egungo kontseilariekin bildua den Batera eta hauetariko hainbatek eztabaida Pauen abiarazteko engaiamendua hartua ukan, horrelakorik ez da oraindik gertatu. Hori ikusirik dute ere hautagai guztiei haien konpromisoa zehazki azaltzea eskatzeko hautua egin.

2012an, PSk «garantiarik ez»

Hurrengo urteanizanen diren Frantziako presidentetzarako bozei buruz, Frantxua Maitiak (PS) argitu zuen horrek ez lukeela, ezinbestean, egitura politikoa ekarriko. «2012an sozialistak irabazle bagara, ez dizuet lurralde elkargoaren bermea segurtatzen». Iraganean hainbat sozialistek hitzeman izan dute Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionala, baina azkenean ezer gauzatu gabe. Hala nola 1981ean jada Francois Mitterrand hautagaiaren 101 proposamenetan zen euskal departamenduaren sorrera, eta Lionel Jospinek ere 1995ean hitzeman zuen hautetsi gehienak alde izanez gero euskal departamendua osatuko zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.