Internet. '.eus'

2014ko apirilean hasi nahi dute webguneetan '.eus' erabiltzen

ICANNek euskararen eta euskal kulturaren domeinua onartzea «nazioarteko aitorpena» dela adierazi du PuntuEus fundazioakDomeinuaren administrazioa, kontrola eta kudeaketa bere gain hartuko du fundazioak

PuntuEus fundazioaren patronatuko kideak (elkartea sortu zuten taldeetako ordezkariak) agertu ziren atzo prentsaurrean, Bilbon. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2013ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
«Prozesua ez da hemen bukatu. Alderantziz: .eus domeinuaren benetako ibilbidea oraintxe hasi da». Euskarari eta euskal kulturari Interneten ikusgarritasuna emateko asmoz orain sei urte abiatutako prozesuak lehen mugarria izan zuen herenegun: Interneteko domeinuak arautzen dituen ICANN erakundeak oniritzia eman zion .eus domeinuari. 2012an eskaera egin zuen PuntuEus fundazioko kideak pozik agertu ziren atzo Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan egindako agerraldian, baina ohartarazi zuten domeinua bera ez dela helburua, tresna baizik. Ia beste urtebete beharko dute prozesuaren bigarren inflexio puntua iristeko: 2014ko apiril inguruan espero dute webguneak .eus domeinuarekin erregistratzen hastea.

Izan ere, datozen hilabeteetan ICANNekin kontratua sinatuko du PuntuEus fundazioak, domeinuaren administrazioa, kontrola eta kudeaketa bere gain hartzeko; proba teknikoak ere egin beharko dituzte, .eus martxan jar daitekeela ziurtatzeko. Iratxe Esnaolak eta Joan Mari Torrealdaik fundazioaren izenean azaldu dutenez, lehen mailako domeinu orokorra izango da .eus, hizkuntza eta kulturaren atalekoa. Hain justu, horrek atzeratu du prozesua, erabilera orokorreko domeinuen alorrean ia 2.000 eskari jaso baitzituen ICANNek iaz.

Erakundearen baiezkoak izena jarri dio izanari, hau da, euskarak eta euskal kulturak Interneten duten presentzia ikusgarri bilakatu du, Torrealdairen hitzetan: «Euskararen herriaren nazioarteko aitorpena da: .eus lehen mailako Interneteko domeinua baita, hau da, komunitatearen garapen lokalerako tresna global bat». Domeinua martxan jartzeak beste pauso bat aurrera egitea ekarriko du: «Nazioarteko aitorpenetik harago, euskararen herria munduaren aurrean ikusgarri bilakatzeko modua izango da».

Irizpideak, izaerarekin lotuta

Ikusgarritasun hori gero eta handiagoa izan dadin, domeinura ahalik eta webgune gehien erakartzea izango da hurrengo helburua. .eus erabili ahal izateko irizpideak bat datoz PuntuEus fundazioaren filosofiarekin, Esnaolaren arabera: «Domeinuak helburu batzuk ditu, Interneten euskara eta euskal kultura sustatzea, eta horregatik .eus-ek ezin du .com izan, ezin du edozein webgune onartu, ez genukeelako helburua betetzea bermatuko».

Bi irizpide daudela erantsi du. Lehena, hizkuntzari dagokio: webguneak euskarazko bertsioa eduki behar izatea. «Ez dugu %100 euskaraz izaterik eskatuko, gure errealitate soziolinguistikoa kontuan hartu behar dugulako. Webgunea edozein hizkuntzan egon daiteke, baina euskarazko bertsioa eduki beharko du, eta denborarekin garatzen joan behar du». Bigarrena, euskal kulturari buruz aritzea. «Gerta daiteke euskal kultura jorratzea, baina euskarazko bertsiorik ez edukitzea; horrek ere lekua edukiko luke .eus-en azpian, baina arraroa litzateke euskararik batere ez erabiltzea».

Dena den, Esnaolak argitu du teknikoki domeinuak ez direla baztertzaileak: «Webgune batek .com eta .eus erabil ditzake aldi berean. Ez diogu inori eskatuko daukana kentzeko, ibilbide bat dagoelako atzean, baizik eta .eus izatea sareko edukien lehenengo domeinua, nahiz eta beste batzuk ere erabili».

PuntuEus fundazioko kideek jakin baitakite egunero milaka euskaldunek uztartzen dutela Internet eta euskara. Euren «parte hartze aktibo eta konpromisoa» txalotu dute, ezinbesteko jo baitituzte domeinua lortzeko bidean: «Horiek gabe, ez dago euskara eta euskal kulturaren komunitaterik sarean. Horiei esker, .eus domeinuak esanahia eta zentzua du».

Ostiralean, ospakizuna

ICANNek herenegun hartutako erabakia ospatu nahi du fundazioak, «.eus domeinua komunitate oso bat lotzeko gaitasuna duen tresna baita». Hartara, ekitaldia egingo du datorren ostiralean. Bilbon izango da, EHUren Bizkaia aretoan, 13:00etan.

2008an sortu zen PuntuEus Elkartea, eta 2012an fundazio izaera hartu zuen, ICANNen eskaera egiteko. Hamar kide izan zituen taldeak hasieran: Euskaltzaindia, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Euskal Konfederazioa, Euskal Idazleen Elkartea, EITB Euskal Irrati Telebista, EHU Euskal Herriko Unibertsitatea, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa, Ikastolen Elkartea, Euskal Herriko Telekomunikazio Ingeniarien Elkargoa, Euskadiko Informatika Ingeniarien Elkargo Ofiziala eta Internetikak. Hurrengo urteetan dozenaka atxikimendu jaso ditu, besteak beste, BERRIA Taldearena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.