Dekalogoa prest dauka EH Bilduk, aldaketarako bidea eztabaidatzeko

Moldaketetara irekia dagoen dekalogoa aurkeztu du EH Bilduk, eta akordioa lortu nahi du eragileekin

EH Bilduko kideak, atzo, aldaketarako eztabaidarako proposamena aurkezten. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2013ko irailaren 19a
00:00
Entzun
«Txandakatzetik harago joango den aldaketa» nahi du EH Bilduk Nafarroan. Horrela adierazi zuten Adolfo Araiz EH Bilduko kideak, Miren Aranoa Bilduko parlamentariak eta Asun Fernandez de Garaialde Aralar-NaBaiko parlamentariak atzo Iruñean egindako agerraldian. EH Bilduk aldaketarako duen proposamena aurkeztu du dekalogo baten bidez. Dokumentua eztabaidagarria dela dio Araizek. Koalizioko kideek esan dute udan lantalde bat harremanetan izan dela hainbat eragile sozial, politiko eta sindikalekin aurkeztutako dekalogoko edukiak adosteko.

Hemendik aurrera ere eragileekin harremanetan izango direla adierazi du Aranoak, aldaketarako bidean, «Nafarroak behar eta eskatzen duen akordio handia lortzeko». Dokumentua Nafarroako herritar eta eragileei zuzenduta dago.

EH Bilduren ustez, Nafarroako eskuinak zuzendutako ziklo politikoak amaierara iritsi da. Hori dela eta, uste du indar ezkertiar, aurrerakoi eta abertzaleek barneratu behar dutela «UPNren kudeaketa kaskarraren ondorio lazgarriei» konponbidea emateko ardura dutela.

Hamar puntu aldaketarako

Aranoak eta Fernandez de Garaialdek aurkeztu dituzte dokumentuaren hamar puntuak. Aldaketa politikorako proposamenean hainbat gai aipatzen dira, besteak beste, sozioekonomia, lurraldetasuna, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, parte hartze politikoa eta gatazkaren konponbidea. Ekonomiari dagokionez, hiru oinarri ditu EH Bilduren proposamenak: zerga erreforma adostua, enplegu duina bermatzeko politikak eta finantza erakunde publiko baten sorrera. Kudeaketa publikoan, berriz, Nafarroako Gobernuaren kontabilitatetik kanpoko kudeaketaren ikuskaritza bat proposatzen dute. Gizarte zerbitzuak, ordea, publikoak, doakoak eta unibertsalak izan behar duela adierazi dute. Hezkuntza ez da dekalogotik kanpo geratu: gai honetan hezkuntza komunitatearekin lan eginez akordio zabalak lortu nahi dituzte.

Erakundeen kasuan, koalizio abertzaleak herrialdeko instituzio publikoen «demokratizazioaren» aldeko apustua egiten du. Era berean, udalen eskumenak eta tokiko erakundeak indartu nahi dituzte. Euskal Herriko gainerako herrialdeekiko harremanei buruzko gogoeta baten beharra nabarmendu dute, halaber.

Emakume eta gizonen arteko harremanetan berdintasun eredu baten aldeko lana halabeharrezkotzat daukate EH Bildukoek. Euskararen ofizialtasuna eta normalizazioa ere hartu dute gogoan. Eta, azken puntu gisa, Nafarroan bakerako eta normalizazio politikorako prozesuan jarrera aktibo baten beharra ikusten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.