Kuartangok, 'fracking'-ari ez

Bozkatzeko eskubidea zuten lautik hiruk parte hartu dute, eta horien %98,4 haustura hidraulikoaren aurka agertu diraInguruko alkate batzuk ere egon dira Euskal Herrian gaiari buruz egin den lehen galdeketan

Sebastiana Zurbitu, 99 urterekin Kuartangoko bizilagun zaharrena, botoa ematera gerturatu zen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Kuartango
2013ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Kuartangon ez dute haustura hidraulikorik nahi. Argia da Arabako udalerri horretako administrazio batzarrek egindako galdeketaren emaitza. Atzo, bozkatzeko eskubidea zuten lautik hiru gerturatu ziren hautestontzietara, eta gehienak, %98,4, haustura hidraulikoaren aurka agertu ziren. Bildutako 260 bozetatik 256 gasa erauzteko sistema hori erabiltzearen kontrakoak izan ziren, hiru alde agertu ziren eta baliorik gabeko boto bat zenbatu zuten.

Kuartangoko galdeketan honako galdera hau egin zieten herritarrei: «Ados al zaude zure Administrazio Batzarraren lurretan fracking edo haustura hidraulikoaren erabilera baimentzearekin?». Herritarrek emandako erantzuna entzun ondoren, Kuartangoko alkate Iñaki Gillernak jakinarazi zuen dagozkion neurriak hartuko dituela haien hitza bete dadin. Udalerriko Hirigintza Plan Nagusi berria prestatzen ari dira gaur egun, eta agiri horretan gasa erauzteko teknika horren erabilera debekatzeko neurriak jarriko dituztela iragarri zuen. Hala, oinarri legala emango diote haustura hidraulikoko egitasmoa galarazteko nahiari.

Hirigintza planari hainbat izapide geratzen zaizkio oraindik aurretik. Behin idatzita dagoela, Kuartangoko udal batzarrak onartu behar du, Eusko Jaurlaritzari bidali, eta, azkenik, Arabako Foru Aldundiari. «Dena den, herriaren iritzia gaur bertan heldu da Eusko Jaurlaritzara, baita Espainiako Gobernura ere; gure iritzia entzun nahi ez duenak gor dagoelako da», azaldu du Gillernak.

Fracking Ez Araba plataformak «arrakastatsutzat» jo du galdeketa, bai parte hartzea handia izan delako, bai haustura hidraulikoari ezezkoa eman zaiolako. «Benetako mugarria da gaur gertatutakoa». Kuartangok izandako ekimena nabarmendu du, eta atzoko emaitza ikusita beste udalerri batzuek ildo horretan lan egin dezatela espero dutela gaineratu.

Kuartangoko herri galdeketa Euskal Herrian gai horri buruz egindako lehena izan da. Ordea, haustura hidraulikoa erabiltzeko egitasmoak Euskal Herriko txoko askotara hedatu dira. Kuartangoko ekinbideak ikusmina piztu du beste hainbat udalerritan. Atzo bertan, Erriberagoitiko eta Gaubeako alkateek zuzenean jarraitu zuten kontsulta.

Goizeko bederatzietatik

Haustura Hidraulikoaren Aurkako Nazioarteko Eguna baliatu zuten atzo Kuartangon galdeketa egiteko. Goizeko bederatzietan ireki zuten Zuhatzu Kuartangoko kontzeju etxea, hautestontzia, boto-txartelak eta gutunazalak prest zituztela. Herri hori izan zen irekitzen lehena, baina gainontzeko herrietako hautestontziak ere irekiz joan ziren goizak aurrera egin ahala.Zuhatzu Kuartangon 113 herritarrek zuten botoa emateko eskubidea, baina aurrez bazekiten zenbaitek ez zutela bozkatuko kanpoan daudelako.

Goizeko hamaiketarako 37 pertsonak emanda zeukaten botoa. «Gehiago espero nituen, baina ostiralak gogorrak dira eta..., nire ustez, herritar guztiak etorriko dira», adierazi zuen Begoña Apellanizek botoa eman ondoren. Batzuk oinez, besteak autoa bigarren lerroan utzita, herritar gehienek baliatu zuten iritzia emateko aukera. «Ezin da erabaki bat hartu erabakia pairatuko dutenen ahotsa entzun gabe», adierazi zuen emakume batek botoa eman ondoren. Galdeketak izaera ofiziala izateagatik erroldatutako adinez nagusien botoa baino ez zen kontuan hartu. Dena den, Kuartangon bizi ez arren bertan erroldatuta ez daudenek ere bozkatzeko aukera izan zuten udaletxe inguruan, emaitza ofizialaren babes gisa. Baita babestu ere. 90 pertsonak bozkatu zuten, eta guztiek haustura hidraulikoaren aurka egin zuten.

Sebastiana Zurbitu, 99 urteko Zuhatzu Kuartangoko biztanlea eta bailarako pertsonarik edadetuena, hamabiak aldera gerturatu zen bere iritzia hautestontzian uzteko prest. «Bizitza osoa eman dugu herriaren alde lanean, inguru hau gaur egun dagoen bezala mantentzen, eta hiltzen garen arte hori egiten jarraituko dugu», azaldu zuen.

Edadetuak, hemezortzi urteak urrunegi ez dituztenak, Kuartangoko betiko bizilagunak, duela urte gutxi bertan erroldatutakoak... Banan-banan igaroz joan ziren hautestontzien aurretik. Askok fracking-aren aurkako plataformaren kamiseta horiekin, baina guztiek ilusioarekin, «Zenbatek bozkatu dugu? 57k? Erdiek eman dugu botoa jada!».

Orduek aurrera egin zuten, hamaiketakoa eta guzti; ordu biak aldera itxi zuten kontzeju etxea. Ordurako herritarrek haustura hidraulikoaren aurkako iritzia islatua zuten hautestontzietan. Ia aho batez. Kuartango «fracking gabeko» udalerria dela berretsi zuten hautestontzietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.