Krisia Nafarroako Gobernuan. PSNren bilera erronda

PSN zentsura mozioaren aldekoa da, baina Ferrazek izango du azken hitza

Hauteskundeak aurreratzeko «borondate irmoa» duela helarazi die PSNk Geroa Bairi eta Ezkerrari, haiekin batzartu osteanGaur, Aralar-NaBai eta PPrekin bilduko dira sozialistak, eta bihar hartuko dute erabakia

Samuel Caro, Roberto Jimenez eta  Pedro Rascon PSNkoak, atzo, bilerara bidean. JESUS DIGES / EFE.
Edurne Begiristain.
2014ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Atzoz geroztik, hurbilago egon daiteke Nafarroan hauteskundeak aurreratzeko aukera. Hala uste dute Geroa Baik eta Ezkerrak, PSNrekin bildu eta gero. Yolanda Barcinaren aurkakozentsura mozioa aurkeztearen aldekoa dela adierazi zien atzo PSNk bi alderdi horiei, baina azken erabakia Ferrazekin adostu beharra dutela argi utzita. Geroa Baik eta Ezkerrak bileraren ostean jakinarazi zutenez, Nafarroako sozialistak kontziente dira egoerak ezin duela «luze iraun», eta Ferrazen ere hauteskundeak aurreratzearen aldekoak badira ere, han ez dute hain argi ikusten zentsura mozioa aurkeztearena. Bihar batzartuko da PSNren Nafarroako Batzordea, eta hor hartuko du behin betiko erabakia. Hauteskundeak maiatzaren 25an deitu nahi badira, martxoaren 31 da parlamentua desegiteko eta bozetara deitzeko azken eguna.

Larunbatean erabaki zuen PSNren zuzendaritza batzordeak hauteskundeetara deitzeko mekanismoak hitzartzea gainerako talde parlamentarioekin, baldin eta Barcinak ez badu dimisioa ematen. Bildurekin ez gainerako taldeekin izango ditu hartu-emanak Roberto Jimenezen alderdiak. Jakin arren edozein zentsura mozio aurrera ateratzeko Bilduren hamahiru botoak hala- beharrezkoak zaizkiola, Bildurekin ez dira batzartu ere egingo PSNkoak. Atzo Geroa Bairekin eta Ezkerrarekin bildu ziren Roberto Jimenez, Samuel Caro eta Pedro Rascon, Parlamentuan bertan: 17:00etan hartu zituzten Patxi Leunza eta Manu Aierdi Geroa Baiko parlamentarioak, eta 18:00etan Jose Miguel Nuin Ezkerrakoa. Gaur, berriz, Aralar-NaBai eta PPrekin bilduko da PSN: 11:00etan batarekin, eta 12:00etan bestearekin.

Hauteskundeak aurreratzeko beharra ikusten badu ere, jendaurrean PSNk ez du zentsura mozioaren aukera aipatu ere egin nahi.Bileren ostean kaleratutako oharrean, Jimenezen alderdiak adierazi zuen bere «lehentasun bakarra» bozak maiatzaren 25ean aurreratzea dela, eta sozialistek herritarrei hitza itzultzeko mekanismoa baliatzeko «konpromiso irmoa» duela. Hauteskundeak aurreratu ahal izateko, «beharrezko bideak» bilatzeko «ahalegina» egingo dute sozialistek,eta hala hitzeman zieten Geroa Bairi eta Ezkerrari, atzo.

PSNrekin izandako batzarrean hitz egindakoaz xehetasun gehiago eman zituzten Geroa Baik eta Ezkerrak. Biek ala biek azpimarratu zutenez, PSNk «borondate irmoa» du zentsura mozioa aurkezteko, baina PSOEren esku utzi du azken hitza. «PSNren konpromisoa erabatekoa da, baina, diotenez, Madrilekin aztertu behar dituzte xehetasunak. Alderdi federala direla diote, eta halako erabakiak Madril eta Iruñea artean hitzartu behar dituztela», azaldu dio BERRIA-ri Aierdik. Haren hitzetan, «baikor» atera dira Leunza eta biak bileratik, baina gerta daitekeenarekin «zuhurrak» dira. Bide beretik mintzatu da Nuin ere: PSNk Ferrazekin batera hartuko duela erabakia, eta ez duela PSOEren babesa ez duen biderik hartuko.

PSOE tinko Barcinaren aurka

Ferrazen, bien bitartean, hitz gogorrak izan zituzten Barcinaren aurka. PSOEko Antolakuntza idazkari Oscar Lopezek UPNriohartarazi zion sozialistek ez dutela «sekula gehiago»hitz egingo berarekin: «Ez gara, ez orain, ezinoiz, Barcinarekin gehiago eseriko, Nafarroa kale itsu batera eta historiako garairik okerrenera eraman duelako presidentetzari eusteagatik». Nafarroako gobernagarritasuna bere «interes eta anbizio pertsonalaren» menpe jartzea egotzi zion, halaber. Nafarrei entzuteko, Legebiltzarra desegiteko eta herritarrei hitza emateko eskatu zion Barcinari.

Nafarroako presidenteak, berriz, PSNren aurka jo zuen, hasitako bilera erronda gutxietsita. «Bilera saioaren benetako protagonistak egon ez direnak izan dira, hau da, EH Bilduren 13 botoak». Ez duela dimisioa emango berretsi zuen Barcinak: «UPNren barruan, guztiok, Miguel Sanzek barne, uste dugu ez diogula Bilduren bide orriari jarraitu behar».Bere alderdiak «printzipio argiak» dituela eta hauteskunde estrategien gainetik dagoela azpimarratu zuen, era berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.