'Bateragune auzia'. Epaiketa

Goirizelaiak dio fiskalaren tesia «desmuntatu» dutela auzipetuek

'Bateragune auziko' defentsa abokatuaren ustez, auzipetuen deklarazioek agerian utzi dute epaiketa politikoa delaEpaiketa ETAren amaiera eskatzeko balia dezan eskatu dio Aresek Otegiri

Miren Legorburu eta Jon Abril, Donostiako Aske Gunean atzo eginiko agerraldian. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2011ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Bateragune auziko lehen saioetan akusatuek eginiko adierazpenek fiskalaren tesia «desmuntatu» eta epaiketa «politikoa» dela agerian utzi dute, Jone Goirizelaia abokatuaren iritziz. Haren ustez, Espainiako Auzitegi Nazionalean «argi entzun da» zein zen zortzi akusatuen xedea, «eta jende guztia konturatu da, aurretik salatu den bezala, epaiketa politikoa dela». «Agerian geratzen ari da estrategia aldaketa pasa ez zedin erabili nahi zutela auzi hau», salatu du.

Vicente Gonzalez Mota Auzitegi Nazionaleko fiskalaren aburuz, «ETAk aginduta» Bateragune deituriko talde bat osatu zuten zortzi auzipetuek; besteak beste, indar subiranisten indarrak biltzeko. Goirizelaiak nabarmendu duenez, datozen egunetan deklaratuko duten lekukoek argi utziko dute hori ez dela horrela. «Errealitate soziala da argigarriena. Fiskalak akusatuei inputatzen dizkien ideiak eta ekintzak ETAren aginduz egin zituztela dio, eta lekuko gisa deklaratuko duten pertsonek erakutsiko dute hori ez dela horrela; [estrategia aldaketa] ezker abertzalearen barruan izandako eztabaida eta gogoeta estrategikoaren emaitza dela erakutsiko dute, eta hori Zutik Euskal Herria agirian gorpuztu zela», adierazi du Arnaldo Otegi eta Arkaitz Rodriguezen abokatuak, Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean.

Atzoko auzi saioan hainbat poliziak deklaratu zuten, eta gaurtik aurrera defentsaren lekukoek egingo dute; besteak beste, Tasio Erkizia, Adolfo Araiz, Jokin Etxeberria, Joxe Mari Olarra eta Floren Aoiz ezker abertzaleko kideek, Teresa Toda kazetariak, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusi ohiak, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak, Jesus Uzkudun EAEko CCOOko kideak eta Unai Sordo EAEko UGTko idazkari nagusiak.

Era berean, Goirizelaiak baieztatu duenez, EAko bost buruzagik ere deklaratuko dutebihartik aurrera: Pello Urizar idazkari nagusiak, Unai Ziarreta presidente ohiak, Ikerne Badiola Komunikazio idazkariak, Rafa Larreina Politika Instituzionaleko idazkariak eta Elisa Saiz de Murieta Antolakuntza idazkariak.

Froga gisa, EAko bost kide horiek eta Mariano Alaba EAren Arabako zuzendaritzako kideak notario aurrean egin zuten zinpeko deklarazioak aintzat hartzeko eskatu zion Goirizelaiak epaimahaiari, baina hark atzera bota zuen eskaera. Lehenengo bost kideen aurrez aurreko deklarazioa hartzea onartu du orain epaimahaiak.

Traba horiek alde batera utzita, baina, Goirizelaiak adierazi du epaiketa «normal» egiten ari dela. «Nahiz eta zalantzaren itzala dagoen aretoan». Angela Murillo epaileak Otegirekin lehendik dituen gorabeherak nabarmendu ditu Goirizelaiak. Jose Mari Sagardui Gatza euskal preso ohiaren aldeko omenaldi batean parte hartzeagatik Otegiri egindako epaiketa baliorik gabe utzi zuen Auzitegi Gorenak joan den otsailean, Murillok alderdikeriaz jokatu zuela iritzita. Goirizelaiak gogoratu duenez, Bateragune auzitik kanpo uzteko eskaria egin zuen, baina auzitegiak ez zuen onartu.

Bestalde, Bilbon eginiko prentsaurreko batean, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak auzipetuei eskatu die epaiketa ETAren «amaiera» eskatzeko balia dezaten. Otegik eginiko adierazpenak, berriz, «duela urte batzuk» oso egokiak izango zirela adierazi du. «Orain ETAren amaiera eskatu behar du, eta ez du egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.