'Bateragune auzia'. Epaiketa

EAko burukideek epaituen apustuaren fede eman dute

Larreinak eta Ziarretak azaldu dute Otegi eta Rodriguez bat zetozela polo subiranista bide baketsuen bidez osatzeko beharrarekinDiezek eta Otegik bide politikoen alde egindako apustua berretsi du Elorrietak

Pello Urzelai.
Madril
2011ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Egunez egun, testigantzaz testigantza, fiskala akusazioari heltzeko heldulekurik gabe geratzen ari da. Nabari zaio. Gero eta deserosoago dago, ez baita lortzen ari defentsaren lekukoei zalantza sortzeko galderarik egitea. Lekukoek berretsi eta indartu egin dute auzipetuen hitza. Ikuspuntu horretatik, garrantzitsua izan da Unai Ziarreta, Rafa Larreina eta Ikerne Badiola EAko burukideen lekukotasuna. Joxe Elorrieta ELAko idazkari nagusi ohiaren lekukotasuna ere baliozkoa izan da, Rafa Diezek eta Arnaldo Otegik ezker abertzalearen estrategia aldaketan izan zuten esku hartzea baieztatzeko.

EAko burukideek argi utzi dute abertzaleen arteko indar metaketaren aldeko planteamendua haien alderdiarenplanteamendu bat izan dela sorreratik bertatik. Eta polo subiranista osatu beharra EAren ikurretako bat izan dela eta beraiek jo dutela ezker abertzalekoengana aukera hori lantzeko asmoz.

Gaur egun ezker abertzalearen eta EAren artean indarrean dagoen aliantza estrategikoaren aurreneko pausoen berri eman dute Unai Ziarretak eta Rafa Larreinak. Lehen pauso esanguratsua 2008ko martxoko Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ondoren eman zuen Ziarretak berak, EAko idazkari nagusi zela. «Emaitzak txarrak izan ziren abertzaleentzat. Gogoeta egin genuen: honek ezin du horrela jarraitu; denbora gure kontra doa. Arnaldo Otegiri Martuteneko espetxean bisita bat egitea eskatu nuen, eta erretolika eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko planteatu nion». Lankidetza politikoa eskaini zion, hauteskundeetan ere gauzatu zitekeena. «Aldeko jarrera aurkitu nuen; nik eduki nezakeen planteamendu bertsuan zegoela ikusi nuen». Lankidetza hori bide politiko hutsetatik eta atentatuen kontrako jarrera batekin garatu behar zela zehaztu du Ziarretak.

Akordioaren lehen saioa

Handik gutxira, 2008ko abuztuan, Otegi espetxetik irten zen. Berehala egin zion bisita Ziarretari EAren egoitzan. Lankidetzaren aukera aztertzea adostu zuten, eta zortzi bilera egin zituzten helburu horrekin. Arnaldo Otegi eta Arkaitz Rodriguez izan ziren Ziarretaren solaskideak bilera horietan. Ez ziren iritsi akordioa gauzatzera. Ziarretak EAko buruzagitza utzi zuen 2009ko martxoko hauteskunde autonomikoen ondoren. Ziarretak ez du azaldu zergatik ez zen posible izan garai hartan, baina fiskalak ez dio galderarik egin.

Rafa Larreina izan da hurrengo lekukoa, bilera horietan parte hartu zuelako. Larreinak berretsi zuen EAko zuzendaritzak erabaki zuela ezker abertzalekoengana jotzea, indar subiranisten aliantzaren aukera gauzatzea posible ote zen ikusteko. Akordiorako zirriborro batzuk izan arren azkenean zergatik ez zen gauzatu azaldu zuen. «Ez zegoen ziurtasun osoa gauzatzea posible izango ote zen». Azalpen hori entzunda, fiskala saiatu da heldulekuren bat bilatzen bere tesientzat. 2009an, akordiorik ezaren ardura auzipetuengan jartzen ahalegindu da, baina Rafa Larreinak sendo erantzun du, fiskalak zabaldutako zalantzak uxatuz. «Gure solaskideak bat zetozen gure planteamenduarekin; estrategiak baketsua eta demokratikoa izan behar zuela sinetsita zeuden; ziurtasun hori eta konfiantza hori zuten», argitu du Larreinak. Denboraren ikuspegiarekin begiratuta, garai hartan ere «bermeak» bazeudela uste du Rafa Larreinak.

Ikerne Badiola EAko komunikazio idazkari eta foru diputatu berriak osatu du aurrekoen lekukotasuna. Egungo egoera politikoan Otegik eta gainerakoek izan duten ekarpena aitortu du.

Elorrietaren bisita

Jose Elorrietak Otegi eta Diezen aldeko lekukotasun argia eman du. Biak estrategia zibil eta demokratikoaren sustatzailetzat jo ditu. 2008ko udaberrian, Otegi bisitatu zuen Martuteneko espetxean, Txiki Muñozekin batera. «Pozik» irten zen Elorrieta bisita luze hartatik —hiru ordu iraun zuen—, Otegiren gogoeta oso landua antzeman zuelako eta alde bakarreko estrategia bat planteatzeko zuelako. «ELAren ustez, bateraezinak dira bide subiranista eta estrategia politiko-militarra. Argi zegoen Otegirentzat? Bai, noski; bestela ez nintzen pozik irtengo». «Subiranistek irabazi egiten dugu bide politikoa irmo aukeratzen dugunean», erantsi du Elorrietak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.