'Bateragune auzia'. Epaiketa

Eztabaidaren sustatzaileek ETAren gidoia ez zutela bete dio perituak

Bateragune Ekineko kideek osatzen dutela esan du 19.242 poliziak; auzipetuei, ordea, ez diete Ekineko kide izatea egoztenBehin betiko eskaerak aurkeztuko dituzte aldeek, eta ondorioekin hasiko dira gaur

Oihana Elduaien Uranga.
Madril
2011ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleko eztabaidarako txostenaren zirriborroa –Argitzen– irakurri zuenean, estrategiaren inguruko eztabaida ETAri bakarrik zegokiola esan, eta eztabaida hura berriz bideratzeko agindua eman zion erakunde armatuak Bateraguneri. Komunikazio orokorra txostenean esan zion hori, 19.242 perituaren arabera, eta eztabaida horrek eduki behar zuen gidoia ere markatu zion, puntuz puntu. Argitzen txostena egin zutenek, ordea, gidoi hori ez zutela bete onartu behar izan zuen perituak, Iñigo Iruin abokatuaren galderei erantzunez. Bateragune auziko epaiketan akusatuen aulkian eserita daudenetako batzuek onartu zuten beraiek izan zirela txostenaren egileetako batzuk.

Kontraesan bat baino gehiago izan zituen atzoko saioan 19.242 poliziak. Ezker abertzalearen barruan ETAren aginduetatik aparte ari zen «de facto-ko zuzendaritza» zegoen beldurra hainbat txostenetan sumatu dio ETAri, atzoko saioan aitortu zuenez, baina, hala ere, akusazioaren tesi nagusiari eusten saiatu zen, nahiz eta horretarako datu eta frogarik aurkeztu ez. Alegia, akusatuak ETAren izenean ari ziren tesiari eutsi zion, batzuetan nahiko modu ulergaitzean.

Honako hau da atzo agertu ziren adibideetako bat: 2009ko Europako hauteskundeetan ETAk eta Bateragunek Hostoa babestea nahi zuten —poliziak ulertzen duenez EA—, baina ezker abertzaleak Iniciativa Internacionalista (II) hautagaitza babestu zuen. Komunikazio orokorra txostenean Bateraguneri kontuak eskatzen ei dizkio erakunde armatuak. Eztabaida sutsua izan zuten Iruinek eta 19.242 poliziak:

19.242: Aurpegiratzen dio ez dela esandakoa bete. Zuzendaritzatik kanpo erabakiak non hartzen diren galdetzen du [...].

Iruin: Hartzailea Bateragune da?

19.242: Bai.

Iruin: Bateragunen gehiengoa EA babestearen aldekoa da?

19.242: Bai [...]

Iruin: Beraz, ETAk galdetzen du, nola den posible Bateraguneren gehiengoa EA babestearen alde egonda II babestea. Ez da hala?

19.242: Bai.

Iruin: Beraz ETA ez da planteatzen ari ezker abertzalean beraiengandik aparteko de facto-ko zuzendaritza bat dagoela?

19.242:...

Iruin: Ez da esaten ari Bateragunetik kanpoko zerbait dagoela, estrategia politiko-militarra zalantzan jartzen duena?

19.242: Bateragune kanpoko zerbait dela ez nuke esango...

Iruin: Bateraguneko gehiengoa EAren alde bazegoen, baina IIren aldeko hautua egin bazuten, nabarmena da Bateragunek ez zuela hartu erabakia!

19.242: [...]

Iruin: Galdera zuzena da: 'Non hartzen dira erabakiak?'. Beraz, ETA ari da pentsatzen erabakiak beste nonbait hartzen direla...

19.242: Paragrafoa oso argia da: 'Baina nork agintzen du hemen? Non hartzen dira erabakiak? [...]'

Iruin: ETAren ustez argi badago Bateragunek hartu dituela erabakiak, zergatik galdetzen du nork hartzen dituen erabakiak?

19.242: Galdera erretorikoa da.

Auzipetuak Bateraguneko kide direla defendatzen dute akusazioek. Baina, atzo perituak egindako adierazpenen arabera, nekeza da hori ulertzea. Bateragune Ekineko kideek osatzen dutela esan zuen; Ekinekoek eta beste taldeetan dauden Ekineko kideek. «Beraz, Ekin+Ekin?» galdetu zuen Iruinek. 19.242 poliziak baietz. Ez akusazioak eta ez poliziek ez diete, ordea, Ekineko kide izaterik egotzi auzipetuei.

Bestalde, Bateragunek ETAren aginduei men egiten ez zion eztabaida hori berbideratzeko zeregina zuela esan zuen perituak, baina beste une batean esan zuen akusatuen aulkian eserita daudenak direla ezker abertzaleko eztabaidaren motorrak. Alegia, erakunde armatuaren aginduetatik at zebiltzan Argitzen txostenaren egileak. Ezker abertzalearen barne eztabaida sutsua izan zela ere onartu zuen 19.242 poliziak: «Desadostasunak zeuden aurreneko minututik».

Eztabaida amaitugabea

Poliziaren eskuetara iritsi diren ETAren barne dokumentazio eta agiri publikoen zein benetan gertatutakoen arteko kontraesanak bistaratu zizkion Iruinek perituari, auzipetuek ETAren agindurik ez zutela betetzen frogatu nahian. 19.242 poliziak, ordea, denerako topatzen zuen erantzuna. ETA barne eztabaida batean dagoela, eztabaida ez dela amaitu, eta, beraz, denborak aurrera egin ahala iritzia aldatzen doala erantzun zion, behin baino gehiagotan.

ETAren iritzi aldaketa horiek ezker abertzalearen baitan eztabaida sakona eman zelako gertatzen ari ote ziren galdetuta, baiezkoa erantzun zion perituak, baina ez horregatik bakarrik. Poliziaren lana goresteko ere baliatu nahi izan zuen aukera. Estatuko segurtasun indarrek ETA oso ahul utzi dutela esan zuen, eta baldintza horietan zegoelako onartu zuela eztabaidaren ondorioak biltzen dituen Zutik Euskal Herria dokumentua.

Agiri horretan estrategia armatua baztertzen dela ere ukatu egin zuen perituak, atzo. «Soilik bide politiko eta demokratikoen alde» egiten duela ekarri zion gogora Iruinek. Perituak erantzun zion, bide horiek Prozesu Demokratikorako zirela, eta ez «askapen nazionalerako».Iruinek azkar erreakzionatu zuen, ordea, eta 2010eko apirilean ezker abertzaleak Iruñean publiko egin zuen agiriaren zati bat irakurri zion: «Nazio askapen prozesua bide politikoetatik bakarrik egin behar da».

Gaur behin betirako eskaerak aurkeztuko dituzte aldeek, eta ondorioak aurkezten hasiko dira. Fiskalak aldaketak iragarri ditu zigor eskaeretan, baina ez du jakinarazi zeintzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.