Sorturen legeztatzea

Ezker abertzaleak militantzia deitu du Sorturen eraketan parte hartzera

Ezkerreko independentisten eta subiranisten arteko elkarlanean sakontzeko konpromisoari eutsi dioAlderdien Legeak porrot egin duela aldarrikatu du Maribi Ugarteburuk

Koldo Aldabe.
2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Sortu legeztatu ostean, ezker abertzaleak hamar urteko legez kanporatzea gainditu eta badu orain instituzionalizatzeko aukera. Eta buru-belarri ekingo dio. Atzo, ezker abertzaleko bozeramaileek, dozenak kide ezagun eta historikoekin batera Sorturen eratze prozesuan parte hartzera deitu zuten militantzia, eta sortzaile izatera, alegia, alderdi berriko militante izatera.

Maribi Ugarteburuk eta Pernando Barrenak hitz egin zuten, atzo Donostian egindako agerraldian. Sortu legeztatu izana «hamarkada oso batez legez kanporatzeen aurka egindako borrokaren emaitza» izan dela nabarmendu zuten, eta «Estatuak bere garaian martxan jarritako legez kanporatzeen aroa gainditzea» ekarri behar duela. Alderdien Legeak «porrot» egin duela aldarrikatu zuten, ezin izan dutelako «ezker abertzalea suntsitu, ezta ezker abertzaleakordezkatzen duen proiektu politikoa ezabatu ere».

Sortu legeztatu badute, dena den, «legez kanporatzeen eta jazarpen politikoaren aurkako aldarrikapen eta mobilizazio herritarrengatik» izan dela azpimarratu zuen Ugarteburuk.

«Iraultza demokratikoa»

Sortu legeztatuta, atzoko agerraldian parte hartu zuten guztiek «borondate irmoa» adierazi zuten, alderdi berriaren eratze prozesuan parte hartzeko: «Sorturen eratze prozesuan parte hartu eta herri honetan iraulketa demokratiko osoa lortzeko tresna berria eraiki nahi dugu horretarako prest dauden guztiekin», esan zuen Ugarteburuk, eta ezker abertzaleko «kidego osoari» dei egin zion «Sortu eratzeko prozesuan parte hartu, eta Sorturen sortzaile izan dadin».

Euskal Herrira «benetako demokrazia ekartzeko alternatiba» eraiki behar dela, adierazi zuen ezker abertzaleko eledunak.

Egungo eredu politiko eta ekonomikoak porrot egin duela-eta, «aire freskoa ekarriko duen tresna politiko berria» behar dela aldarrikatu zuen, «jendarteari protagonismo osoa emango diona» eta «iraultza demokratikoa bultzatuko duena, egungo errealitate politiko eta ekonomiko ustela errotik aldatzeko».

Bide horretan, ezinbestekotzat jo zuen Ugarteburuk ezkerreko independentista eta subiranisten arteko elkarlanean sakontzea: «Akordio eta konpromiso estrategiko ezberdinen garapena eta eragile politiko, sindikal eta sozialen elkarlana izango da Euskal Herriak behar duen alternatibaren bermea».

Urratsen garrantzia

Legeztapena lortu aurretik ezker abertzaleak egin dituen urratsak ere aipatu zituen ezker abertzaleko eledunak; legez kanporatuta ere, ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria bezalako ekimenen bitartez «gure herrian ireki den testuinguru berria» sustatu duelako. Eta aurrerantzean ere, ezker abertzaleak jardun politikoa Zutik Euskal Herria-n oinarrituko duela esan zuen.

Ugartebururen irudiko, Sortu legeztatuta egoteak, dena den, ez du bermatzen «berdintasunezko konfrontazio politikoa», oraindik«legez kanporaturiko hainbat errealitate, hainbat sumario, hainbat pertsona espetxean eta hainbat epaiketa politiko baitaude» .

Horregatik, gogorarazi zuen, Konstituzionalaren epaia gorabehera, Estatuak ez duela borondate politikoa aldatu gatazka politikoaren konponbideari begira. «Estatu espainiarrak ez du elkarrizketa eta akordio politikoaren bitartez gatazka parametro demokratikoetan konpontzeko borondaterik», esan zuen Ugarteburuk, eta adibide batzuk zerrendatu zituen: «Euskal preso politikoei ezartzen zaien espetxe politika kriminala, Parot doktrinaren bitartez ezartzen den biziguzti espetxe zigorra, Bateragune delako auziko zigorraren berrespena...».

Aldatu direnak, Ugarteburuk esan zuenez, Euskal Herriko indar metaketak eta nazioarteko eraginak izan dira, «eta horrek inoiz baino zailago jartzen dio Espainiako Estatuari bere jarrerari eustea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.