Lurralde elkargo bereziaren alde ebatzi du Hautetsien Kontseiluak

Departamendua eta Akitaniaren zortzi eskumen nagusi lituzkeen egitura hobetsi dute bilkuran zeuden 38 hautetsiekProposamena arloz arlo biltzen duen testua helaraziko diote Frantziako Gobernuari

Capdevielle diputatua, Espagnac senataria eta Alaux diputatu sozialista. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Frantziako Gobernuaren adierazpenen ondorioz egon zitezkeen susmoak ohildu, eta Hautetsien Kontseiluak lurralde elkargo berezi baten alde bozkatu zuen atzo Baionan. Diputatu, senatari, herri elkargoetako presidente eta auzapez nagusiak presente izan ziren atzoko bozketan. Jean Jacques Lasserre presidenteak finkatu prozedurari jarraikiz, hiru proposamenen artean hautatu behar zuten. Alegia, Pays egitura, sindikatu egitura edo lurralde elkargoaren artean. 41 hautetsitatik 38k lurralde elkargoaren alde egin zuten —hautetsi nagusiak barne—, bik Pays egitura hobetsi zuten eta bakarrak egin zuen sindikatu egituraren alde.

Azken horiek bilkuratik alde egin zuten, eta hurrengo bozketan 38 hautetsiek aho batez bozkatu zuten lurralde elkargo berezi baten alde egitea. Egitura horrek gaur egun departamenduak dituen eskumenak eta Akitaniako zortzi eskumen nagusi ukan beharko lituzke hautetsien iritziz. Eskumen berezi horiek honako arlo hauetan finkatu dira: ekonomia eta nekazaritzaren garapena, herri garraioa eta etxebizitza, euskara eta euskal kultura, turismoa eta mugaz gaindiko lankidetza. Bilkura bukaeran testu bat bozkatu zuten, proposamena arloz alor bildu eta Frantziako Gobernuari helarazteko. Manuel Valls Barne ministroari eta Marylise Lebranchu deszentralizazio ministroari ere helaraziko diote testua.

Hautetsien Kontseiluak 72 kide ditu orotara. Bozketan presente egon ziren 38, baina anitzek bertze hautetsi batzuen boterea zeukaten. Horiek aldekoak izanik, baliogabetzea deliberatu zuen Lasserre presidenteak, ez zutelako aho bateko emaitza aldatzen.

Garrantziaren ardura

Bilkura bukaturik, Lasserrek prentsa agerraldia antolatu zuen, baina prentsaren beha egon behar izan zuen, kanpoan hartu baitzuten hitza diputatu eta senatari sozialistek. «Proposamena onartu da; aho batez hartu da deliberoa, eta orain bere bidea egin behar du, gobernuak azter dezan», erran zuen Frederique Espagnac senatari sozialistak. Alderdi Sozialistaren bozeramaile izendatu berri dute, eta karguak zuhur aritzera behartzen du. Colette Capdevielle diputatuak baikortasunari zirrikituak ireki nahi izan zizkion, nabarmenduz sozialistek aho batez bozkatu zutela, senatari eta diputatuek sostengatzen dutela. «Lebranchuk Parisen hartu gintuen; proposamena aztertuko zuela erran zuen, eta atea irekia dago oraindik».

Max Brisson UMPko departamenduko buruak hitzen garrantzia neurtzen zuela erran zuen. «Ipar Euskal Herriak ez dio sekula horren mezu argirik bidali Parisko gobernuari, aho batez erranez zer nahi dugun. Komunistetatik UMPra eta abertzaleetatik pasatuz, denak mintzatu gara aho batez. Ez dut sekulan ikusi horrelakorik».

Martin Bisauta Batera-ko kide eta Baionako hautetsiak ere deliberoaren garrantzia azpimarratu zuen. Haren hitzetan, «erabaki sortzailea» izan da atzokoa, iraganaren eta geroaren mugarri bihurtuko dena. «Gure lurraldearen historian geldituko da erabaki hori». Nabarmendu zuen gizarte zibilak ere hautetsien hautua partekatzen duela, Merkataritza Ganberak, Lanbide Ganberak, sindikatu anitzek, unibertsitateko eragileek eta, oro har, gizarte eragile gehienek sostengatzen dutelako. Ondoko aste eta egunetan ildo horretan eragiteko borondatea adierazi zuen. Xedea aitzina ateratzeko hautetsiek eta gizarteak xede horri arduratsu ekin beharko diotela erran zuen, bidean ager daitezkeen trabak gainditzeko.

Sendo bezain

Lasserre presidenteak finkatutako egitaraua atxikitzeari eman zion garrantzia. «Aho batez bozkatu dugu, eta orain ezin du nehork zalantzan jarri hautetsien borondatea; gizarte eragileekin batera eta elkarlanean, lurralde elkargo berezi baten hautua egin dugu, eta hori lantzen segituko dugu». Parisek onartzea zaila izanen da. Eginkizun hori gobernutik hurbilen diren diputatu eta senatariei dagokiela erran zuen, sozialistei erreferentzia eginez. Sozialistekin batera aritzeko borondatea berretsi zuen.

Geroari begira, lege adituek osatu duten txostena azaltzea eta gizarteratzea izanen da eginkizun nagusia. Denbora pasa ahala, teknikarien lanak gorputza eman dio lurralde elkargoaren xedeari, eta ondoko hilabeteetan, xede hori aurkeztuko dute herri elkargoetan, tokiko hautetsiek zehatz-mehatz ezagut dezaten proposamena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.