Euskal lurralde elkargoaren alde eginen dute ekainaren 1ean

Mobilizaziora deitu dute Hautetsien Kontseiluak, Auzapezen Biltzarrak, Baterak, Garapen Kontseiluak eta Baionako MIGekEuskal lurralde elkargoari buruzko mintegia ere antolatu dute apirilaren 27rako

Euskal lurralde elkargoaren aldeko koordinazioa, atzoko prentsaurrekoan. BOB EDME.
Jenofa Berhokoirigoin.
Miarritze
2013ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Frantziako Senatuan Deszentralizazioaren III. Akta eztabaidatzen ariko diren unean, euskal lurralde elkargoaren aldarria ozen entzunaraziko dute, karrikara jaitsiz. Ekainaren 1ean «elkarretaratze handia» eginen dute Baionan, eskaera horrek jasotako sostengu zabala eta aniztuna islatzeko. «Egunaren aldetik ere bere garrantzi handia ukanen du, maiatzaren 27a inguru delako lege proiektua Senatura iritsiko», Frederique Espagnac senatari sozialistak zehaztu duenez. Hautetsien Kontseiluak, Garapen Kontseiluak, Batera plataformak, Auzapezen Biltzarrak eta Baionako Merkataritza Ganberak (MIG) osatu koordinazioak eman zuen berria, atzo Miarritzen egin prentsaurrekoaren bitartez.

Bere arloan mobilizaziorako deia zabaltzeko konpromisoa hartu zuen egitura bakoitzeko ordezkariak. «Euskal Herriko biztanleen gehiengoa aldarri honen aldeko militante bihurtzen saia gaitezen», Jean Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidenteak adierazi zuenez. Nahiz Marylise Lebranchu Frantziako Deszentralizazioaren ministroak argiki erran Deszentralizazioaren III. Aktan ez dela Ipar Euskal Herriaren aitortzarik egonen, aldarria entzunarazten segitzeko garrantzia ikusten dute guztiek. Ministroaren partetik jasotako ezetzari buruz ez zuten, haatik, ihardukipenik egin.

Ipar Euskal Herriak ezagupen instituzionala lortzeko «heldutasuna» duela azpimarratu zuten atzo, behin baino gehiagotan. «Euskal Herriak frogatu du bere geroa eskuetan hartzeko gaitasuna duela», Sylviane Alaux parlamentari sozialistaren hitzetan. Virginie Brillant Garapen Kontseiluko presidenteordeak ere argi utzi zuen koadro instituzional berri bat ukaiteko «prest» dela Euskal Herria. Mezu hori dute Frantziako Gobernuari eginen ekainaren 1ean. «Domaia lirateke ezetza ukaitea erantzun gisa, goiz ala berant etorriko dena atzeratzea liratekeelako», Espagnacen ustetan.

Lebranchuk zehaztu bezala, lege proiektuan ez baldin bada Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoarentzako egitura instituzionalik aipatzen, emendakinen bidez eskaera egiteko engaiamendua berretsi zuten parlamentariek. Hala eta guztiz ere, Parlamentuan egin gogo duten lan horri buruz ez zuten zehaztasunik eman: «Aurkeztuko den lege proiektuaren araberakoak izanen dira, erabakiko dugu horren arabera», Espagnaceren arabera.

Apirilaren 27ko mintegia

Herri mobilizazioa aitzin, herritarrak eta hautetsiak sentsibilizatzen segituko dute. Haien eskaerari erantzun baikorra jasotzeko, oraindik pluralagoa izan behar duelako mobilizazioak. Lan ardatz horri segi, apirilaren 27an euskal lurralde elkargoaren aldeko mintegia burutuko dute.Egitura instituzionalak izango lituzkeen eskumenei buruz informatzeko unea izanen da, «herritar guztiek eskakizunaren berri ukaiteko gisan». Eragile sozial, politiko, ekonomiko zein kulturalek hitza hartuko dute, lurralde elkargoa ukaiteak egunerokoan zer ekarriko lukeen azaltzeko. Paraleloki, eskumenei buruzko komunikazio kanpaina bat ere abiatuko dute. Christine Bessonart Auzapezen Biltzarreko presidenteak hautetsiei bidali zien mezua: «Ulertu behar dute gure hautu politikoen gauzapena erraztuko digula aitorpenak». Iazko urriaren 11n Lebranchurekin bildutako ordezkaritzan egondako Jean-Mixel Galant auzapezak ere mobilizatzeko deia egin zien hautetsi guztiei. Azken aste horietan, informazio bilkuren bidez, herri elkargoen itzulia egiten dabiltza Hautetsien Kontseiluko ordezkariak. Harrera «ona» jasotzen dutela zehaztu zuten atzo.

«Mintegiak oihartzuna ukango du Parisen; informatzeaz gain, oihartzuna bidaltzeko unea izan beharko du», Espagnacen ustetan. Martine Bisauta Batera-ko kidearen arabera, «informatzeko eta aldarrikatzeko unea» izanen da.

Apirilaren 27ko eta ekainaren 1eko ekintzen ondotik, prentsaurreko bat burutuko dute Parisen, «Euskal Herriko ahotsa Parisera eramateko».

«Zabalagoa izan behar»

Frantziako Gobernuaren postura ezkorra azaltzeko asmoz, 1981ean euskal departamenduaren promesa zangopilatu izanaren adibidea oroitarazi zuen Espagnacek. «Garaian, Euskal Herriko hautetsi guztiek ez zuten mezu berdina, horrek zuen blokeatu. Egun, adostasun hori lortu behar dugu». Horretan dute ikusten lorpenaren giltza, eta horretarako dute kanpaina hasirik. Euskal Herrian eta orokorki Pirinio Atlantikoen departamenduan guztiek ez dute oraindik bat egiten aldarriarekin, eta desadostasun horri begira dago Paris, Espagnacen arabera.

Espainiako Gobernuaren presioa ez zuen ukatu: «Erraten dagona badago eta ondoan errealitatea... Frantzia eta Espainiaren artean izandako elkarlanari begira ezin da gezurrik erran, errealitate bat da». Euskal Herritik egin oihua presio hori baino azkarragoa izateko asmoz dute oraindik adostasun zabalagoa lortu nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.