Erabakitzeko eskubidea. Gure Esku Dago plataforma

Ekainaren 8an dinamika bat abiatuko dute erabakitzeko eskubidearen alde

Hiru oinarri izango ditu: Euskal Herria nazio bat dela, geroa erabakitzeko eskubidea duela eta euskal herritarrek erabaki behar dutelaGure Esku Dago izango du izena, eta Irungo Ficoban aurkeztuko dute, ekitaldi batean

Gure Esku Dago plataformaren aurkezpena, atzo. Mahaian dira, besteak beste, Zelai Nikolas, Anjel Oiarbide, Ander Arrese, Irati Oleaga, Kirmen Uribe eta Kepa Junkera. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2013ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Euskal Herriak bere etorkizunari buruz erabakitzeko eskubidea duela ez da aldarri berria. Modu eta gune askotan egin izan den eskaera da. Baina gaiari errotik heltzeko unea iritsi dela uste dute hainbat esparrutako herritarrek. «Gure etorkizunaz erabakitzeko dugun aukera, beharra eta legitimitatea gizarteratu eta bultzatzeko garaia da». Eta horixe egitera doaz. Ekainaren 8an Irungo Ficoba azokan nazio mailako dinamika bat aurkeztuko dutela iragarri dute jatorri politiko eta eremu askotako herritarrek. Hainbat pertsonak sustatutako plataforma izanik, bertan parte hartzeko deia egin diete euskal herritar guztiei.

«Egun, erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika zabal, bateratzaile, transbertsal eta plurala bultzatzeko baldintza ezin hobeak daude euskal gizartean», adierazi du Anjel Oiarbide idiazabaldarrak sustatzaileen izenean. Nazioen Munduko kidea da Oiarbide, eta bere eskualdean, Gipuzkoako Goierrin, garatu den egitasmo arrakastatsuaren bultzatzaile. Sentsibilitate askotako herritarren elkargunea topatu dute erabakitze eskubidearen aldarrian, eta hainbat egitasmo gauzatu dituzte: Igartzako Manifestua, Miramarreko Adierazpena eta Gazta Zati bat dokumentala.

Bizi izan duen esperientzia Euskal Herri osora zabaltzeko unea dela dio. «Hainbat sentsibilitateren artean erabakitzeko eskubidearen aldeko ahalegin kolektibo eta elkarlan ariketa hau gure eskualdean posible izan bada, zergatik ez da, ba, izango Euskal Herri osoan?», dio.

Sentsibilitate eta eremu askotako herritarrak bildu dira nahi berarekin. Arlo batean edo bestean ezagunak diren pertsonak horietako asko. Aurrera egitea erabaki dute, eta atzo eman zuten horren berri, Bilbon, kultura munduan, gizarte arloan zein politikan diharduten 40 bat lagunek. Iragarpenean, hurrengo urratsaren berri eman zuten: Gure Esku Dago plataforma aurkezteko ekitaldi handia egingo dute ekainaren 8an Ficoban, 11:00etatik aurrera.

«Euskal gizartearen protagonismo zuzenaz eta modu bateratuan, elkarlanean, erabakitzeko eskubidearen defentsarako beharrezkoa den gizarte sarea egituratzeko garaia heldu da», arrazoitu zuen erabakia Oiarbidek. «Desberdinen arteko konplizitatea» bilatu nahi dute hartarako sustatzaileek; «konfiantza berriak sortu». Ekintza «bateratu eta eraginkor» baten aldeko «jokaleku eroso eta egokia» sortu.

Edozein proiektu politiko

Euskal Herriko «biztanle guztiei» egin diete etorkizunaz erabakitzeko «aukera, beharra eta legitimitatea» gizarteratzeko eta bultzatzeko deia, eta ohartarazi dute etorkizunaz erabaki ahal izatea ez dela sentsibilitate politiko batekin edo bestearekin lotu behar; erabakitzeko eskubidea aldarrikapen «aurrepolitikoa» dela: «Edozein sentsibilitatek izan dezakeen proiektu politikoa modu aske eta demokratikoan aukeratu ahal izateko beharrezkoa den oinarria da».

Hortaz, hiru oinarriren gainean landuko dute aldarria herriz herri, eremuz eremu: Euskal Herria nazio bat dela, bere etorkizuna modu aske eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea duela, eta etorkizun hori euskal herritarrek soilik erabaki dezaketela.

Oinarri horien inguruan batzeko deia egin diete herritarrei. Modu «naturalean» indarrak batzeko. Izan ere, Kirmen Uribe idazlearen ustez, norberak izan nahi duena erabaki ahal izatea «gauza naturala» da beste edozer baino gehiago. Eta horrelaxe batu behar dira indarrak, normaltasunez, sentsibilitate guztietako herritarren artean. «Azken finean, herri bat gara; uste dut hori argi dagoela; horretan bat egiten dugula euskal biztanleen gehiengo handi handi batek; beraz, zelai zabal horretan jokatu behar dugu, erabakitzea naturala baita, oinarri demokratikoa».

Europan abiatu den trena

«Europa zaharrean» abian den «trenean» sartu beharraz aritu da Zelai Nikolas legelaria. «Erabakitzeko eskubidearen trenaz». Gogora ekarri du Eskoziak independentziari buruzko erreferenduma egingo duela datorren urtean, Kataluniak galdeketa egiteko asmoa duela eta bide juridikoak aztertzen ari dela. Korsikan, Groenlandian eta Flandrian ere erabakitzeko asmoa dutela. «Eta, Euskal Herria?», galdetu du. «Gure esku dago».

Erabakitzeko eskubidea aldarrikatu eta gauzatzeko bideak bilatzea herritar guztien esku dagoela adierazi du. Baina orain dela horretarako garaia. «Ezin dugu trena pasatzen utzi. Bagoien ateak zabalik daude». Erabakimenaren trenera igotzeko deia egin du, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.