'35/02 auzia'. Epaiketa

Akatsekin ere, zigorrak

Bederatzi auzipeturi karguak erretiratu dizkie fiskalak, eta eskaerak jaitsi dizkie gainerakoei, «luzamendu bidegabeagatik»Auzia «astakeria» izan dela salatu dute auzipetuek, kargu pertsonalik ez dagoelako

35/02 auzian auzipetuak, Espainiako Auzitegi Nazionaletik ateratzen, atzoko saioaren ondoren; gaur beste saio bat izango da. J. DANAE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Madril
2014ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Aldaketa formalak egin arren, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak eutsi egin dio 35/02 auziaren oinarriari: ez du zigorrik gabe utzi nahi HBren, EHren eta Batasunaren jarduna. Auzibideak aurrera egin ahala azalarazi dira prozedurazko akatsak, eta Vicente Gonzalez fiskalak berak aitortu ditu azkenengoak. Duela hamabi urte hasitako sumarioak auzipetuei «luzamendu bidegabea» eragin diela onartu du, eta, horregatik zigor eskaerak aldatu arren, eutsi egin dio oinarriari: «erakunde terroristako» kide edo laguntzaile dira auzipetuak.

Arnaldo Otegi, Jose Luis Elkoro, Joseba Garmendia eta Joseba Imanol Kortazar atera behar izan zituzten aurrena auzitik, egozten zitzaien delitu beragatik zigortuta zeudelako aurrez. Josu Iraeta eta Jose Antonio Egido errugabetzat jo zituzten ahozko epaiketa hasi ondoren, beren kasuak preskribatuta zeudelako. Atzo, beste bederatzi auzipeturi ere karguak kendu zizkien fiskalak, eta arindu egin zituen gainerakoen aurkako zigor eskaerak, auzia «bidegabeki» luzatu dela onartuta. Pixkanaka, beraz, defentsako abokatuen eskaerak ontzat jo behar izan dituzte akusazioek; euren kabuz izan ez denetan, epaimahaiaren erabakiz.

Fiskaltzak ez die ezer leporatzen orain Adolfo Araiz, Mikel Arregi, Carlos Rodriguez, Esther Agirre, Kepa Gordejuela, Pedro Felix Morales, Andres Larrea, Santiago Hernando eta Isabel Mandiolari. Azken bien kasuan, bat egin dute AVTk eta Dignidad y Justiciak ere, eta, ondorioz, absolbitu egin ditu epaimahaiak. Erabakia jakinarazi bezain laster altxatu ziren, eta ez dira gehiago akusatuen aulkian eseri beharko.

Joseba Permach, Rufi Etxeberria, Joseba Alvarez, Karmelo Landa eta Juan Cruz Aldasororen kasuan, fiskalak argudiatu zuen «garrantzitsua» izan dela «luzamendu bidegabea», eta lau urte eta sei hilabeteko zigorra jartzeko eskatu zuen haientzat. Gainerakoen kasuan, berriz, «oso garrantzitsua» izan da atzerapena, eta are gehiago murriztu dizkiete eskaerak: «erakunde terroristako kide» izatea egozten dietenei, bi urte eta sei hilabetera, eta «erakunde terroristari laguntzea» leporatzen dietenei, bi urte eta bi hilabetera.

Luzamendua baino gehiago izan da auziarena, ordea, Karmelo Landa auzipetuaren hitzetan. Auzitegi Nazionalaren kanpoaldean azaldu zuen «legez kanporatzearen helburu politikoari» erantzuteko abiatu zela auzia, eta gogora ekarri zuen legezkoak direla orain ezker abertzaleko antolakunde horiek. «Beste garai batean gaude, eta beste prozesu batean: bakea, askatasuna eta demokrazia lortzeko prozesuan».

HB, «erakunde terrorista»

Auzipetuen esanetan, auzia hasieratik izan da «astakeria», eta irtenbide bakarra dago: denak absolbitzea, abokatuek eskatu bezala. Oinarrira jota, fiskalak atzo emandako azalpenekin, badirudi aldatu egin duela zigorrak arrazoitzeko bidea. ETAko kide izatealeporatzen zien zati politikoko auzipetuei hasierako txostenean; edo, zehazkiago, HB, EH eta Batasuna kontrolatzea, «militantzia bikoitzaren» bidez. Hau da, ETAren aginduetara aritzea alderdi horietako mahai nazionalean, HASIren, KASen edo Ekinen izenean. Bestela, defentsak argudiatu izan duenez, mahai nazionaleko kide guztiak auzipetzea litzateke logikoena.

Atzo, ordea, epaitu beharrekoa HBko, EHko eta Batasuneko militantzia dela aipatu zuen: «HBkoak izatea egozten diegu, HBk jarraitu ziolako biolentzia terrorista osagarritzeko estrategiari». Fiskalak argudiatu zuen frogatua dagoela «ETAren fronte instituzionala» osatzen zutela alderdi horiek eta, beraz, nahikoa dela horietako kide izatea «erakunde terroristako kide» izateko. 18/98 auzia, eta Jarrai, Haika eta Segiren eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkakoak aipatu zituen segidan: «Orain HBren gainean erabaki behar da».

Horrela, auzipetuek hasieratik esan bezala, agerian utzi du fiskalak HB, EH eta Batasuna ari direla epaitzen: «jardun politikoa». Landak gogora ekarri zuenez, sumarioan ez baitago pertsonen aurkako kargu penalik: «Behin eta berriro aritu dira pertsona juridiko bat asmatzen eta ideia berriak ateratzen; HBko kide izatea da orain arazoa».

Lau elkarte, eskaerarik gabe

Gaur argitu beharko ditu Gonzalez Mota fiskalak zati politikoari buruzko ondorioak, eta auzi ekonomikoaren ingurukoak etorriko dira ondoren; hau da, laguntzaile izatea egozten dieten auzipetuei eta herriko tabernei dagozkienak. Behin betiko eskaeretan, lau elkarteri kendu zien kontuak bahitzeko eskaera: Lezoko Tiñeluri, Galdakaoko Unkinari, Aretxabaletako Urbaltzi eta Donostiako Zulo Zaharri. Eta hori ere, beste akats bategatik: «Zitazioa behar bezala egin ez delako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.