Europako hauteskundeak

Bruselan, kritikak aditzeko unea

Eskuin muturrak nabarmen egin du gora hainbat estatutan, baina ez Europako Parlamentuko agintea kolokan jartzerainoEuropako datuen arabera, bost bototik bat alderdi euroeszeptiko batentzat izan da

Samara Velte.
2014ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Ikusmin handia piztu dute alderdi eureszeptikoek Europako Parlamenturako hauteskunde kanpaina osoan: inkestek gorakada handia iragartzen zieten, eta hainbat hedabidek denbora zeramaten «lurrikararen» abisu ematen. Azkenean, dardara nabarmena izan da, baina ez Bruselaren zutabeei balantza eragiteko bezainbeste: zentroko bi blokeek—kristaudemokratek eta sozialdemokratek— eutsiko diote nagusitasunari. Europako Alderdi Popularrak 213 diputatu izango ditu, eta sozialdemokratek 190. Haien atzetik geratu dira liberalak (64 diputatu), berdeak (53) eta ezkerreko alderdiak (42). Bruselako agintearekin pozik ez daudenen ahotsa ozenagoa izango da datozen urteotan.

Izan ere, parlamentuko eserlekuen ia %20 Europako Batasunarekiko kritiko diren diputatuentzat izango dira; sakabanatuta eta euren artean adiskidetu ezinik, ez dira mehatxua izango koalizio nagusientzat, baina elementu berri esanguratsua izango dira Bruselako paisaia politikoan. Eta, agian garrantzitsuagoa dena: hainbat estatutan, datozen urteotako hauteskundeen sintoma izan daitezke.

Frantzian eta Erresuma Batuan, esaterako, sumatuko da lurrikara, igandeko emaitzak hurrengo hauteskunde orokorretan errepikatzen badira. Bietan, alderdi ultraeskuindar eta xenofoboek jaso dute boto gehien: Erresuma Batuan, UKIP Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdiak %28 bildu ditu, behin-behineko emaitzen arabera; eta Frantzian Marine Le Penen Fronte Nazionala izan da garaile nagusia, %6,3tik %25era igota. Danimarkan ere eskuineko populistek irabazi dituzte bozak, baina jada iragarri dute ez daukatela gainerako alderdi euroeszeptikoekin aliantza osatzeko asmorik; are gutxiago Fronte Nazionalarekin. Eta Austrian …VP kontserbadoreak irabazi ditu hauteskundeak, baina eskuin muturreko FP…k ere botoen %20 baino gehiago lortu ditu.

Gobernu nagusiak, behera

EBko burokraziarekin eta aginte guneekin lotzen dituzten herrialdeetako gobernuek, oro har, botoak galdu dituzte. Frantzian, François Hollanderen PS Alderdi Sozialista hirugarren postura jausi da, ultraeskuindarren eta kontserbadoreen atzetik; botoen %14 baino ez ditu jaso. Le Penen muturreko alderdia ez ezik, UMP kontserbadorea ere aurretik geratu zaio (%20,8).

Erresuma Batuan, UKIPek agintearen ohiko eskemak hautsi ditu: 1910etik, beti alderdi laborista edo kontserbadorea egon da boterean, eta aurten, lehenengoz, hirugarren indar batek hartu die aurre. Nigel Farage UKIPeko buruaren hitzetan, «historikoa» izan da emaitza: hemendik aurrera, beste alderdiek ere presio handiagoa sentituko dute jarrera euroeszeptikoagoa erakusteko—hain zuzen ere, joan den asteko udal hauteskundeetako emaitza kaskarren ostean, tory-ek immigrazioa mugatzeko hainbat neurri iragarri zituzten—.

Behin-behineko emaitzen arabera, Alderdi Laborista bigarren geratu da Erresuma Batuan, botoen %25,40 lortuta. Ed Miliband alderdiko presidentearen arabera, emaitza ona da: «Egoera honetan, datorren urteko hauteskunde orokorrak irabazteko moduan gaude».

Alemanian, Angela Merkelen CDU-CSU koalizio kristaudemokratak ohi baino emaitza kaskarragoak lortu ditu, baina boto gehien lortu duen alderdia izan da hala ere. Harekin koalizioan gobernatzen duten SPDko sozialdemokratek ere, inkestek ziotenaren aurka, gora egin dute. Galdu duena, aldiz, CDUren itzalpean aritutako FDP alderdi liberala izan da; hark jaso ohi zituen boto kontserbadoreenak AfD Alemaniarentzako Alternatiba euroeszeptikoak xurgatu ditu. Hura lehenbiziko aldiz sartuko da parlamentu nagusi batera, botoen %7 jasota; printzipioz, horrekin aski du hurrengo hauteskunde orokorretan Alemaniakoan sartzeko. Alemaniak gutxieneko muga ezartzen du Berlingo legebiltzarrean talde parlamentarioa osatzeko: %5. AfDk botoen %4,7 lortu zituen iazko hauteskunde orokorretan, eta beraz, handik kanpo egon da orain arte.

EBren zale izan ohi den Polonian ere parlamentura sartzea lortu du Eskuin Berriaren Kongresuak (%7,2, lau ordezkari), baina Donald Tusk lehen ministroaren alderdia izan da askogatik bozkatuena (%32,9).

Hungarian, gobernuko hauteskundeetako emaitzak errepikatu dituzte: agintean den Fidesz alderdi eskuindarrak gehiengo osoa lortu du (%51,5), eta Hungariak Bruselan dituen 21 diputatuetatik hamabi izango ditu. Haren muturreko bertsioa den Jobbik alderdi neonaziak botoen %14,7 lortu ditu.

Syrizaren garaipena

Europa hegoaldean, Bruselaren murrizketa aginduak zorrotzen bete behar izan dituzten estatuetan ere sistemaren aurkako protesta botoa izan da nagusi. Grezia da adibide esanguratsuena: gobernuko ND Demokrazia Berria alderdi kontserbadorea eta Pasok sozialdemokrata zigortuta, Syriza ezkerreko koalizioa izan da bozkatuena. Botoen %26,5 lortu ditu —2009an baino sei bider gehiago—: Alexis Tsiprasek hauteskunde orokorrak aurreratzeko eskatu dio Andonis Samaras lehen ministroari. Haren alderdiak botoen %22,7 jaso ditu, eta bigarren indar bozkatuena izan da: Samarasek baztertu egin du hauteskundeetara deitzea.

Egunsenti Urrekara alderdi neonazia geratu da hirugarren. Alderdiko zuzendaritzaren zati handi bat kartzelan dago, ustez ezkerreko rap kantari baten hilketan eta bestelako krimenetan nahastuta. Hala ere, 2012ko bozetan baino boto gehiago lortu ditu: %9,3.

Italian, Beppe Grilloren M5S Bost Izar Mugimenduak plaza finko samarra lortu du politikagintza konbentzionalean. Ez da, Grillok ozen iragarri bezala, boto gehien bildutako alderdia izan, baina ia: botoen %21 jaso ditu. Postu hori Matteo Renzi lehen ministroaren PD Alderdi Demokratikoak irabazi du, %40ekin; azken urteotako gorabehera politikoen ostean, PDk aspaldi lortutako emaitza sendoena da. Silvio Berlusconi lehen ministro ohiaren Forza Italia txiki geratu da mapan (%16,8); haren kide izan ohi den Lega Nordek %6,2 jaso ditu.

Portugalen, abstentzioa inoizko altuena izan da: botoa ematera deitutakoen %34k baino ez dute parte hartu. Haietatik ia heren batek oposizioko PS Alderdi Sozialistari eman diote botoa; hark Pedro Passos Coelho lehen ministroaren koalizioari irabazi dio. Nabarmenen hazi dena alderdi txiki bat izan da: MPT Lurraren Alderdia. 2009an 23.000 boto baino ez zituen bildu, eta aurten Europako Parlamentura sartzea lortu du.

Oro har, parte hartzea duela bost urte baino altuxeagoa izan da; lehenbiziko aldiz, ez du behera egin. Botoa emateko eskubidea zutenen erdia baino gehiago etxean geratu dira. Horregatik, ikusteko dago igandeko bozek zein oihartzun izango duten estatu eta eskualde mailako hauteskundeetan; haietan handiagoa izan ohi da parte hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.