'D3M eta Askatasuna auzia'. Epaiketa

Perituek ez dute froga zehatzik aurkeztu auzipetuen aurka

Adierazi dute hamahiru pertsona horien «adierazpen eta jarrerek» bat egiten dutela ETA eta Batasunaren estrategiarekinAkusazioen oinarrian dauden txostenen egileak peritu gisa aurkeztu ditu fiskalak

Agurtzane Solaberrieta eta Anparo Lasheras auzipetuak, ostegunean, Auzitegi Nazionalaren egoitzara sartzen. THOR CASTRO.
jokin sagarzazu
Madril
2012ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Hauteskundeei begira ETAk eta Batasunak eginiko hausnarketak jarraitzen zituztela eta, horregatik, erakunde horietako kide edo kolaboratzaile direla frogatu nahi izan du Vicente Gonzalez Mota fiskalak, hark proposatutako perituen laguntzarekin, D3M eta Askatasuna auziaren bigarren saioan. Erakunde horien estrategien eta auzipetuen adierazpen eta jokaeren artean dagoen «sintoniak» erakutsiko luke, fiskalaren aburuz, auzipetuak erakunde armatuko kide direla. Atzo eginiko deklarazioan, baina, perituek ez zuten auzipetuen eta ETAren arteko lotura zehatzik aurkeztu.

D3M eta Askatasuna legezkanporatzeko prozesuan Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzak erabili zituen txostenen egileak dira atzo deklaratu zuten perituak, guardia zibilak denak. Kalifikazio txostenean, auzipetuen defentsak salatu egin zuen ezin direla peritu gisa aurkeztu akusazioen oinarrian dauden txostenen egileak. Epaimahaiak, halere, onartu egin zituen fiskalak aurkeztutako lekuko eta peritu guztiak; defentsaren kasuan, aldiz, 64tik sei baino ez ditu onartu.

Lau ordu iraun zuen saioan, fiskalaren galderei erantzun zieten perituek. Auzitegi Goreneko Fiskaltzarentzat eginiko txostenak berretsi zituzten. Txosten horietan oinarrituta, Auzitegi Gorenak ebatzi zuen legez kanporatutako beste alderdi batzuen segida zirela D3M eta Askatasuna. Auzitegi Nazionalean egunotan egiten ari diren epaiketan, baina, ETAko kide izatea edo ETArekin kolaboratzea leporatzen diete hamahiru auzipetuei.

Peritu gisa deklaratu zutenguardia zibilen arabera, auzipetuen «adierazpen publikoek eta jokaerek» agerian utziko lukete ETAren esanetara aritu zirela. Froga generikoen bidez eman zuten aditzera hori, ez baitzuten zehaztu kasuan kasu auzipetu bakoitzak zer lotura duen erakunde horrekin. Hala, zenbait kasutan froga gisa erabili zuten agerraldi publikoetan parte hartzea, eta beste batzuetan legezko alderdien zerrendetan aurkeztea edota euskal presoekin hitz egitea egoera politikoari buruz. Herenegun eginiko auzi saioan, auzipetuek azpimarratu zuten lan publiko eta legezkoa egin dutela beti. Horrekin batera agerian utzi zuten haien auzipetzea arbitrarioa izan dela.

«ETAren kontrolpean»

Atzo parte hartu zuten perituek zehaztu zuten eurek egindako txostenak «une zehatz» batean egin zirela eta «helburu jakin bat»zutela; alegia, D3M eta Askatasuna legez kanporatze prozesuaren testuinguruan egin zirela, Auzitegi Goreneko Fiskaltzaren aginduz. Txosten horietatik abiatuta, peritu horiek ondorioztatu dute auzipetuek lotura dutela ETArekin. «Guretzat oinarrizko elementu bat da egiaztatzea alderdi horietako [D3M eta Askatasunako]hautagaiak aurretik beste alderdi batean hautagai gisa aurkeztu diren edo ez», nabarmendu zuten, eta hori auzipetu batzuen kasuan hala izan zela azaldu zuten.

Auzipetuak ETArekin lotzen ez dituen azalpen hori eman ondoren, txostenean esandakoa berrestera mugatu ziren perituak. Hala, adierazi zuten ETAk «zehazten» duela ezker abertzalearen hauteskunde estrategia eta Batasunak bere egiten dituela erakunde armatuaren hausnarketa horiek. «Horixe bera egin zuen 2009ko Eusko Legebiltzarrerako bozetan, D3M eta Askatasunaren bidez legeari iskin egiteko», nabarmendu zuten.

2008an ustezko ETAko kide batzuei atzemandako agiri batean eta Batasunaren 2008-2009ko lan ildo politikoa zehazten duen beste agiri batean oinarritu dira hori esateko. «ETArik gabeko ezker abertzalea neutralizatzeko» deia egin zuen ETAk agiri horretan, perituek diotenez. Eta, horregatik, hauteskundeetan parte hartzea «ezinbestekotzat» jotzen zuela. Halaber, 2009ko hauteskundeen ondoren kaleratutako agiri batean, ETAk D3Mren izenean emandako boto baliogabeak «bere egin zituela» nabarmendu dute peritu gisa aurkeztutako guardia zibilek.

Askatasunaren kasuan, berriz, 1998tik «lozorroan» egondako alderdia izan zela azaldu dute. Alderdia «HBrekin lotura» zuen herritar talde batek sortu zuela diote eta horregatik haren estatutuak antzekotasunak dituela geroago sortutako EH alderdiarekin.

Askatasunarekin lotuta, alderdi horren estatutuak idazti zituen Inmaculada Aizpuru abokatuak parte hartu zuen atzoko saioan, defentsak eskatuta. Aurreko egunean alderdiaren presidenteJose Antonio Munduatek esandakoa berretsi zuen. Azaldu zuen enkarguz idatzi zituela eta legezkoa zen alderdi baten estatuak «kopiatu» zituela, HBrenak. «Bezeroak legezko estatutu batzuk eskatu zizkidan, eta nik hala egin nuen. Jakin izan banu Munduate auzipetuen aulkian eseriko zela, ez nituzke kopiatuko», nabarmendu zuen Aizpuruk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.