Albistea entzun

'D3M eta Askatasuna auzia'. Absoluzio epaia

«Absoluzio epai hau Euskal Herrian irabazi dugu»

'D3M eta Askatasuna auziko' kideek eskatu dute haien kontrakoa izan dadila «azken epaiketa politikoa»

Lan politikoa egiten jarraituko dute, «Euskal Herri aske eta justua» lortzeko
<em>D3M eta Askatasuna auziko</em> auzipetuak, atzo, Donostian egin zuten agerraldian.
D3M eta Askatasuna auziko auzipetuak, atzo, Donostian egin zuten agerraldian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Koldo Aldabe -

2012ko ekainak 19

Lasaitasun eta poz aurpegiak zituztela agertu ziren atzo, jendaurrean, D3M eta Askatasuna auziko auzipetuak. Hiru urte eta erdi iraun duen haien aurkako auzi eta jazarpenak amaiera izan zuen eguna zen atzokoa. Absoluzio epaia jaso zuten, iragan maiatzean Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu ostetik itxaroten zuten epai bakarra, atzo adierazi zutenez Euskal Herrian epaiketa horren aurka eta eskubide zibil eta politikoen alde herritarrek eta eragileek egindako lan eta emandako babesari esker.

D3M eta Askatasuna auziko 11 auzipetu agertu ziren Donostian egindako prentsaurrekoan. Haiekin batera, ezker abertzaleko bozeramaile Maribi Ugarteburu. Eta mahaiaren gainean, panpina errusiar bat, iragan maiatzaren 5ean, epaiketa hasi eta bi egunera, auzia salatzeko Bilbon egin zen manifestazioan auzipetuei oparitu zien panpina bera, azkenaldian eskubide zibil eta politikoen aldeko sinbolo bilakatu dena.

«Epaiketan esan genuena errepikatu nahi dugu. Behin eta berriro azpimarratu genuen lan politikoa egitea eta eskubide zibil eta politikoak defendatzea, kasu honetan hauteskundeetako parte hartzea defenditzea, izan zela gure asmoa», adierazi zuen Arantza Urkaregik, auzipetuen izenean hitza hartuta.

Absoluzioa «berri pozgarria» dela azaldu zuen Urkaregik, baina auzipetuek argi daukate epai hori ez dutela Auzitegi Nazionalean irabazi: «Absoluzio epai hau Euskal Herrian irabazi dugu», esan zuen, «eskubide zibil eta politikoen alde egindako lanari eta emandako babesari esker».

D3M eta Askatasuneko auzipetuek eskerrak eman zizkieten herritarrei eta eragileei, eta bereziki Eleak mugimenduari, eskubide zibil eta politikoen alde —eta,bide batez, auzi horretako auzipetuen alde— egindako lanarengatik. «Argi dugu herritarren eta elkarteen mugimendurik gabe epaia bestelakoa ere izan zitekeela», azpimarratu zuen Urkaregik.

Hiru urte eta erdian pasatu izan dutena esaldi bakar batean laburbildu zuten: «Gure ideologia eta lan politikoarengatik atxilotu, espetxeratu eta epaitu gintuzten». Eta ideia bat nabarmendu nahi izan zuten: «Espero dugu gure kontrakoa izan dadila euskaldunen aurkako azken epaiketa politikoa».

Adierazi zuten aurrerantzean ere lan politikoa eginez jarraituko dutela, «Euskal Herri aske eta justua» lortzeko. «Pertsona guztien eskubideak eta Euskal Herriaren eskubideak» defendituko dituzte, Urkaregiren esanetan.

Sortu, Konstituzionalean

Aurreko bi lan saioetan bezala, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak aste honetako agendan edukiko du Sortu alderdiak aurkeztutako babes helegitea. Gaurtik osteguna bitartean du lan saioa Konstituzionalak, baina gaia agendan edukitzeak ez du esan nahi epaia emango dutela, ezta aztertzen hasiko direla ere.

Sortu, dena den, ez da ezker abertzalearekin lotuta Auzitegi Konstituzionalean aste honetan izango den berri bakarra. Izan ere, ostiralean amaituko da Bateragune auziaren epaiarengatik babes helegitea Konstituzionalean aurkezteko epea, eta defentsek iragarri zuten babes helegitea aurkeztuko zutela.

D3M eta Askatasuneko auzipetuek atzo egindako agerraldia.

www.berria.info

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Eba Blanco (erdian), azaroko biltzarrean, idazkari nagusi izendatua izan ondoren. ©JAVIER ZORRILLA / EFE

EAren primarioak errepikatzeko aginduaren aurkako helegiteak aztertuko dituzte

Xabier Martin

Espainiako Auzitegi Gorenak EAren eskaera tramitera onartu du, eta alderdiaren primarioak errepikatzea agindu zuen probintzia auzitegiaren epaia balekoa den ala ez erabakiko du.

Donostiako Renferen geltokia. ©GORKA RUBIO / FOKU

Beste geltoki bat aldiriko trenen transferentziaren lokarria askatzeko

Xabier Martin

Laster egingo dute Gasteizek eta Madrilek aldiriko trenen eskuduntza gerturatuko lukeen bilera

Senpereko herriko etxeko oposizioak ere dimititu egin du

Senpereko herriko etxeko oposizioak ere dimititu egin du

Arantxa Iraola

Urrian hautetsi hainbatek utzi zuten kargua, auzapezaren kudeaketa ereduarekin kritiko

Beatriz Artolazabal eta Ramiro Gonzalez, gaur, Gasteizen ©L. Rico / Efe

Gasteizerako proiektu «kontinuista eta berritzailea» gidatuko duela esan du Artolazabalek

Edurne Begiristain

EAJren Arabako Lurralde Batzarrak Arabako hiru barrutietarako hautagaiak berretsi ditu gaur. EH Bilduk oniritzia eman die Arabako zortzi udalerrietako zerrendaburuei, eta Ahal Dugu-k hiriburuetako hautagaiak aurkeztu ditu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...