Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Mahai ingurua

Hitzarmenak eta lankidetza galdegin ditu euskalgintzak

Jaurlaritzak denbora galdu duela uste dute Kontseiluko, Topaguneko eta AEK-ko kideek, eta diskurtso okerra garatu duela Erronka eremu gehiago euskalduntzea eta ezagutza hedatzea dela nabarmendu dute

Paul Bilbao, Mikel Irizar, Iñaki Petxarroman kazetaria eta Mertxe Mujika, atzo, BERRIAren Andoaingo erredakzioan. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
mikel p ansa
Andoain
2012ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Euskarak hauteskunde kanpainan ez du «behar duen» garrantzia hartu. Hori da euskalgintzak sumatzen duena. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak itxura hartzen dio, beraz, Eusko Jaurlaritza berriak ez diola «pisurik» emango euskarari: «Euskalgintzak eragin beharko du». BERRIAk mahai ingurua egin zuen atzo, Andoainen (Gipuzkoa), hizkuntza politikei buruz, eta horrela hitz egin zuten Paul Bilbaok, Mikel Irizar Topaguneko presidenteak eta Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusiak. Jaurlaritza berria osatuko dutenei, nolanahi ere, mezu argi bat bidali diete euskalgintzako ordezkariek: diru laguntzak emateko sistema batetik hitzarmenak egin eta bermatzeko sistema batera jo behar du; gainera, euskalgintzako eragileen eta administrazio publikoaren artean lankidetza beharrezko dela nabarmendu dute. Eta prest agertu dira elkarlan horretarako.

Beste eskakizun argi bat ere badute: erakunde publikoek diskurtsoa aldatu behar dute, euskararen «prestigioa» handitzeko eta, era horretan, euskararen normalizazioari beste bultzada bat emateko. Mugikaren arabera, PSE-EEren Jaurlaritzak «akats larriak» egin ditu alde horretatik, hasieratik; Euskara askatasunean agiria jarri du adibide. Uste du diskurtso horrekin iradoki duela euskaraz ez jakitea eskubide bat dela: «Euskaraz ez jakiteak ezin du eskubide izan, eta Euskaraz askatasunean horrekin ematen du ez jakiteko eskubidea bultzatu dela».

Diskurtsoa aldatu behar horretan ados dira euskalgintzako ordezkariak, diskurtsoek, azkenean, ondorioak dituztelakoan. «Eroso bizi dira euskara ikasi eta erabili nahi ez dutenak», Mugikaren esanetan, lehen «irabazitako» hainbat gune eta eztabaida galdu direla uste baitu. Rafael Bengoa Osasun sailburuaren esanak gogorazi ditu —besteak beste, esan zuen Osakidetza bizkorregi ari zela euskalduntzen—: «Konturatzen da zer min egiten ari zaion euskararen normalizazioari?».

Aldiz, lan eskaintza publikoetan euskarari buruzko baldintza batzuk eskatzea, agerraldi publikoetan euskara lehenestea eta halako erabakiekin urrats gehiago egin daitezkeela uste dute euskalgintzako kideek. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta zenbait udalek hartu dituzte halako erabakiak; eragin errealak dituztela nabarmendu du Paul Bilbaok: enpresetan euskara planak egitea sustatu du, adibidez. Krisi garaian egonagatik, «batere kosturik ez duten neurri batzuk» har ditzakete administrazioek, eragina dutenak, Bilbaoren esanetan: «Badaude moduak urrats eraginkorrak egiteko, baina, horretarako, borondatea behar da».

«Bezeroei arreta eman behar dien enpresa batek ez dio kalitate oneko arreta emango, ez badio haren hizkuntzan ematen», esan du Irizarrek, eta Kutxaren adibidea ekarri du gogora. Aurrezki kutxa zenean, langile zaharrenak ordezkatu zituen eta, lanera sartzeko, gazteei euskaraz jakitea jarri zien baldintzen artean. Era horretan, «mezu indartsu bat» eman zutela uste du: «Gipuzkoan esparru batzuetan lan egin nahi baduzu, jakin behar duzu euskaraz». Horretan ere bat datoz euskalgintzako kideak; izan ere, borondatea ez da aski herritarrek euskara ikas edo erabil dezaten. «[Kutxako kasuak] Erakusten du borondatea sustatu egin behar dela».

«Atzerapausoak», bistan

Azken legealdian «atzerapausoak» gertatu direla ados dira Mugika, Irizar eta Bilbao. Bi adibide eman ditu AEK-ko koordinatzaile nagusiak: euskara ikasten ari direnentzako laguntzak kentzeaeta kontsumitzaileei arreta euskaraz emateko EAJk 2008an sustatu zuen dekretuaren bilakaera.

«Ez da eman aurrerapausorik euskaraz bizitzeko nahia laguntzeko. Hiru urte eta erdi hauetan denbora galdu da», esan du Bilbaok. Beste adibide bat eman du: hezkuntza ereduena. Hiru eleko eredu berri bat abiatu du Jaurlaritzak. Esperimentuak eta probak «aspaldian» egin direla, ikerketak ere bai, eta hezkuntza arloan «eskarmentu handia» dagoela uste du Kontseiluko idazkariak. Ikasleak euskalduntzen dituen eredu bakarra zein den ere argi dagoela erantsi du.

Jaurlaritzaren eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren artean bereizketa egin dute euskalgintzako ordezkariek, hala ere. Lurdes Auzmendi sailburuordearen lanari buruz balorazio ona egin dute. «Ateak irekita» eduki dituela, harreman «erraz eta sarria» izan duela euskalgintzarekin, ahalegina egin duela... aitortu dio Irizarrek, nahiz eta PSE-EEk «txikira» jokatu duen irudipena ere baduen.

Edozein modutan, zalantzak dituzte Auzmendiren taldeak eta sailburuordetzak zenbateko eragina izan duten gobernuaren politiketan; «zenbateraino gai ote ziren nahi luketena egiteko», azaldu du Irizarrek. Auzmendi «elkarlanerako eta hitz egiteko prest» izan dutela aitortu du Mugikak ere. Baina hurrengo Hizkuntza Politikako arduradunari ere mezu bat utzi dio: HABEn eta halako erakundeetan sektorea ezagutzen duten pertsonak jartzeko.

Agintari berrientzako oharrak

Erronkak ere jarri ditzute mahaigainean. Bilbaok jarri du hurrengo urteetarako politikaren oinarria: «Argi dago non eragin behar den: ezagutzaren unibertsalizazioan eta espazio sozialak euskalduntzen». Ados daude; beharrezkotzat jotzen dute herritar gehiagok euskaraz jakitea, eta herritar horiek euskara erabiltzeko leku eta aukera gehiago edukitzea. Ezagutza hedatzeko, euskara ikasteak doan izan behar lukeela erantsi du Mugikak. Diru laguntzen sistema ere aldatu beharrekotzat jo du: «Laguntzek ezin dute egon garaiaren eta egoera politikoen mende».

Euskararen Legeari buruzko hausnarketa egitea ere egokitzat jotzen dute euskalgintzako kideek, baina ez zaie ezinbesteko iruditzen erabat berritzea. Legeak xedatzen duena betetzea da kontua, Mugikaren ustez. Irizarrek, berriz, plangintzak eskatu ditu: nora iritsi nahi den eta horretarako zer tresna erabiliko diren adostea eragile guztien artean. Eta horretarako, elkarrekin ekitearen balioa aldarrikatu dute. Era horretan «urrats kualitatiboak» egiteko modua badagoela uste du Bilbaok. Jaurlaritza berria «adostasunetara heltzeko gai izatea» espero du, Mugikak. Euskalgintza prest dagoela azaldu du. Irizarrek ere espero du «borondatea» izango duela gobernu berriak. «Etor daitezela lankidetza konpromisoekin, eta hitz egingo dugu, eta adostuko ditugu estrategiak».

Mahai inguruaikusi nahiizanez gero, bisitatu webgune hau:

www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.