«Iraultza demokratikoan» sakontzeko, indar metaketa lehenetsiko du Sortuk

Alderdiaren oinarri ideologikoei eta antolakuntzari buruzko txostena aurkeztu dute

Talde sustatzaileko kideak, alderdia erregistratu zuten egunean. A. C. / ARP.
jokin sagarzazu
Donostia
2012ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Ezker abertzalearen Zutik Euskal Herria ebazpenaren adierazpen politikoa da Sortu. Hala dio alderdiaren eratze prozesuan aritu den lantaldeak eztabaidarako aurkeztu duen txostenean. Azken hilabeteotan herri eta auzoetan abian jarritako lantaldeetan jasotako ekarpenen emaitza da txostena. Atzo aurkeztu zuten ezker abertzaleko Joseba Alvarezek, Pernando Barrenak eta Maribi Ugarteburuk. Alderdiaren oinarri ideologikoak eta antolakuntza eredua biltzen dira txosten horretan; aurki, beste bat aurkeztuko dute alderdiaren ildo politikoarekin.

Azaroaren 17an eta 24an egingo dituzte lehen herri eta auzo bilerak, txostenean jasotako oinarri ideologikoei buruz eztabaidatzeko. Hurrengoa, abenduan egingo dute, ildo politikoan sakontzeko. Urtarrilean izango da antolaketari buruzkoa, eta otsailaren 23an egingo dute alderdiaren lehenengo Batzar Nazionala.

Praktika politikoa

«Elkarlana, estrategia osoaren arrakastaren giltza»

Txostenean jasotzen denez, abian den «prozesu demokratikoan» sakontzea izango da Sorturen xedea, «egoera demokratikoa» lortzeko, Euskal Herriaren nazio izaera eta erabakitzeko eskubidea onartuko duen esparru politikoa adosteko eta alderdiaren helburuak —independentzia eta sozialismoa— gauzatzeko.

Helburu horietara iristeko bitartekoak izango dira Zutik Euskal Herria ebazpenean finkatutakoak. «Soilik bitarteko politikoak erabiltzeko erabakia eta aldebakartasuna». Bi lan tresna horiekin batera, indar metaketaren bidean sakondu nahi du Sortuk. «Elkarlanak lehentasun osoa du, estrategia osoaren arrakastarako gakoa baita». Luzera begira, testuak dio elkarlan eremua zabaldu behar dela. Edonola ere, beste erakundeekiko eta eragileekiko errespetu osoa gordeko duela dio, «norberaren autonomia eta erabakitzeko gaitasuna errespetatuta». Elkarlan hori akordio estrategiko zein aliantza taktikoen bidez gauzatu nahi du. Sorturen talde eragilearen arabera, erabakitzeko eskubidea izango da prozesu demokratikoaren «muina», baina eskubide hori egunez egun egin behar den prozesu gisa ulertu behar dela dio, nazio eraikuntzaren eta eraldaketa sozialaren mesedean.

Hori hala, «Iraultza Demokratiko Nazionalerako fasean» sakondu behar dela dio txostenak, eta erabakitzeko eskubideak fase horren «oinarri demokratikoa» izan behar duela. Erabakitzeko eskubidea aitortu eta hori lortu bitarterako, baina, «fase ezberdinak eta tarteko helmugak» bereizten ditu, besteak beste, oraindik subjektu politikoa osatu behar delako. Hala, prozesu horretan ere «erdibideko helmugak» zehazten ditu Sortuk. «Esate baterako, lau herrialdeko Autonomi Estatutu bat Hego Euskal Herrian —Nafarroako berezitasuna aitortu beharko duen eta lurraldeen arteko harremana zehaztuko duen barne araudia ere jaso beharko du— eta Ipar Euskal Herriaren instituzionalizazioa».

Gatazkaren ondorioen konponbideari begira ere, akordioak sustatzeari emango dio lehentasuna Sortuk, «orain arte etsai edo arerio» izan direnekin ere elkarlanerako eremuak zabalduta. Txostenean nabarmentzen denez, ETAk bere jardun armatua behin betiko amaitutzat jo badu ere, Espainiak eta Frantziak bere horretan eusten diote «errepresio makineriari». Sortuk horri aurre egiteko ardura bere gain hartu nahi du, «eta baita gaur egun muturreko egoera pairatzen duten euskal preso politikoen eta euskal iheslarien eskubideen aldekoa ere».

Aldi berean, Sortuk borondatea agertu du gatazkak eragindako biktima guztiak aitortzeko, egia osoa ezagutarazteko eta, etorkizunean bizikidetza egokia lortzearren, zauriak ixteko dinamiketan konpromisoa hartzeko.

Oinarri ideologikoak

«Ezker abertzale osoaren erreferente politikoa»

Oinarri ideologikoei dagokienez, Sortuk bere egin ditu ezker abertzalearen «helburu estrategiko historikoak»: «Euskal Herri independente, sozialista, feminista eta euskalduna lortzea, internazionalismoaren, ekologismoaren eta aniztasunaren balioetan ere oinarritua». Ezaugarri horiei buruzko azalpenak jasotzen dira txostenean. Besteak beste, Sorturen xedeak abertzale eta ezkertiar guztiak biltzea izan behar duela dio, eta, beraz, ezkerra eta sozialismoa ulertzeko «modu guztiek» izan behar dutela lekua bertan. «Proiektu politiko malgua izan behar da gurea, biltzeko joera izango duena, ez jendea alboratzekoa».

Talde eragileko kideek azaldu dutenez, Sortu ez da ezker abertzalearen birfundazio bat. «Espazio historiko» hori berrantolatzea izango da alderdiaren xedea, «eta ezker abertzale osoaren erreferente politiko bilakatzea».

Euskal Herri osoko eta osorako antolakundea izan nahi du, beraz, eta, horretarako, Ipar zein Hego Euskal Herrian antolatuko du bere burua. Iparraldearen inguruan, baina, «bere bidea» egin behar duela dio. Hegoaldean bezala, «Zutik Euskal Herria-ra bidea egin duten lagunentzat» izango da Sortu.

Jardun eremuei dagokienez, hiru izango dira: masa borroka, konfrontazio ideologikoa eta lan instituzionala. Hiru eremu horiek beren isla izango dute alderdiaren erabakiguneetan. Horretan, halaber, leku garrantzitsua izango du desobedientzia zibilak, «demokrazian sakontzeko bide gisa» ulertuta.

Antolakuntza eredua

«Barne demokrazia, euskara eta parekidetasuna»

Antolakuntzaren arloan, berriz, barne demokrazia, euskara eta parekidetasuna izango dira alderdiaren ezaugarriak. Barrura begira, bere egitura eta atal nagusi guztiek euskara hutsez funtzionatuko dute, eta partaide guztiak euskaldunak izango dira.

Hiru erabaki gune izango ditu alderdiak: herri edo hiri mailako antolakundea, herrialde mailakoa eta nazio mailakoa. «Behetik gora» aukeratuko dira Sorturen arduradunak, baita hauteskundeetarako hautagaiak ere—Sortuk, halere, ez du bere izenean ordezkaritza instituzionalik izango, indar metaketaren araberako koalizioaren parte izango baita—.

Herri batzarretan parte hartzen ari diren herritarrek proposatu ahal izango dituzte eurek nahi dituzten izenak, eta boto gehien jasotzen duten pertsonek beteko dituzte kargu horiek —alderdiaren kargu guztien %80—. Gainontzekoak, herri, herrialde eta nazio mailako taldeetan proposatutako zerrendetatik berretsi beharko dira. Izenak proposatu eta horiek kontrastatu ostean, batzarretako kideek berretsi beharko dituzte hautagaitza horiek.

Sortun hiru kide mota egongo dira: oinarri sozialeko kidea, Sortukidea edo afiliatua eta militantea —militantea da Sortuko egituran zein herri erakundeetan iraunkorki lanean diharduena eta antolakuntzaren barne bizimoduan parte hartze aktiboa duena—. Hirurek dute herri eta auzo batzarretan parte hartzeko eta erabakitzeko eskubidea.

Abenduan bukatuko da hautagaiak proposatzeko epea, eta hortik aurrera hautagaitzak berresteko epea hasiko da; otsailaren 9an bozkatuko dira.

Txostena osorik irakurri nahi izanez gero: www.sortu.net
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.