Zarautz, Lekeitio, Munitibar, Tolosa eta Lesaka Ueman sartuko dira

Larunbatean batzar nagusia egingo dute udalerri euskaldunek, eta etorkizuneko ildoak azalduko dituzte

Lekeitioko alkate Maitane Larrauri, Tolosako alkate Ibai Iriarte, Uemako lehendakari Maren Belastegi, Uemako zuzendaritzako kide Iñaki Agirrezabala eta Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendi, atzo. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Zarautz
2013ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Bost herri berri onartuko ditu Uema Udalerri Euskaldunen Komunitateak datorren larunbatean: Gipuzkoako Zarautz eta Tolosa, Bizkaiko Lekeitio eta Munitibar, eta Nafarroako Lesaka. Bost udal horiek onartuta,Uema hemendik aurrera 69 udalek osatuko dute; 216.000 biztanle inguru bizi dira Euskal Herriko herri horietan. «Badira, gainera, oraindik behin betiko erabakia hartu ez arren, Ueman sartzeko ate-joka ari zaizkigun beste berri batzuk ere», azaldu zuen atzo Zarautzen Maren Belastegi Uemako lehendakariak.

Larunbatean Orioko kultur etxean batzar nagusia egingo du mankomunitateak, eta batzar berezia izango dela iragarri du Belastegik: «Lanen memoriaz eta datorkigun urte berrirako egitasmoaz gain, azken hilabeteetan lantzen aritu garen hausnarketa prozesuari amaiera emango diogu. Norabide berri bati ekingo diogu». 2011. urtean hasi zuten prozesua, eta barruko zein kanpoko eragileek parte hartu dute hausnarketa horretan. Orion bertan, larunbatean, 12:00etan egingo duten ekitaldian azalduko dituzte norabide berriaren nondik norakoak.

Larunbaterako gonbita egin du Uemako lehendakariak: «Ekitaldi horretara gonbidatu ditugu Uemaren proiektua egia bihurtu dadin bidelagun izan ditugun eta izan nahi ditugun eragile politiko, instituzional eta gizarte eragileak. Eta bereziki, euskalgintzako kideak».

«Kimu berriak ernetzen»

Ueman sartzea erabaki duten bost udaletako ordezkariei «esker ona» adierazi die Belastegik: «Guztion helburua denok elkartuta errazago lortuko dugulakoan, urrats garrantzitsua daUemarentzat halako udalak gugana biltzea».

Mankomunitateko lehendakariaren arabera, Uemaren helburu nagusietako bat «urratsez urrats» lortzen ari dira: «Lurgunea zabaltzea». Hasieran Uema osatzen zuten herriak batez ere herri txikiak baziren ere, herri handiak sartu dira orain. Zarautz eta Tolosa, esate baterako. «Hori oso aberasgarria da guretzat. Txiki zein handi, euskaraz bizitzeak eta bizitzen jarraitu nahi izateak batzen gaitu; eta Uemak horretan duen esperientzia eta aitzindaritza urratsak egiten jarraitzeko baliatuko dugu».

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen aro berriari «ilusioz eta indarrez gainezka» ekingo diotela nabarmendu du Belastegik: «Kimu berriak ernetzen ari dira euskararentzat, eta gure ardura da kimu horiei hazten laguntzea, indartsu lora daitezen eta euskararen kolorez bazterrak jantz ditzaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.